Irango buruzagi nagusi Ali Khameneik gaur iragarri du debekatu egin dituela AEBetako eta Erresuma Batuko laborategiek eginiko txertoak, eta goraipatu egin du herrialdean bertan garatzen ari direna.
«Pfizer laborategiak txertoren bat sortzen badu, eurek erabil dezatela lehenbizi, ez dezaten egunero 4.000 hildako izan», esan du Khameneik Irango telebistan. Debekuak Pfizer-BioNTech taldeak merkaturaturiko txertoari eragingo lioke, Oxford-AstraZenekak eginikoari, eta AEBetako Moderna konpainiak sortutakoari.
Joan zen hilabetean iragarri zuen Iranek lehen txertoak beste herrialde bati erosiko zizkiola, eurena plazaratu bitartean. Betoa iragarri ostean, litekeena da Errusiari eta Txinari erostea.
Iranen, orain arte, 1.268.263 koronabirus kasu atzeman dituzte, datu ofizialen arabera, eta izurriak 55.993 pertsona hil dituela adierazi dute. Abenduaren 29an hasi ziren euren txertoaren proba klinikoak egiten. Kubaren laguntza du horretan Iranek. Izan ere, uhartean ari dira proben bigarren fasea egiten. Shifa Pharmed laborategian ari dira garatzen. Probatzen ari direnak bi dosi behar ditu, 14 eguneko tartearekin.