Orain, jende guztia Turkiaren ekialdera begira dago, errefuxiatu afganiarren beste olatu bat heldu liteke-eta, talibanek herrialdearen kontrola hartu duten honetan. Recep Tayyip Erdogan presidenteak ohartarazi du Turkia ez dela bihurtuko errefuxiatuen «biltegi», eta berriro ere eskatu du berrikusteko 2016an Europako Batasunarekin gai horren inguruan sinatu zuen akordioa.
Migratzaileen kontrako etsaitasuna gero eta handiagoa dela ikusita, Turkiako autoritateek etengabe errepikatzen dute hormigoizko horma bat eraiki nahi dutela Turkiaren eta Iranen arteko mugan; bideozaintza sistema bat izango luke, modu irregularrean sartzen direnen kopurua gutxitzeko. Ankara dagoeneko hasia da hormigoizko murrua eraikitzen, eta azken hilabeteetan azkartu egin ditu lanak.
«Muga pasatzen dutenen kopurua handitua da dagoeneko, eta egunean 1.000 pertsona inguru iristen dira, baina, dena den, muga horretan gertatzen ari dena ez da berria. Afganiarren migrazio bide da duela 40 urte baino gehiagotik», argitu du Karolina Augustovak. Sabanci Unibertsitateko soziologoak ohartarazi du afganiarrak ataka zailean daudela: haien aukera bakarra Turkian asiloa eskatzea da, gero beste herrialde batera bidal ditzaten. «Afganiarrek ia ez dute aukerarik Turkian asiloa lortzeko. Hemen harrapatuta daude, lanerako baimenik gabe, hezkuntzarako sarbiderik gabe, osasun asegururik gabe», kontatu du.
Halaxe dago Abdelwahid. Iaz iritsi zen Turkiara; Erdoganek, Bruselarekin izandako hamaikagarren eztabaidan, Greziarekiko muga ireki zuen, eta autobusak bidali zituen ekialdeko mugara. Abdelwahid Greziara pasatzen saiatu zen, baina ez zuen lortu. «Ez nuenez lortu muga gurutzatzea, Istanbulera itzuli, eta zenbait hiritan errefuxiatu gisa izena ematen saiatu nintzen. Ez ninduten onartu. Pandemiaren eta enpresak ixtearen ondorioz, asko kostatu zitzaidan lana aurkitzea, baina orain tailer batean ari naiz lanean, mekanikari».
Egun Turkian dauden afganiarren kopuru ofizialik ere ez dago. Erdoganek esan zuen 300.000 zirela, baina gobernuz kanpoko zenbait erakundek kalkulatu dute 400.000 eta milioi bat artean direla, asilo eskatzaile gisa erregistratutako 116.000 pertsonak ere kontatuta.
Zenbait erakundek ohartarazi dute zein arriskutsua den Turkiaren eta Iranen arteko muga; izan ere, urtero dozenaka afganiar hiltzen dira hotzez Van probintziatik gertuko mendietan, gehienak agintariengandik ezkutatu nahian. Beste gertakari bat ere salatu du Augustovak: Turkiako segurtasun indarren eta Ankarak terroristatzat duen PKK Kurdistango Langileen Alderdia gerrillaren arteko su gurutzatuan hildako afganiarrena. «Arazo larria da muga honetan, eta ez da hitz egiten horri buruz. Mugako soldadu batzuek kontatu didate, gainera, mugan bertan itzularazten dituztela hainbat migratzaile, deportazio ofizialak kudeatzea baino errazagoa baita hori».
Herrialdean sartzen diren afganiarren etorkizunaz galdetuta, Augustovak mugak urruntzeko politika aipatu du. «Europako Batasunak tratu bat egingo du Turkiarekin, eta Turkiak beste bat Pakistanekin, zeinak talibanak babesten baititu aspalditik. Eta, azkenean, inor ezingo da Afganistandik atera».
Afganiarrak, esplotazio katearen azken begia
Urtero dozenaka afganiar hiltzen dira hotzez Van probintziatik gertuko mendietan. Turkian Afganistango 400.000tik gora iheslari daude
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu