AEBetako ordezkaria Israelera doa Libanorako bake akordioa «amaitzeko xedearekin»

Netanyahurekin bilduko da bihar Hochstein, Axiox hedabidearen arabera. Hezbollahk, berriz, mehatxu egin du mendeku gisa eraso egingo diola Tel Avivi.

Hohstein, gaur, Libanoko Parlamentuan, Beiruten. WAEL HAMZEH/EFE
Hochstein, gaur, Libanoko Parlamentuan, Beiruten. WAEL HAMZEH/EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko azaroaren 20a
16:06
Entzun

Israel Libanoren aurka egiten ari den erasoaldia baretzeko bitartekari lanak egiten ari dira AEB Ameriketako Estatu Batuak. Egunak daramatza Amos Hochstein AEBetako Gobernuko ordezkariak bi aldeekin bilerak egiten, eta atzo adierazi ostean Libanok proposamena onartu duela, gaur jakinarazi du Israelera joango dela. Hochsteinek gaur Beiruten egin duen prentsaurrekoan adierazi duenez, Hezbollah talde xiitaren eta Israelen arteko gatazka baretzeko akordioa «amaitzea» da bidaia horren helburua. Horretarako, Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahurekin bilduko da, Axiox hedabideak barne iturriak aipatuta argitaratu duenez.

Hochstein Libanoko Parlamentuko presidente Nabih Berrirekin egin du gaur bilera. Hezbollahk bileretan zuzenean parte hartzen ez duen arren, Berriren esku utzi ditu. Gutxi iraun du Hochsteinen adierazpenak, eta bertan nabarmendu du «aurrerapausoak» eman dituztela negoziazioetan. Hitz horiek bat datoz goizean Al Shaq al-Awsat Libanoko egunkariari eskainitako elkarrizketan esandakoarekin. Elkarrizketa horretan, AEBetako bitartekariak negoziazioak «bide onetik» doazela baieztatu du; hala ere, jakinarazi du «xehetasun batzuk» erabakitzear dituztela. Eta xehetasun horiek argitzeko asmoz joango da Tel Avivera Hochstein, baina ez du argitu zehaztu beharreko horiek zeintzuk diren.

Hezbollahk, berriz, esan du negoziazioak «porrot» eginez gero erasoan jarraituko dutela. Naim Qassem talde xiitako buruak egin ditu adierazpenak, gaur. Tel Avivi leporatu dio akordioari oztopoak jartzen ibiltzea «gudu zelaian irabazi ez duena bertan irabazteko». Eta gaineratu du Israelgo armadak Beiruten aurka egin dituen erasoek erantzuna jasoko dutela: «Tel Aviven aurka egingo dugu eraso».

Babesa murrizten

Gerraren inguruko Netanyahuren erabakiak, baina, geroz eta babes txikiagoa dute Israelen. Ohikoak dira protestak, eta Gazaren aurkako sarraskia amaitzea eskatzen dute bahituak herrialdera itzuli ahal izateko. Israelgo Demokrazia Institutuak gaur argitaratu duen inkesta baten arabera, Israelgo herritar gehienek uste dute «Gazako gerraren» inguruko erabakiak ez direla «profesionalak izan». Inkestaren ondorioetan diotenez, Israelgo juduen %37k soilik uste dute gobernuak «irizpide profesionalak» jarraitu dituela. Israelgo arabiarren kasuan, ehunekoa are txikiagoa da: bostetik batek uste du era egokian jarduten duela.

Herritarren iritziak, baina, ez du eten Israelen ekitea. Gaur erasoan jarraitu du zenbait frontetan. Siriako Palmira hiriari egin dio eraso. 46 lagun hil zituen eta gutxienez 50 zauritu, SANA Siriako albiste agentziaren arabera. Gaza iparraldean ere egin du eraso Tel Avivek: Jabalia bonbardatu du, eta gutxienez hamabi lagun hil ditu. Palestinan kazetariak dituzten hedabideek osasun zerbitzuak aipatuz argitaratu dutenez, erasoak eraikin bat txikitu du, eta uste dute «hamar lagun inguru» desagerturik daudela hondakinen azpian.

Erasoek jarraitzen duten bitartean, NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluan berriz ez du aurrera egin Gazan su etena eskatzeko proposamen batek. AEBek, iazko urritik laugarren aldiz, organoan duten beto eskubidea erabili dute kide iraunkorrak ez diren hamar estatuek egindako proposamena blokeatzeko. Are gehiago, hamabost kideetatik AEBek bakarrik egin dute proposamenaren aurka. Jakinarazi dutenez, ezezko botoa eman dute proposamenak ez duelako meniarako baldintza gisa ezartzen milizia palestinarrek bahituak askatzea, testuan aipatzen den arren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.