Brasil

AEBetatik eta Twitter bidez, Bolsonarok ez ditu zuzenean kritikatu bere jarraitzaileak

Brasilgo presidente ohiak Lulari egotzi dio «frogarik gabeko» akusazioak egitea. Nazioarteak aho batez babestu du egungo estatuburua

Jair Bolsonaro Brasilgo presidente ohia, iragan abenduaren 6an, Justizia Auzitegi Nagusian. ANDRE BORGES / EFE.
ander perez zala
2023ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Joan den abenduaren 30etik, Jair Bolsonaro Brasilgo presidente ohia Orlandon da (AEB). Azalpenik eman ez duen arren, badirudi bidaia eta egonaldi horrek bi helburu dituela: batetik, hilaren 1ean Luiz Inacio da Silva Lula-ren inbestidura saioan ez egotea —hala gertatu zen—, eta, bigarrenik, Brasilen haren kontra abiatu dituzten ikerketetatik ihes egitea. Ziurrenik, ez da kasualitatea izan AEBetako Florida estatura joan izana; Ron DeSantis errepublikano kontserbadorea da hango gobernadorea, eta Donald Trump AEBetako estatuburu ohiak badu jauregi bat, Palm Beachen. Babes eta lasaitasun bila joan da Bolsonaro, hauteskundeak galdu eta boterea utzi behar zuela konturatu zelako; eta handik, AEBetatik gaitzetsi zuen, atzo, Brasilian gertatu zena. Hori bai, modu epelean gaitzetsi zuen, Twitter sare sozialaren bitartez eta argudiatuta ez duela zerikusirik bere jarraitzaileek egindakoarekin.

Bolsonarok bost ordu inguru behar izan zituen Brasilen gertatzen ari zenaz jendaurrean mintzatzeko. Ordurako argi geratu zen manifestariek ez zutela Lula agintetik botako, eta segurtasun indarrak egoeraren kontrola berreskuratzear zeudela. Brasilgo presidente ohiak ez zuen espresuki onartu Lularen iragan urriko bozetako garaipena, eta atzo ere antzeko estrategia bat erabili zuen Kongresuan, Auzitegi Gorenean eta presidentetzaren egoitzan gertatu zenaz aritzean. «Legezko manifestazio baketsuak demokraziaren parte dira. Aldiz, gaur [herenegun] gertaturikoen gisako eraikin publikoen inbasioak eta bandalismoa, baita ezkerrak 2013an eta 2017an egindakoak ere, arauz kanpokoak dira», esan zuen Twitterren.

Konparazio hori egiteaz gain, Brasilgo presidente ohiak Lulari leporatu zion «frogarik gabeko» akusazioak egin dizkiola, eta bere burua defendatu zuen argudiatuz bere agintaldian (2019-2023) konstituzioa errespetatu zuela.

Edonola ere, adierazpen horiek plazaratzerako, argi zegoen mundu guztian gaitzetsiko zutela Brasilian gertaturikoa, pixkanaka-pixkanaka geroz eta agintari eta erakunde gehiago ari baitziren Lularen aldeko mezuak bidaltzen. Latinoamerikan, kasurako, Gustavo Petro (Kolonbia), Gabriel Boric (Txile) eta Alberto Fernandez (Argentina) izan ziren gertakariarekin kritiko agertu ziren buruzagietako batzuk; eta, gerora, nazioarteko beste hainbat herrialde ere bai: Espainia, Frantzia, Italia, Erresuma Batua, Errusia, India eta Txina, adibidez.

Bideni eskaria

Brasilen gertaturikoa kritikatu zutenen artean egon zen Joe Biden AEBetako presidentea ere. Baina alderdikide demokratek harago joateko eskatu zioten, eta Bolsonaro herrialdetik botatzeko.

Alexandria Ocasio-Cortez kongresukideak, esaterako, argudiatu zuen «elkartasuna» helarazi behar diotela Brasili, eta AEBek Bolsonarori «asiloa emateari» utzi behar diotela —hark ez du asilo eskaririk egin—.

Ned Prince AEBetako Estatu Departamentuko bozeramailearen esanetan, Etxe Zuria zain dago Brasilgo Gobernuak estradizio eskari bat aurkezten duen ikusteko. Flavio Dino Brasilgo Justizia ministroak azaldu duenez, bere gobernuak ez du elementurik Bolsonaroren estradizioa eskatzeko, baina AEBak «burujabe» dira hura kanporatzeko.

Presidente ohiaren emazte Michelle Bolsonarok adierazi zuenez, bere senarra Orlandon ospitaleratu zuten atzo, sabelaldean min handia zuelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.