Erresuma Batuan beste helegite bat jartzeko aukera eman diote Assangeri

Erresuma Batuko Auzitegi Nagusiaren arabera, AEBek ez dute nahikoa berme ematen ziurtatzeko Wikileaks sarearen sortzaileak epaiketa justu bat edukiko lukeela hara estraditatua izanez gero.

Assangeren jarraitzaileak, gaur, Londresen, Erresuma Batuko Auzitegi Nagusiaren egoitzaren kanpoaldean. NEIL HALL / EFE
Assangeren jarraitzaileak, gaur, Londresen, Erresuma Batuko Auzitegi Nagusiaren egoitzaren kanpoaldean. NEIL HALL / EFE
Igor Susaeta.
2024ko maiatzaren 20a
14:00
Entzun

Julian Assange saihesten ari da espioitza egotzita AEB Ameriketako Estatu Batuetara estraditatua izatea. Hain zuzen ere, Erresuma Batuko Auzitegi Nagusiak eman dio, gaur, defentsari, hango jurisdikzioan beste helegite bat jartzeko aukera. Victoria Sharp eta Adam Johnson auzitegi horretako magistratuen arabera, AEBek ez dute nahikoa berme ematen ziurtatzeko Wikileaks sarearen sortzaileak epaiketa justu bat edukiko lukeela estraditatua izanez gero.

Defentsak otsailean argudiatu zuen estraditatuko balute «tratu diskriminatzailea» emango lioketela, ez duelako AEBetako herritartasunik. Ondorioztatu zuen, beraz, Assangek ezingo lukeela AEBetako Konstituzioaren lehen eranskina baliatu, zeinak prentsa askatasuna bermatzen duen. Arrazoibide hori ontzat eman dute epaileek. Espioitzarekin lotutako hamazazpi kargu egozten dizkiote AEBek Assangeri, eta, hori dela eta, 175 urte arteko kartzela zigorra ezar diezaiokete.

Joan den martxoaren 26an, Erresuma Batuko Auzitegi Nagusiak AEBetako Gobernuari eskatu zion bermeak eman zitzala ziurtatzeko estraditatua izanez gero epaiketa justu bat edukiko lukeela. Hiru asteko epea eman zion horretarako. Apirilaren 16an aurkeztu zituzten berme horiek AEBen ordezkariek, eta jakinarazi zuten Assangek lehen eranskinari heldu ahal izango liokeela epaiketa bat eginez gero, baina AEBetako jurisdikzioko epaileek erabakiko zutela eskaera onartu ala ez. Hain zuzen, Wikileaksen sortzailearen defentsak adierazi izan du hori ez dela berme bat. AEBek duela hilabete pasa aurkeztutako berme horien gainekoa izan da gaurko erabakia.

Horiek horrela, Auzitegi Nagusiak deliberatu du badagoela arrazoirik epaiketa justuaren inguruan defentsak planteatutako zalantzak aztertzeko. Eta gaur plazaratutako autoarekin, Assangeren abokatuei aukera eman diete argudio horietan oinarritutako beste helegite bat aurkezteko.

Aldeak, negoziatzen

Chelsea Manning AEBetako armadako soldadua zena laguntzea leporatzen diote Assangeri, hark AEBetako Espioitza Legea urra zezan eta, modu horretan, informazio klasifikatua lor zezan, eta ondoren Wikileaksen Interneteko atarian argitaratu. 2010ekoa da filtraziorik handiena. 250.000 agiri diplomatiko kaleratu zituzten bost egunkarik; tartean zeuden Irakeko eta Afganistango gerrei buruzko dokumentu sekretuak.

AEBen arabera, hori eginez bizitzak arriskuan jarri zituen Assangek. Haren emazteak Erresuma Batuko BBC irrati kateko programa batean gaur azpimarratu du, ordea, «literalki» gerra krimenak plazaratu zituela bere senarrak, modu horretan jokatuta. «Kasu hau da mendeku kasu bat». Nolanahi den, Joe Biden AEBetako Gobernuko presidenteak aurreko apirilean iragarri zuenez, defentsarekin negoziatzen ari dira karguak bertan behera uzteko. Aintzat hartu behar da Donald Trump Etxe Zuriko maizterra zenean (2017-2021) egin zutela estradizio eskaera AEBek.

Wikileaksen sortzailea ez da auzi saiora joan; haren defentsa taldeko kide batek hasi aurretik argitu duenez, osasun arrazoiengatik. Otsailean egindako beste saio batean ere ez zuen parte hartu; bideokonferentziaz ere ez. Assangeren osasun egoera «prekarioa» dela nabarmendu zuen haren emazte Stella Assangek aurreko ostiralean, prentsa agerraldi batean. Assange 2019tik dago Erresuma Batuan kartzelatuta, Londresen aldirietako espetxe batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.