AFGANISTAN. PARLAMENTURAKO HAUTESKUNDEAK. Karzairen neurriko iruzurra

Legebiltzarrerako bozak egingo dituzte gaur Afganistanen, talibanak agintetik egotzi zituztenetik bigarrengo aldiz

2010eko irailaren 18a
00:00
Entzun
Nabarmenegi ez gelditzeko, itxurak egingo dituzte. Baina ez dira demokratikoak izango. «Hauteskunde gardenak egiteko ahalegin franko egin dira, baina herrialde osoan aurkitu ditugu iruzur zantzuak. Etsigarria da», ohartarazi du oposizioak. Afganistango Hauteskunde Batzordeak lanak izan ditu boto-emaileen erregistroa osatzen. Eta, hala ere, izango da birritan botoa emango duenik. Ez da zerrenda fidagarririk; ezta bozkalekurik ere dozenaka lekutan. Eta iruzurra gertatuko da, ezinbestean. Ez iazkoaren adinakoa, baina bai Hamid Karzairi agintaldia samurtzerainokoa. Izan ere, Karzaik ikasi du diskrezioaz azkenengotik, haren alde ehunka mila gezurrezko botopaper atzeman zituztenetik. Gaur, Legebiltzarrerako bozak egingo dituzte Afganistanen, talibanak agintetik egotzi zituztenetik bigarrengo aldiz. Parlamentuaren osaera baino gehiago, baina, presidentearen agintaldia eta nazioarteko misioaren izen ona daude jokoan.

Hainbat hautagaitza lehiatik kanpo utzi ondoren, Hauteskunde Batzordeak 2.556 hautagairi utzi die bozetan parte hartzen; haien artetik, erdiek lehenengo aldiz egingo dute. Independenteak dira hautagai denak. Eta aukeratzen dituztenek ere ez dute ideologia politikoagatik egiten: etniak edo tribuak baldintzatzen du boto-emaileen hautua. Askotan, baita beldurrak ere, ekintzaile talibanek bozetan parte hartzen duen edonoren aurka egingo dutela ohartarazi baitute. Aurrekoetan bezala, boikoterako deia egin dute horiek.

Bortitza izan da hauteskunde kanpaina; indarkeriagatik, hainbat probintziatan kanpainarik ere ezin izan dute egin: guztira, hiru hautagai eta zazpi langile hil dituzte; zaurituak dozenaka izan dira. Atzo, hauteskunde egun bezperan, hemeretzi lagun bahitu zituzten, hauteskundeekin zerikusia zutelako. Iturri ofizialek zehaztu dutenez, bahitutakoak Hauteskunde Batzordeko zortzi kide eta hautagai baten aldeko hamar militante dira. Haiez gain, Haiatula Haiat Furkani Pashai hautagaia ere bahitu zuten talibanek.

Talibanen erasoen beldur, segurtasun indar guztiak mobilizatu dituzte gobernuak eta nazioarteak. Zahir Azimi Afganistango Defentsa ministroaren arabera, 140.000 soldaduk, ehun mila poliziak eta hainbat mila espioik izango dute segurtasuna bermatzeko ardura. Horiez gain, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak 140.000 soldadu zabalduko ditu herrialdean. Egun batez gerran ez daudela erakusteko mila ahalegin eginagatik ere, baina, zail izango dute herrialde osoa bare mantentzen. Inbasioa hasi zutenetik urterik tragikoena izan da, eta hauteskundeetakoa egunik beltzenen artean ez agertzea izango da helburua. Bozen behin betiko emaitzak urriaren 31rako espero dituzte.

Susmagarriak

Afganistango Hauteskunde Batzordeak zabaldu du mezurik baikorrena azken egunetan: «Iruzurrak aukera gutxi izango ditu Parlamenturako bozetan». Fazil Ahmad Mahnaui batzordeko buruzagiak azaldu duenez, indarkeria gehien dagoen eskualdeetan bozkalekuak itxi dituztelako egingo diote aurre iruzurrari-6.835 bozkalekutatik 938 ez zabaltzea erabaki dute-. Haatik, oposizioak uste du hainbeste bozkaleku ixteko erabakiak iruzurra saihestu baino gehiago gertatzeko arriskua handituko duela.

Eta Parlamenturako bozetan zuzenean parte hartuko ez duen arren, susmagarrien artean da Karzai. Izan ere, presidente karguan denetik buruhausteak besterik ez dizkio eragin Legebiltzarrak. Hori dela eta, erraz konbentzitu ahal dituen diputatuak nahi ditu Karzaik, bere erabakiei galgarik jarriko ez dietenak. «Eragin handiko pertsonek balantza haren alde okertzeko ahalegina egingo dute, horretarako hauteskunde agintariak erosi behar badituzte ere», ohartarazi du Gulam Farookek, Afganistango Giza Eskubideen erakundeko kideak.

Ezin eramana

Presidentearen eta diputatuen arteko ezin eramana nabarmena izan da azken urtebetean. Izan ere, iazko hauteskundeetan hain iruzur handia egin zuen, afganiar askoren sostengua galdu zuen Karzaik. Horregatik, diputatuek ere gogor zigortu dute; gobernuaren eraketa galarazteraino boikotatu dute haren jarduna. Gobernu kide guztiak izendatzeko hainbat ahalegin egin ditu presidenteak karguan denetik. Legebiltzarrean, baina, berak proposatutakoetatik gehienak atzera bota dizkiote. «Azken urtean legegileek gogor desafiatu dute presidentea. Hori dela eta, oraingoan esaneko legebiltzarra izateko eskura duen guztia egingo du», uste du Daud Sultanzoik, Gazni probintziako diputatuak.



Gerra jauntxoak lehiatuko dira berriro hauteskundeetan

Gerra krimenak egitea egotzi badiote ere, Abdul Rasul Saiaf Parlamenturako hauteskundeetan lehiatuko da gaur. Ez da bakarra; 2005eko bozetan aurkeztu ziren gerrako jauntxoak aurten ere aurkeztuko baitira. Bozak berak finantzatuko baditu ere, nazioarteak ez du beste aldera begiratu besterik egin.



1.271

Hildako zibilak. Nazio Batuen Erakundeak eman dituen datuen arabera, aurtengo lehen sei hilabetekoan 1.271 zibil hil dituzte Afganistanen, borroketan. Iazko urteko datuekin alderatuz, kopurua %21 handitu da. Aurtengoa gerrako urterik bortitzena izaten ari da.







Amaierarik gabeko gerra baten historia

2001eko urriaren 7a. Afganistanen lehen bonbak jaurti zituzten Ameriketako Estatu Batuek eta Erresuma Batuak. Talibanek ez zioten entregatu Washingtoni Osama Bin Laden Al Kaedako ustezko buruzagia. Horren aitzakian hasi zuten gerra.

2001eko abenduaren 5a. Nazioarteko tropek Kabul hartu zuten, eta talibanak agintetik egotzi zituzten. Hamid Karzai behin-behineko gobernuburu izendatu zuten.

2004ko urriaren 9a. Presidentetzarako hauteskundeak irabazi zituen Karzaik.

2005eko irailaren 18a. Parlamenturako bozak egin zituzten, 30 urtean lehen aldiz.

2009ko abuztuaren 20a. Presidentetzarako hauteskundeak egin zituzten. Hamid Karzairi iruzurra egitea leporatu zioten, haren aldeko ehunka mila gezurrezko boto-paper aurkitu zituztelako. Hala ere, bigarren itzulia egin beharrik izan gabe ere Karzai presidente kargurako izendatu zuten berriro.

2010eko irailaren 18a. Parlamenturako bozak egin zituzten, talibanak agintetik egotzi zituztenetik bigarren aldiz. Talibanek boikoterako deia egin zuten, eta Karzairi beste behin hauteskunde iruzurra prestatzea egotzi zioten. Bederatzi urte ondoren, Afganistango gerra okerrenean zegoen.





Bozetara aurkeztuko diren hautagaietatik %16 emakumeak dira. Horientzat kanpaina egitea bereziki zaila izan da azken asteetan;batek baino gehiagok amore eman du.

Sisifo Afganistanen

I. Zubiaurre.

Aldapan gora harri bera behin eta berriro igotzera kondenatu zuten Sisifo. Alferrik, zorigaiztoko patu bera bizitzera. Infernura. Eta mitologiak harrapatu ez balu, oraindik ere harri berari tiraka legoke, munduan diren infernuetatik alferrenetakoetan: Afganistanen. Emakumea litzateke; pobrea, gaztea eta hezkuntzarik gabea; burkaren azpian, aurpegirik ere ageriko ez lukeena. Beti harri berari tiraka.

Parlamenturako hauteskundeetan lehiatuko diren hautagaietatik %16 emakumeak dira. Haiek denak bozen egunera bizirik iritsiko diren ere jakin gabe murgildu dira politikan. Aurpegi eta guzti ageri dira hiriburuan zabaldutako karteletan; alabaina, burkaren azpian baino ez dira sumatzen herrialdeko zonalderik gehienetan. Hilko dituzten beldur egin dituzte azken asteak. «Aurreko hauteskundeetan etxerik etxe joaten ginen kanpaina egiten. Orain, ordea, ez dugu etxetik irteterik izan», azaldu du Zumartik, Paktia probintziako eserlekua lortzekotan den hautagaiak. «Irrati bidez aritu behar izan dugu; ez digute utzi gure aldeko kartelak zabaltzen ere».

Kartelak hormetan itsastea lortu dutenek ere ez dute amaiera onik izan: aurpegiak erauzi dizkiete, begiak kendu, eta ezker eskuin puta hitzarekin estali. «Hil egingo nautela esateko deitzen didate, heriotza mehatxuak jasotzen ditut nire posta elektronikoan», adierazi du Nema Suratgarrek, Kabulen lehiatuko den hautagaiak.

Herrialdean ezer gutxi aldatu da emakumeentzat; haatik, Kabulen beste inon baino nabariagoa da talibanak dagoenekoez direla agintean. Emakumeak eskolara joaten dira han. Emakumezkoentzako eskola ez-klandestino bakarrenetakoak baitaudeKabulen.

Errealitatea gordinagoa ageri da gainontzeko hiri eta eskualdeetan: emakumeen %60 haurrak direla ezkontzen dituzte, eta gehienak eskolaratu gabeak dira. Halaber, eurek sufritzen dute gehien pobrezia, aita-semeak gerran dauden bitartean, esku hutsik, familiaren beharrei aurre egin ezinda gelditzen direnek; baita Parlamentuan eserleku gutxien eskuratzen dutenek ere-249 eserlekutatik 68 haiek bete behar dituzte legez-.

Amore eman dutenak

«Hauteskundeetara aurkezten banaiz ez da emakumeek euren tokia hartzea nahi dudalako bakarrik. Horrez gain, ardura handiko karguak formaziodun jendeak eskuratu ditzan nahi dut». Shukria Serat Uali Zadak, eta hark bezala beste ehunka hautagaik berdin, Afganistango sektore kontserbadoreenen jazarpena sufritu du; horregatik ez dio kanpaina egiteari utzi, ordea.

Beste hainbatek, baina, amore eman dute: Malai Joiak, kasu. Gaur egun ezkutuan bizi da, eta azkenean bozetara ez aurkeztea erabaki du. «Gehiegitan mehatxatu naute. Bost alditan ahalegindu dira ni hiltzen, eta oraindik ere mehatxuak jasotzen ditut», adierazi du Joiak. «Isilarazi egin nahi naute, eta paretik kendu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.