AEB Ameriketako Estatu Batuetan bihar egingo dute Astearte Handia. Egun berean hamabost estatutan emango dute botoa Alderdi Errepublikanoaren eta Alderdi Demokrataren presidentegaiak aukeratzeko, eta, aurtengo barne lehiarik eza ikusirik, biharkoa baliagarri izango da Donald Trump AEBetako presidente ohiak (2017-2021) eta Joe Biden egungo estatuburuak are gertuago izan dezaten hautagaitza bermatzeko gutxiengo babesa eskuratzea. Trumpek, ordea, bazuen arazo bat, Coloradon aurkeztea eragotzi baitzion estatu horretako Gorenak, 2021eko Kapitolioko erasoarekin ustez duen lotura argudiatuta. Herrialdeko Auzitegi Gorenak, ordea, gaur aho batez ebatzi du soilik Kongresuak kanporatu ditzakeela hautagaiak hauteskunde lehia batetik, eta, beraz, AEBetako estatuburu ohia estatu horretan ere lehiatu ahalko da bihar.
«Ondorioztatzen dugu estatuek eskumena dutela estatu mailako karguak dituzten edo kargu horietara iritsi nahi duten pertsonak kanporatzeko. Aldiz, estatuek ez dute botererik, konstituzioa oinarri hartuta, 3. sekzioa betearazteko postu federalen kasuan; batez ere, presidentetzaren kasuan», argudiatu du AEBetako Gorenak. Erabaki horren aurrean, Trumpek zera idatzi du Truth sare sozialean: «Garaipen handia Amerikarentzat!».
Coloradoko Auzitegi Gorenak argudiatu zuen, joan den abenduan, AEBetako presidente ohia ezin zela lehiatu estatu horretako primarioetan, Kapitolioaren kontrako «matxinadan» parte hartu zuelako; horretarako, epaile gehienek AEBetako Konstituzioaren 14. eranskinaren 3. sekziokoa hartu zuten argudiotzat —horren arabera, matxinoek ezin dute kargu publikorik izan—.
Herrialdeko Goreneko epaile guztiek, ordea —kontserbadoreak dira gehienak—, kezka agertu dute, «kaosa» sortuko litzatekeelakoan estatuek eskumena balute matxinada batean parte hartu duen hautagai bat debekatzeko. Aldiz, jakinarazi dute soilik AEBetako Kongresuak duela hori egiteko eskumena.
AEBetako Auzitegi Gorenak Colorado estatuko kasua aztertu du, baina, eman duen iritzia aintzat harturik, atea ireki dio Illinois eta Maine estatuetan ere Trumpen kontrako debekua bertan behera uzteari.
Haley, lehen aldiz garaile
Alderdi Errepublikanoaren primarioekin lotuta, barne prozesua hasi zenetik lehen aldiz, AEBetako presidente ohiaren lehiakide Nikki Haleyk estreinakoz irabazi zuen, atzo, estatu batean. Columbiako Barrutian izan zen, eta Haleyk botoen %63 jaso zituen.
Hori bai, hautagaitza bermatzeko bidean ez zen izan garaipen garrantzitsua, hemeretzi ordezkari lortu baitzituen. Denera, 43 ditu, eta Trumpek, 244; errepublikanoen hautagaitza bermatzeko, gutxienez 1.215 beharko dituzte. Biharko Astearte Handian 874 izango dituzte jokoan.