Beste matxura bat Ameriketako Estatu Batuetako aireportuetan: United Airlinesek, herrialdeko aire konpainiarik handienetako batek, gauerdian jakinarazi du ordu eta erdiz aireratu ezinik egon direla tarte horretarako aurreikusita zeuden hegaldiak, arazo tekniko bat dela medio; baztertu egin du zibereraso bat izan delako hipotesia. Dagoeneko konpondu dute arazoa, eta aire trafikoa normal dabil berriro.
Konpainiako pilotuen sindikatuak ohar bidez zehaztu du hainbat aplikazio bertan behera geratu direla, eta, esate baterako, ezin izan dutela eman hegazkinen zamaren berri behin bidaiariak eta bagajea sartuta. Arazo teknikoak ez die eragin airean zeuden hegazkinei, ezta lur hartu behar zuten hegaldiei ere.
United Airlinesek ez du zehaztu zenbat hegaldi atzeratu diren; webgune espezializatuen arabera, ordea, seiehun hegazkin inguru atera dira berandu.
Asteburuan arazo askozaz ere handiagoa izan zuten AEBetan: FAA aireko zirkulazioa kudeatzen duen administrazio federalak aire trafikoa etenarazi zuen lau orduz, kontrol sistemetako matxura baten ondorioz; herrialde osoko aireportuetatik ateratzekoak ziren hegaldiei eragin zien.
Bestalde, United Airlinesek bart gaueko arazoaren berri eman baino lehen, AEBetako zenbait bankuk jakinarazi zuten bezeroek arazoak izan zituztela sarean beren kontuetara sartzeko. Bank of America, Chase, J.P. Morgan eta Wells Fargo dira banku horietako batzuk.