AEBetako Senatuak atzera bota du Ukrainarako eta Israelerako laguntza

Mexikoko mugan neurri gogorragoak jartzeko eskatu dute errepublikanoek euren botoen truke. Erabakia behin-behinekoa da.

USA SCHUMER TUBERVILLE
AEBetako Alderdi Demokrataren senatari taldeko buru Chuck Schumer, atzo, Washingtonen. JIM LO SCALZO/EFE
maddi iztueta olano
2023ko abenduaren 7a
18:00
Entzun

AEB Ameriketako Estatu Batuetako Senatuak atzera bota zuen atzo gauean, behin-behinean, Ukrainarako, Israelerako eta Taiwanerako laguntza. Denera, 110.000 milioi dolarrekoa (102.000 milioi euro inguru) litzateke Etxe Zuriak proposatutako laguntza hori —61.000 milioi dolar (56.000 milioi euro) Ukrainarentzat, eta 14.000 dolar (12.000 milioi euro) Israelentzat—. Horrek barne hartuko luke Gazako zerrendarako laguntza humanitarioaren kostua ere. Gutxienez aldeko 60 boto behar zituzten laguntza hori onartzeko —ehun senatarik osatzen dute goi ganbera—, eta bozketa estua izan zen: 51 alde, eta 49 kontra. Euren botoen truke, errepublikanoek eskaera hauek egin dizkiote Joe Biden presidentearen kabineteari: Mexikoko mugan neurri gogorragoak jartzeko, eta hara laguntza ekonomiko handiagoak bidaltzeko.

«Gaurkoa gau tristea da gure herrialdearen eta Senatuaren historiarako», esan zuen Alderdi Demokrataren Senatuko buru Chuck Schumerrek. Haren arabera, eta errepublikanoek iritzia aldatzen ez badute, neurria blokeatzeak «ondorio kaltegarriak» ekarriko ditu. «Segurtasun nazionalerako neurri sorta baten inguruan ados jartzen ez badira, [Errusiako presidente] Vladimir Putinek Ukraina eta Europa menderatuko ditu».

Baina errepublikanoen artean —eskuin muturrekoenen artean, batez ere—, ez da kontu berria Ukrainarako laguntza militarra murriztu nahi izatea. Horren ordez, migrazioaren afera jarri nahi dute erdigunean, eta demokratek aurkeztutako plana babestearen truke, eskatu dute migrazioari lotutako erreforma «gogor bat» egiteko. Bernie Sanders demokratak ere aurka bozkatu zuen, argudiatuta ez datorrela bat Israeli 14.000 milioi dolarreko laguntza militarra ematearekin.

Azken asteotan, demokratak errepublikanoekin ados jartzen saiatu dira, edo, behintzat, laguntza planaren alde bozka zezaten konbentzitzen. Izan ere, joan den astean Washingtonek ohartarazi zuen Ukrainarako diru laguntzak «amaitzear» daudela. Atzoko bozketaren ondoren, Bidenek agerraldia egin zuen, eta antzera hitz egin: «Neurri hau ez onartzea oparirik onena izango da Putinentzat. AEBen babesik gabe, Ukraina Kremlinen esku gera daiteke».

Bozketa hasi baino lehen, Ukrainako presidente Volodimir Zelenskirekin hitz egin zuen atzo AEBetako presidenteak, G7koek egin zuten bilera telematikoan. Elkarrizketa horietan, AEBek eta bere aliatuek Ukraina «babesten eta defendatzen» jarraituko dutela hitz eman zion Bidenek Zelenskiri.

Hain justu, Errusian ere izan dute atzoko bozketaren berri. Horrela mintzatu da gaur Kremlineko bozeramaile Dmitry Peskov, emaitzaren harira: «Irudi du AEBetako kongresukideen artean oraindik ere gelditzen direla buru argi batzuk». Edonola ere, atzoko bozketa ez da behin betikoa, eta demokratek oraindik badute tartea errepublikanoekin ados jartzeko.

 

McCarthyk Ordezkarien Ganbera utziko du

 

AEBetako behe ganberako presidente ohi Kevin McCarthyk herenegun iragarri zuen Ordezkarien Ganbera utziko duela urtea amaitu baino lehen. Halere, ordezkari errepublikanoak azpimarratu du «aktibo» jarraituko duela Alderdi Errepublikanoaren panorama politikoan.

McCarthyk hamasei urteko ibilbidea egin du Ordezkarien Ganberan. Urtarrilean lortu zuen behe ganberako presidente kargua, hamabost bozketaren ondoren. Bederatzi hilabete bakarrik eman zituen postuan, irailean kendu egin baitzuten kargutik, zentsura mozio baten bitartez.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.