AEBetako hauteskunde gauean nekez iragarri ahalko da irabazlerik

Inkesten arabera, pare-parean daude bi hautagaiak. Harrisek 1,4 punturen aldea besterik ez dio ateratzen Trumpi. Giroa berotzeko, errepublikanoa aldez aurretik hasi da frogarik gabe iruzurraz hizketan.

Kamala Harris hautagai demokrata Washingtonen, joan den asteazkenean.  JIM LO SCALZO / EFE
Kamala Harris hautagai demokrata Washingtonen, joan den asteazkenean. JIM LO SCALZO / EFE
Igor Susaeta.
2024ko azaroaren 2a
05:00
Entzun

Inkestek adierazitakoa aintzat hartuta, behintzat,  ia-ia inoiz baino zailagoa da asmatzea nork irabaziko dituen AEBetako presidentetzarako hauteskundeak datorren asteartean: Alderdi Demokratako Kamala Harrisek edo Alderdi Errepublikanoko Donald Trumpek. Pare-parean daude bi hautagaiak. Kaleratutako zundaketen batezbestekoari erreparatuta, Harrisek botoen %48,1 lortuko ditu azaroaren 5ean, eta Trumpek, %46,7. Beraz, 1,5 punturena ere ez da aldea. Hau da, baliteke berdinketa tekniko bat egotea, eta, horrenbestez, astearte gauean —asteazken goizaldean Euskal Herrian— nekez iragarri ahalko da irabazlerik. Hori bai, Harrisek baditu kezkatzeko motiboak: ez dio inoiz alde oso handirik atera Trumpi, baina azkeneko bi hilabeteetan pixkanaka-pixkanaka hurbilduz joan zaio 2017tik 2021era herrialdeko presidente izandakoa.

Joe Biden Etxe Zuriko maizterrak demokraten hautagai izateari uko egin zion uztailaren 21ean, izan izenak nahasten zituelako, izan solasen haria galtzen zuelako, edo izan adinaren ajeak nozitzen ari zelako arlo kognitiboan —82 urte beteko ditu azaroaren 20an—. Gainera,Trumpek hiru punturen aldea ateratzen zion inkestetan: %43,5 vs %40,2.

Harris presidenteordea ia-ia automatikoki bihurtu zen presidentegai, eta bat-bateko aldaketa horrek Alderdi Demokrata biziberritu zuen. Uztailaren 24an, inkestek botoen %44,9 ematen zizkioten; Trumpi baino 0,9 puntu gehiago. Haizea aldea zuen orduan, eta, Alderdi Demokrataren Kongresu Nazionala bukatu berritan, abuztuaren 23an, goia jo zuen aldeak: 3,7 puntu. Ordutik, ordea, hauteskundeak hurbildu ahala, txikitu egin da hautagai demokratak errepublikanoari ateratzen dion aldea. Urri hasieran, artean, 2,5 puntukoa zen; hil horren erditik aurrera, baina, balantza are gehiago orekatu da, eta ia parean gelditu.

Ezin da esan berriro errepikatuko denik, baina 2016an eta 2020an gertatutakoak baikorra izateko motiboak ematen dizkio Trumpi. Zeren, orduan, inkestetan atzetik iritsi baitzen —lau eta zazpi puntu atzetik, hurrenez hurren—, eta 2016an, azkenean, irabazi egin baitzion Hillary Clinton faboritoari, eta duela lau urte ez baitzen garaipenetik hain urrun geratu: Bidenek botoen %51,3 lortu zituen, eta Trumpek, %47.

2000n gertatu zena

Orain 24 urte, berriz, kontrakoa gertatu zen, nolabait. Inkestek ziotenez, George W. Bush errepublikanoak (%47) garaitu egingo zuen Al Gore demokrata (%43), 1993tik herrialdeko presidenteorde zena. Azkenean, Gorek 51,9 milioi boto lortu zituen, eta Bushek 50,5 milioi, baina bigarrena izendatu zuten presidente 2001eko urtarrilaren 20an, AEBetako hauteskunde sisteman boto kopurua beharrean lortutako ordezkari kopurua hartu behar baita kontuan: 271 Bushek, eta 266 Gorek.

Floridan gertatu zenak markatu zuen dema hura, hango emaitzek desorekatu baitzuten lehia ezin estuagoa. Swing state bat zen Florida orduan; hau da, estatu erabakigarri bat bozetan. Horietan, hauteskunde egunaren aurretik, ez da argi egoten demokratek edo errepublikanoek irabaziko duten. Berdinketa tekniko bat gertatu zen 2000. urtean. Botoen zenbaketa automatikoan irregulartasunak atzeman zituztela salatu zuten demokratek, eta, alde baten zein bestearen helegiteak tarteko, azken instantziaraino iritsi zen afera. 2000ko abenduaren 13an, Auzitegi Gorenak Bushi eman zion garaipena.

Hauteskunde gau hartan ez zegoen guztiz garbi nork irabazi zuen, baina, hauteslekuak itxi ondoren, hedabide gehienek —orduan ez zegoen sare sozialik— Bush jo zuten garailetzat. Goizeko ordu txikietan, 03:00 aldera, Gorek Bush zoriondu zuen, telefonoz, nahiz eta hiru ordu laurden geroago berriro deitu behar izan zion esateko ezetz, oraindik ez zegoela argi bietako nor zen garailea.

Kontakizun jakin bat sortua zegoen, ordea. Eta Alderdi Demokratako buruzagiek uste dute Trumpek bere burua garailetzat joko duela astearte gauean, emaitzek hori adierazi ez arren. Horri aurre egiteko neurriak hartzekoak dira, hortaz, nahiz eta ez duten zehaztu nola. The Wall Street Journal egunkariak alderdiaren iturriak aipatuz joan den astean kaleratu zuenez, demokratek 10.000 abokatu kontratatu dituzte, Trumpen helegite erauntsi bat espero baitute bozak galtzen baditu.

Trumpek esan izan du hauteskundeen emaitza inpugnatuko duela ez badu irabazten, eta bozak egin aurretik hasi da iruzurraren mamua haizatzen. «Pennsylvanian tranpak egiten ari dira aurrez inoiz ikusi gabeko modu batean», idatzi zuen aurreko asteazkenean Truth-en, bere sare sozialean, akusazio hori egiteko frogarik erakutsi gabe. Hain zuzen, zazpi estatu erabakigarrietako bat da Pennsylvania.

Duela lau urte, konturatzen hasi zirenean ziurrenik ez zuela irabaziko, iruzurraz hizketan hasi ziren hautagai ultraren jarraitzaileak; are, «lapurreta eten!» oihukatuz, boto zenbaketak eteten ahalegindu ziren Michigango eta Arizonako zenbait hauteslekutan, esaterako. Biharamunean gertatu zen hori, eta Trump hasi zen esaten hurrengo orduetan ez zuela Bidenen garaipena onartuko. Bi hilabete pasa geroago, 2021eko urtarrilaren 6an, AEBetako Kongresua Bidenen garaipena berrestekoa zen. Trumpek mitin bat eman zuen Washingtonen egun horretan bertan, eta jarraitzaileei iradoki zien Kapitolioa hartzeko. Ordu batzuk geroago hartu zuten, irudi ezin distopikoago bat utziz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.