240 milioi lagun baino gehiago daude bozetara deituta gaur AEB Ameriketako Estatu Batuetan. Ondo bidean, datozen lau urteetan herrialdeko presidente nor izango duten erabakiko dute estatubatuarrek. Alde batetik, Alderdi Errepublikanoko hautagai Donald Trump dago. Hark badaki zer den presidentetzarako bozak irabaztea, 2016an garaipena lortu baitzuen Hillary Clintonen aurka. Bestetik, Kamala Harris da Alderdi Demokrataren hautagaia. Harris presidenteordea da gaur egun, eta haren hautagai izateko prozesua ez da ohikoa izan: hasieran, Joe Biden oraingo presidentea zen bozetan lehiatzekoa.
Txikia da bi hautagaien arteko aldea; inkesten batezbestekoaren arabera, Harrisek botoen %48,1 lortuko ditu, eta Trumpek %46,7. Hori dela eta, zaila da garailea aurreikustea. Gainera, AEBetako sistema presidentzialista den arren, presidentea aukeratzeko prozesua ez da ohikoa. Beraz, boto kopuruari eta boto horren kokapen geografikoari erreparatu behar zaio.
Orain demokraten alde eta orain errepublikanoen alde bozkatzen duen estatuek garrantzi berezia izaten dute presidentetzarako hauteskundeak dauden bakoitzean. Estatu horietako ordezkariek erabakiko dute, dirudienez, balantzak demokraten edo errepublikanoen aldera egingo ote duen. Izan ere, bi hautagaien arteko tartea hain txikia izanik, zazpi estaturen eskuetan egongo da Etxe Zuriko giltza: Arizona, Georgia, Michigan, Nevada, Ipar Carolina, Pennsylvania eta Wisconsin.
Halere, azken hauteskundeetan gertatutakoari erreparatuz gero, hiru estatuk izango dute pisurik handiena: Wisconsinek, Michiganek eta Pennsylvaniak. Hirukote horri harresi urdina deitzen diote AEBetan, duela lau urte bertan irabazi izanak eragin baitzuen Bidenek garaipena lortzea. Inkestek, emaitza orokorretan legez, gertu kokatzen dituzte bi hautagaiak. CNN AEBetako telebista kateak, esaterako, bihar zortzi argitaratu zuen inkestaren emaitzen arabera, Pennsylvanian bai Harrisek bai Trumpek botoen %48 lortuko dituzte. Wisconsinen eta Michiganen, tartea txikia bada ere, hautagai demokrata gailentzea aurreikusten du CNNk.
Hiru estatu horiek garrantzi berezia dute, gainera, Herdoilaren Gerrikoaren parte direlako. Hau da, Alderdi Errepublikanoaren —eta bereziki Trumpen— boto emaile talde handi bat duten estatuak: unibertsitate ikasketarik gabeko gizon zuriak, haietako asko. Duela lau urte ere erabakigarriak izan ziren hiru estatu horiek: Michiganek eta Wisconsinek, historikoki demokratak izan arren, Trumpen alde egin zuten 2016an, baina duela lau urte Biden gailendu zen bertan; Pennsylvanian ere Bidenek irabazi zuen, botoen %1,1 gehiago lortuta.
Atzo bukatu zen hauteskunde kanpaina, eta Harris, Pennsylvaniako berdinketaren jakitun, bertan egon zen. Hango hemeretzi ordezkariak bereganatze aldera, langile klasearengana gerturatu zen, auzorik eta herririk pobreenetan kanpaina eginez, baita Filadelfia hiri nagusian ere. Trump ere Pennsylvanian egon zen. Hark Reading eta Pittsburgh hirietan egin zuen kanpaina. Gainera, beste bi estatu erabakigarritan egon zen hautagai errepublikanoa: Ipar Carolinan eta Michiganen.
Abortatzeko eskubidearen inguruko galdeketak
Hamar estatuk abortatzeko eskubidearen inguruan bozkatuko dute gaur. Abortuaren babes konstituzionalaren inguruan izango dira galderak. Erreferendum horietako gehienetan, eskubide hori haurdunaldiko 23. edo 24. astera arte bermaturik egotea erabakiko da.
Sistema
Boto emaileek ez diote zuzenean ematen botoa gogokoen duten hautagaiari, Frantzian gertatzen den gisan, esaterako. Bihar bozkalekuetara joango diren herritarrek hautatzaileen batzarra osatuko duten kideak aukeratuko dituzte. Alderdiek erabakitzen dituzte zeintzuk diren hautagai horiek, eta, ezustekorik ezean, irabaziz gero, alderdiaren hautagaiaren alde bozkatzen dute. Hau da, Kalifornian Alderdi Demokratak irabazten badu, hautatzaileen batzarrera doazen Kaliforniako kideek Harrisen alde egingo dute.
Alderdi batek erakunde horretako gehiengoa badu, haren hautagaia presidente izendatzen dute. Hautatzaileen batzarrean guztira 538 ordezkari daude, eta estatu bakoitzak haren biztanleen araberako ordezkari kopuru bat du. Kaliforniak eta Texasek dute ordezkari gehien: 54 eta 40, hurrenez hurren. Presidente izateko, 270 ordezkariren babesa behar dute hautagaiek. Sistema hori dela eta, batzarrean gehiengoa izateak ez du esan nahi herrialdean boto gehien lortzea. Historian bost aldiz gertatu da hori; azkena, 2016an. Orduko hartan, Clintonek Trumpek baino hiru milioi boto inguru gehiago lortu zituen, baina hautatzaileen batzarrean Trump gailendu zen.
Salbuespenak salbuespen, estatu bakoitzean boto gehien lortzen duen alderdiak bereganatzen ditu ordezkari denak; bien arteko aldea boto bat izanda ere.
AEBetako hauteskundeetan estatuek garrantzi berezia duten arren, azken hamarkadetan hautesleen soslaiek ere zeresana eman dute. Pew Research Center inkesta enpresak egindako azken ikerketen arabera, unibertsitate ikasketak dituztenen %56k Harrisen alde egingo dute; batxilergoa ez dutenen artean, berriz, %41ek soilik bozkatuko dute Alderdi Demokrataren hautagaiaren alde. Herritar beltzen artean, Harrisen alde %77k egingo dutela adierazi dute, eta %13k Trumpen alde. Beltzen boza azken hilabeteetan aldatu da; izan ere, %79k «begi onez» ikusiko lukete Harrisen garaipena. Biden hautagai zenean, ostera, %66k egiten zuten haren alde.
Trumpen eta gutxiengoen arteko harremana are gehiago gaiztotu da azken egunetan. Aurreko asteartean, adibidez, Tony Hinchcliffe umoristak Puerto Ricoren aurkako txiste bat egin zuen Trumpen mitin batean: «Zaborrez egindako uharte bat dago ozeanoan. Uste dut Puerto Rico dela haren izena». Horrek komunitate horrek Trumpen aurkako botoa mugiarazi dezakeela ohartarazi dute AEBetako hedabideek.
Musulmanen botoa
Nazioarteko egoerak eragin zuzena izan dezake presidentetzarako bozetan: Israel Gazaren aurka azken urtean egiten ari den sarraskiak eta AEBen politikak kolokan jarri dute musulmanen Alderdi Demokrataren aldeko botoa. Are gehiago, CAIR Harreman Amerikar-Islamiarren Kontseiluak aurreko ostiralean argitaratutako inkestaren arabera, hirugarren hautagai baten alde egingo dute herritar horiek: musulmanen %42k Alderdi Berdearen hautagai Jill Steinen alde egingo dute. %41 inguruk Harrisen alde egingo dutela adierazi dute, eta %10ek Trumpen alde. Gainerakoek ez dute argi nori emango dioten botoa.
Hiru milioi musulman inguru bizi dira AEBetan, eta horietako asko estatu erabakigarrietan bizi dira; Michiganen eta Pennsylvanian, esaterako. Hortaz, haien botoa erabakigarria izan daiteke.
Hautagaiak pare-parean heltzeak ez du soilik presidentetzarako hauteskundeen emaitzen inguruko ziurgabetasuna eragiten. Izan ere, Ordezkarien Ganberako bozak eta senatarien heren bat aukeratzeko hauteskundeak ere egun berean izango dira. Horrez gain, 146 galdeketa egingo dituzte hamaika estatutan. Horiek, abortu eskubidearen, immigrazioaren eta drogen legeztatzearen ingurukoak dira, besteak beste.
Gutxieneko soldata igo nahi dute
Sei estatuk gutxieneko soldataren inguruko erreferenduma egingo dute hauteskunde egunean. Kalifornian, esaterako, gutxieneko soldata hori lan orduko hamazortzi dolarrera igotzea erabakiko da; Alaska eta Missourin, bestetik, hamabost dolarrera igotzeko galdeketa egingo dute. 1996tik 2022ra gutxieneko soldataren inguruko 28 galdeketa egin zituzten AEBetan, eta horietako %92 onartu zituzten.