Atzo iragarri zuen Etxe Zuriak Yemengo huthien kontra eraso egingo zuela, eta gauean egin dute hori. Yemengo agintarien arabera, erasoan gutxienez 31 pertsona hil dituzte, eta beste 101 zauritu. Gerra hegazkinetatik jaurtitako bonbekin egin dute erasoa. Sana hiriburuan entzun dira leherketak, eta Saada eskualdean, iparraldean, Saudi Arabiako mugaldean.
Erasoa «erabakigarria eta indartsua» izan dela esan du Donald Trump AEBetako presidenteak sare sozialetan. «Iranen diruarekin, huthi gaiztoek misilak jaurti dizkiete AEBetako hegazkinei, eta geure tropak eta aliatuak hartu dituzte jomugan».
Israelek Gazan eginiko sarraskiari erantzunez, Itsaso Gorrian AEBetako eta Israelgo ontzien trafikoa oztopatzeko 200 eraso inguru egin dituzte Yemendik 2023ko urritik. Horrek «milaka milioi dolar» galarazi dituela adierazi du Trumpek.
Huthiek «eraso ankerra» egin izana egotzi diete AEBei eta Erresuma Batuari, eta erantzungo dietela agindu dute.
Iranek ere adierazpenak egin ditu: Abbas Araghtxi Atzerri ministroak esan du AEBek ez dutela zertan diktatu Irango atzerri politika, eta «Israelen genozidioari eta terrorismoari sostengua emateari uzteko» eskatu dio Etxe Zuriari.