AEBetako Hezkuntza Departamentuak langileen erdiak kaleratuko ditu

4.133 langiletik 2.183ra igaroko da departamentua; Trumpen helburu nagusia, halere, agentzia ixtea da. Martxoaren 21ean kaleratuko dituzte langileak.

Linda MacMahon, AEBetako Hezkuntza Idazkaria, otsailean, Washingtonen. JIM LO SCALZO / EFE
Linda MacMahon, AEBetako Hezkuntza Idazkaria, otsailean, Washingtonen. JIM LO SCALZO / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2025eko martxoaren 12a
12:06
Entzun 00:00:0000:00:00

Donald Trump AEBetako presidenteak motozerra aterako zuela ohartarazi zuen iazko azaroan herrialdean egin zituzten presidentetzarako hauteskundeak irabazi ostean. Eta urtarrilean Etxe Zurira heldu zenetik, mehatxua egia bihurtu du: bart —Euskal Herrian goizaldea zela— AEBetako Hezkuntza Departamentuak jakinarazi du langileen erdiak kaleratuko dituela. AEBetako presidenteak gobernu federaleko agentziei agindu die gastuak txikitzeko, eta, hortaz, hainbat departamentuk langileak kaleratzearen alde egin dute. Hezkuntza Departamentukoei dagokienez, atzo gauean iragarri zuten martxoaren 21etik aurrera langileen %50 inguru kaleratuko dituztela.

Horiek horrela, 4.133 langile izan beharrean 2.183 izango ditu aurrerantzean departamentuak. Hori, baina, ez da Hezkuntza Departamentua argaltzeko azken urratsa. Trumpek behin baino gehiagotan esan du departamentu hori desegin nahi duela, eta, bart Hezkuntza Departamentuak ohar baten bidez adierazi zuenez, helburu horretarako ari dira lanean. Hezkuntza idazkari Linda MacMahoni elkarrizketa bat egin zioten atzo Fox News AEBetako telebista katean erabakiaren harira, eta Etxe Zuriko maizterraren nahien inguruan galdetu zioten. Hezkuntza Departamentua ixteko prozesua abian dela baieztatu zuen McMahonek, hori baita «presidenteak agindu» diena.

Hezkuntza Departamentuak gutxi du esateko klase barruan egiten denaren inguruan, estatuek baitute hezkuntzaren eskumena. Haren eginkizun nagusietako bat, ordea, ikasle zaurgarrienei laguntza ematea da. Gaur-gaurkoz, 1,6 bilioi dolarreko aurrekontua du —1,46 bilioi euro— unibertsitateko maileguak emateko, eskubide zibilen legeak ikastetxeetan betetzen dituztela ziurtatzeko, eta beharra duten barrutiei finantzaketa federala emateko, besteak beste. Trumpek presidente kargua hartu aurretik, hainbat adituk ohartarazi zuten Hezkuntza Departamentua erabiliko zuela herritarrik zaurgarrienen aurka egiteko.

Ez da Trumpen gobernuak langile publikoak kaleratzen dituen lehen aldia. Are gehiago, Hezkuntza Departamentuko langileak Trumpek agentzia federalei eskatutako bigarren kaleratze masiboaren parte dira. Are gehiago, Trumpen agintaldiko aurreneko bi hilabeteetan 2,3 milioi langile federaletatik 100.000 kaleratu dituzte. Haien artean, besteak beste, aniztasun bulegoetako langile denak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.