AEBetako Ordezkarien Ganberak uko egin dio armadak Libian jarraitzeari

AEBek ezin dute beste herrialde batean 60 egun baino gehiagotan esku hartu Kongresuak onartu gabe

2011ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
AEBetako Kongresuko Ordezkarien Ganberak ez du Libiako esku hartzea babestu. Guztira 295 ordezkarik bozkatu dute aurka, eta 123k alde. Emaitza horren arrazoietako bat da ganberan gehiengoa errepublikanoa dela, baina 70 senatari demokratek ere kontra egin dute. Dena dela, erabakiak eragina izateko Senatuaren onespena behar du. Kasu horretan gehiengoa demokrata denez, aurrera ateratzeko aukera gutxi ditu. Libiako armadarentzako funtsak murriztea ere bozkatu dute, baina ezezkoak irabazi du.

Demokraten iritziz, errepublikanoak segurtasun nazionalarekin politika egiten ari dira. Bozen aurretik Zerbitzu Armatuen Batzordeko demokraten buruAdam Smithek ohartarazi zuen eztabaida horrekin Libiako misioa bukatu eta Libiakopresidente Muammar Gaddafiri boterea ematen diotela. John McCain Zerbitzu Armatuen Batzordeko errepublikanoen buruaren iritziz, ordea, Gaddafiri botere gosea areagotzea ez da Ordezkarien Ganberaren erabaki bat alde batera uzteko arrazoia.

Bill Clinton AEBetako presidente ohiari 1999an Bosniako gerran sartzea ukatu ziotenetik, esku hartze militar baten aurka egin duten lehenengo aldia da. Oraingoan aurka egin izana Barack Obama presidenteak Kongresuaren baimenik gabe NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearekin bat egitearen aurkako mendekua dela uste dute hainbatek.

Elkarrizketa «sekretuak»

Joan den astean Obamak Gerra Boterearen legearen aurka egin zuela salatu zuen Pentagonoak. 1973ko Gerra Boterearen legeak dio AEBetako presidente batek ezin duela Kongresuaren bermerik gabe beste herrialde batean 60 egun baino gehiagoko eraso batean parte hartu. Data martxoaren 18an bete zen, eta igandean bukatu zen legeak duen 30 eguneko luzapena.

Baina esku hartzeak legea ez duela urratzen argudiatu du Obamak, herrialdean «borroka» operazioak egin beharrean «laguntza» operazioak egiten ari direlako.

AEBetan Libian jarraitu beharko luketen eztabaidatzen ari diren bitartean, herrialdeko matxinoek Gaddafiren erorketa prestatzen ari dira. Trantsiziorako Kontseilu Nazionaleko Alamin Belahjek Tripoliko oposizioko kideekin elkarrizketa sekretuak dituztela adierazi du. «Tripoliko bostak» izena eman dioten kontseiluko kideekin gauero hitz egiten dute, telefonoz edo skype bitartez. Hitz egiteko modua segurua dela deritzo, ez dutelako inor atxilotu.

Gaddafiren erregimenaren amaiera ziurtzat du Belhajek. Tripolin aurretik eginiko manifestazioak antolatu gabeak zirelako zapaldu zituztela dio, baina oraingoan ondo prestatzeko aukera dutela. Gainera, erregimenaren armadan eta Polizian matxinoek eraso eginez gero haiekin bat egingo luketen kideak daudela ohartarazi du.

Hala ere, oraindik lan gehiago egin behar dutela jakinarazi du, Gaddafik boterea utzi behar balu milaka lagun hiltzeko prestatzen ari dela uste dutelako. Informazio hori guztia zergatik eman duen galdetuta, haren lana batzordearen helburuak ezagutaraztea dela erantzun du. Herritarrak gerta daitekeenerako prestatu behar dutela gaineratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.