AEBetako Gobernuaren aniztasun bulego denak itxiko dituzte

Aniztasun, Ekitate, Inklusio eta Irisgarritasun Bulegoetako langile guztiei baimen ordaindua emango diete arratsaldean, ezustekorik ezean. Ospitaleetan, eskoletan eta elizetan papergabeen aurkako sarekadak egitea baimendu du Trumpek.

Donald Trump, bart, Etxe Zurian. AARON SCHWARTZ / EFE
Donald Trump, bart, Etxe Zurian. AARON SCHWARTZ / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2025eko urtarrilaren 22a
15:15
Entzun

Donald Trump herenegun bihurtu zen ofizialki AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente, eta hasiera-hasieratik ari da bere agenda ezartzen, dekretu bidez. Astelehenean bertan, genero aniztasuna izan zuen jomugan, besteak beste, eta gobernu federalaren menpeko agentzia orotan «bi genero soilik» izango direla ezarri: gizonezkoa eta emakumezkoa. Gainera, ohartarazi zuen woke ideologiaren aurka egingo zuela. Bada, ildo horri jarraitu dio agintaldiko bigarren egunean ere: AEBetako Gobernuko agentzien aniztasun bulego oro ixteko dekretu bat sinatu du bart.

Hori dela eta, DEIA Aniztasun, Ekitate, Inklusio eta Irisgarritasun Bulegoetako langile guztiei baimen ordaindua emango diete 17:00ak baino lehen —23:00ak Euskal Herrian—; hau da, bulego horietako langileek lan egiteari utzi beharko diote, baina soldata mantenduko diete, behin-behinean. Hala jakinarazi die agentzia guztiei gobernuko Pertsonen Kudeaketako Bulegoak, gaur goizaldean. Neurria Trumpek atzo sinatu zuen dekretu baten ondorioa da. Hartan, Etxe Zuriko maizterrak argudiatu du beharrezkoa dela kontratazio praktika «arriskutsu, gutxiesgarri eta immoralak» amaiaraztea.

DEIA programen xedea da bulegoetako kideen artean parekotasuna eta aniztasuna bermatzea. Trumpen ustez, ordea, «zurien aurka egiteko» eta «horiek enpresetatik botatzeko» balio dute. Hala adierazi zuen kanpainan, eta atzo sinatutako dekretuan ere bide beretik jo du: «Programa horietako politikek urratu egiten dituzte gure eskubide zibilei buruzko legearen testua eta espiritua». Are gehiago, testuan dio «lan gogorraren AEBetako balio tradizionala hondatzen» dutela.

Trumpen eta haren agenda kontserbadorearen eragina nabaritzen hasi da enpresa pribatuetan ere. Izan ere, gobernuaren antzera, hainbat enpresa ere aniztasun bulegoak kentzen hasi dira. Horien artean azpimarratzekoak dira McDonald's, Walmart, eta Meta, Facebook eta Whatsapp barne hartzen dituena. Are gehiago, sektore pribatuan eragiteko nahia adierazten da dekretuan, eta 120 eguneko epea ezartzen dio AEBetako Fiskaltzari bideak topa ditzan aniztasuna eta parekotasuna bermatzeko bulegoak ixteko.

Atzoko dekretua, ordea, ez da azken orduetan AEBetako presidenteak aniztasunarekin lotuta egin duen ekintza bakarra. Haren sare sozial Truth Socialen bitartez, Mariann Edgar Budde apezpikuari exijitu dio barkamena eska diezaiola. Trumpen kargu hartzean ekitaldi erlijioso bat egin zuen Buddek, eta, hartan, AEBetako presidenteari eskatu zion «bihozbera» izan dadin LGTBI komunitateko kideekin, haurrekin eta immigranteekin. «Trumpen aurkako ezkertiar erradikala» izatea leporatu dio presidenteak.

Bide eman die sarekadei

Gutxiengoen aurka egiteko ekintzen barruan, baina, aniztasuna ez da Trumpen jomuga bakarra: aurreneko agintaldian legez (2017-2021), migratzaileen aurka egiteko konpromisoa ere hartua du. «Inoizko deportaziorik handiena» egingo zuela hitzeman zuen kanpainan, eta hasia da hori gauzatzeko neurriak hartzen. Atzo, esaterako, baimena eman zuen «gune delikatuetan» paperik gabeko immigranteen aurkako sarekadak egiteko. Orain arte, Poliziak galarazia zuen sarekadak egitea ospitaleetan, eskoletan eta elizetan.

ICE Immigrazioaren eta Aduanaren Polizia Indarrak 2011n sartu zituen indarrean neurriak, eta CBP Aduanak eta Mugak Babesteko Indarrek, berriz, 2013an. Garai hartan eta atzo arte, sarekadak horrelako guneetan ez egitearen arrazoia zen jendeak modua izatea oinarrizko zerbitzuak erabiltzeko. Izan ere, organo horien arabera, sarekadak eginez gero papergabeak ez dira zerbitzu medikoetara joaten, adibidez.

Trumpen administrazioaren iritziz, ostera, paperik gabeko migratzaileek poliziengandik ihes egiteko baliatzen dituzte «gune delikatu» horiek. Hori dela eta, «eskuak lotu» beharrean agenteen «iritzi kritikoaz» fidatuko dira, dekretuan zehaztutakoaren arabera.

Migratzaileen aldeko erakundeek kezka adierazi dute jada. CLASP Politika Sozialetarako Zentroak, esaterako, ohartarazi du neurriak arriskuak dituela bai papergabeentzat eta bai AEBetako herritartasuna dutenentzat: «Neurri horrek ondorio suntsitzaileak izan ditzake milioika lagunen bizitzan. Jendea eguneroko jardueretatik aldendu dezake».

Zigorrak jartzeko mehatxua egin dio Trumpek Putini

Donald Trump AEBetako presidenteak Vladimir Putin Errusiako presidenteari Ukrainako gerra amaitzeko agindu dio. Hala egin ezean Errusiako produktuei zergak eta isunak ezarri beste aukerarik ez duela izango ohartarazi du gaur haren sare sozialean, Truth Socialen. Trumpek behin eta berriz esan izan du presidente kargura iritsiz gero 24 ordutan Ukrainako gerra geldituko duela. Ez da hala izan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.