AEBetako epaimahai batek 665 milioi dolarreko zigorra jarri dio Greenpeaceri

Energy Transfer konpainia energetikoaren aurka «difamazioa» eta «bandalismoa» sustatzea leporatzen diote erakundeari, Ipar Dakotako zenbait komunitate indigenaren lurraldeetan eraiki nahi zuen oliobide baten aurkako protestak babesteagatik.

Ipar Dakotan eraiki nahi zuten oliobidearen aurkako protesta bat, 2016an, Illinoisen (AEB). TANNEN MAURY / EFE
Ipar Dakotan eraiki nahi zuten oliobidearen aurkako protesta bat, 2016an, Illinoisen (AEB). TANNEN MAURY / EFE
maddi iztueta olano
2025eko martxoaren 20a
15:35
Entzun 00:00:0000:00:00

Ipar Dakotako (AEB) zinpeko epaimahai batek ebatzi zuen, atzo, Greenpeace erakundeak 665 milioi dolar —613 milioi euro— ordaindu behar dizkiola Energy Transfer enpresari, horren aurka antolatutako protesta batzuetan «bandalismoa» eta konpainiaren «difamazioa» sustatzeagatik. Energia enpresak oliobide bat eraikitzeko lanak hasi zituen 2016an, Ipar Dakota iparraldean, hainbat komunitate indigena bizi diren Standing Rock izeneko erreserban; konpainiaren asmoek, baina, haserrea eragin zuten komunitate indigenetan, iritzita proiektu hori «lur sakratuetan» eraikitzekoak zirela, eta «arriskuan» jar zezakeela komunitate indigenen ur hornidura.

Energy Transferren aurka egiteko, Standing Rock komunitateak —hainbat tribu indigena biltzen ditu— kanpaldi bat egin zuen oliobidea eraikitzekoak ziren lur eremuan, Greenpeaceren babesarekin. Hainbat hilabetez iraun zuen kanpaldiak, eta denbora tarte horretan liskarrak izan ziren manifestarien eta Poliziaren artean, zenbait lagun atxilotu eta zauritzeraino. Protesta horien ondorioz, Energy Transferrek atzeratu egin behar izan zuen oliobidearen eraikuntza, eta handitu egin ziren proiektuaren kostuak. Horiek hala, energia konpainiak salaketa bat jarri zuen Greenpeacen aurka.

Gobernuz kanpoko erakundeak behin baino gehiagotan ukatu ditu bere aurkako akusazioak, argudiatuta protesta horiei babesa eskaini zien arren ez zuela «inolako» zerikusirik izan haien antolakuntzan. Ebazpenaren berri izan ondoren bere webgunean idatzitako testu batean, Greenpeacek leporatu dio Energy Transferri AEBetako sistema judiziala erabiltzea erakundea «isiltzeko»; are, GKEak ohartarazi du gisa horretako zigor ekonomiko batek «50 urteko ibilbidearen amaiera» eragin dezakeela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.