AEBetako Gobernuak 1.100 ikasleren bisak baliogabetu ditu, gutxienez

Unibertsitateetako campusetan azken urteetan izan diren protestetan parte hartu dutenak zigortzen ari da Trump. Nazioarteko ikasle berriak onartu aurretik, Washingtonek enbaxadei agindu die ikasle horien sare sozialak miatzeko.

UCLA Kaliforniako unibertsitatean iazko maiatzean egindako protesta bat. CAROLINE BREHMAN / EFE
UCLA Kaliforniako unibertsitatean iazko maiatzean egindako protesta bat. CAROLINE BREHMAN / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2025eko apirilaren 15a
13:16
Entzun 00:00:0000:00:00

AEB Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak Palestinako gatazkan izan duen jarrera salatzeko protestak antolatu dituzte herrialdeko milaka ikaslek azken bi urteetan; esanguratsuenak, iaz. Israel egiten ari den sarraskiaren aurrean hura gelditzeko adina ez egitea leporatzen diote Etxe Zuriari. Protesta horien aurka oldarkor agertu da Washington hasieratik, Joe Biden AEBetako presidente ohia karguan zegoenean (2021-2025). Donald Trump urtarrilean Etxe Zurira heldu zenean, baina, urrats bat harago egin dute ikasleen aurkako ekintzek, eta jada 1.100 unibertsitate ikasle baino gehiagori bisa baliogabetu die gobernuak.

Etxe Zuriko maizterrak hainbat dekretu sinatu ditu migratzaileak herrialdetik kanporatzeko, baita ikasleak kanporatzeko ere. Horien artean dago, AEBetako «herritarrekiko, kulturarekiko, gobernuarekiko, erakundeekiko edota herrialdearen printzipio fundatzaileekiko jarrera oldarkorrak» dituztenak haien sorterrira deportatzeko aukera. Neurri horretan sartuko lirateke Palestinaren aldeko zenbait manifestazio; Washingtonen jarrera gaitzetsi dutenak, hain zuzen. Hala ere, soilik Israelen ekintzen aurka eta Palestinaren alde agertu diren manifestazioetan parte hartu duten ikasleak ez daude deportazio horietatik salbuetsita. Izan ere, «antisemitismoari aurre egiteko» dekretu bat sinatu du Trumpek. Neurri horri esker, unibertsitateetako campusetan parte hartu izan duten nazioarteko ikasle oro erbesteratu dezakete AEBek.

Are gehiago, Trumpen administrazioak Harrapatu eta Baliogabetu izeneko programa abiarazi zuen martxoan. Aurreneko hiru asteetan gutxienez 300 ikasleri AEBetan egoteko baimena ukatu zieten, Marco Rubio AEBetako Estatu idazkariak orduan adierazi zuenaren arabera. Bada, kopuru hori ia lau aldiz handitu da azken hilabetean. AEBetako unibertsitateen inguruko informazioa biltzen duen Inside Higher Ed webguneak bildutako datuen arabera, gaur-gaurkoz 1.179 ikasleren edo duela gutxi ikasketak amaitu dituzten ikasle ohien bisak baliogabetu ditu AEBetako Gobernuak. Atariak AEBetako 180 unibertsitateren informazioa biltzen du, baina baliteke kopurua are handiagoa izatea. Izan ere, 180 unibertsitate horietako askok ez dute zehaztu zenbat ikasleri baliogabetu dieten bisa.

Columbiako unibertsitateko liburutegia (New York, AEB), iazko maiatzaren 1ean. Manifestari bat Palestinako banderarekin.STEPHANI SPINDEL / EFE
Columbiako unibertsitateko liburutegia (New York, AEB), iazko maiatzaren 1ean. Manifestari bat, Palestinako bandera eskuetan duela. STEPHANI SPINDEL / EFE

Hala ere, bisa kendu dieten ikasle denak ez dira zertan Palestinaren aldeko protestetan parte hartutakoak. Hainbat unibertsitatek salatu dutenez, ez dute baimenak ezeztatzeko arrazoien berri izan. Are gehiago, Trumpek «inoizko deportaziorik handiena» egiteko bere plana aurrera eramateko hainbat neurri hartu ditu migratzaileak herrialdetik kanporatzeko. Besteak beste, zigor arlokoak ez diren arau hausteak eginez gero, deportatzeko aukera baimendu du estatuburuak; hau da, gehiegizko abiaduran gidatzeagatik AEBetatik kanporatu dezakete norbait, adibidez.

AA zelatari lanetan

Baina, nola jakin nork hartu duen parte Palestinaren aldeko protestetan? Campusetan bertan atzemandako ikasleez gain, sare sozialak miatzen ari da Polizia. AEBetako hainbat hedabidek barne iturriak aipatuta kaleratu dutenez, Harrapatu eta Baliogabetu programaren adarretako batek AA adimen artifiziala du oinarri. Xedea da sare sozialak azkar miatzea, AEBetan dauden migratzaileen profilak zelatatzeko, eta «Hamasen edo beste erakunde terrorista baten aldeko mezuak» ote dauden jakiteko. AAk horrelako mezuak topatuz gero, deportazio prozesua abiatzen dute.

Sare sozialak, ordea, ez dituzte erabiltzen soilik ikasleen bisak baliogabetzeko. Izan ere, nazioarteko ikasle berrien bisak onartu aurretik, Trumpen administrazioak enbaxadei agindu die ikasle horien sare sozialak miatzeko. Eta, AEBen politiken aurkako jarrerarik topatuz gero, AEBetan ikasteko baimena ez onartzeko agindu die enbaxadei.

Washington unibertsitateei laguntza eteten ari da

AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Donald Trumpek bere agenda kontserbadorea herrialdeko unibertsitateetan hedatu nahi du. Hori dela eta, herrialdeko unibertsitateei agindu die «ideia woke eta antisemita guztiak» baztertu ditzatela, eta haiei jazarri. Etxe Zuriak esandakoa egin ezean, diru laguntzak eta esleitutako kontratuak bertan behera utziko dituela mehatxu egin die Washingtonek. Unibertsitate batzuek men egin, eta agenda Trumpen eskarietara moldatzen ari dira; beste batzuek, ordea, AEBetako estatuburuak eskatutakoa adierazpen askatasunaren aurkakoa dela salatu dute. Azken horietako bat Harvard da. Bada, unibertsitate horren aurka neurriak hartzen hasi da gobernua: atzo 2.200 milioi dolarren laguntza eten zion, behin-behinean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.