AEBetako Auzitegi Gorenak bertan behera utzi du hainbat migratzaile El Salvadorrera deportatzeko erabakia

Donald Trumpek 1798ko Atzerriko Etsaien Legea baliatuta hartu zuen Venezuelako presoak deportatzeko erabakia.

Migratzaileen deportazioen aurkako protesta bat, New Yorken, artxiboko irudian. JAVIER OTAZU / EFE
Migratzaileen deportazioen aurkako protesta bat, New Yorken, artxiboko irudian. JAVIER OTAZU / EFE
edurne begiristain
2025eko apirilaren 19a
11:45
Entzun 00:00:0000:00:00

AEBetako Auzitegi Gorenak bertan behera utzi du Texasen preso dauden hainbat migrante El Salvadorko espetxe batera deportatzeko erabakia. Donald Trump AEBetako presidenteak joan den hilabetean erabaki zuen Texasko Bluebonnet presondegian preso dauden Venezuelako hainbat lagun El Salvadorko segurtasun goreneko kartzela batera deportatzea; 1798ko Atzerriko Etsaien Legea baliatuta hartu zuen erabakia. Lege hori gerra garaian erabili izan da bakarrik: besteak beste, 1812ko gerran Britainiar Inperioaren eta Kanadako kolonien aurka, eta Bigarren Mundu Gerran.

Trumpen gobernuak Tren de Aragua taldeko kide izatea leporatuta atxilotu eta kartzelatu zituen dozenaka migrante, eta ostiralean jakinarazi zieten berehala kanporatuak izango zirela. AEBetako Askatasun Zibilen Batasuna izeneko elkartean aritzen diren giza eskubideen aldeko hainbat abokatuk premiazko alegazioa aurkeztu zuten deportazioa geldiarazteko, eta eskari hori kontuan izanda hartu du erabakia Auzitegi Gorenak. Auzitegiak Trumpen administrazioari ohartarazi dio «bermerik gabeko» lege bat aplikatzeak «noraez autoritarioa» dakarrela.

Trumpek, presidentetzarako kanpainan eta kargua hartu zuenean, hitzeman zuen «inoizko deportaziorik handiena» egingo zuela, eta herrialdean dauden 11 milioi papergabeak kanporatuko dituela. Haatik, haren asmoen aurka ahotsa altxatu dute hainbat auzitegik. Auzitegi Gorenak deportazioak bertan behera utzi aurretik ere, James Boasberg Washingtongo epaile federalak edozein migratzaileren deportazioa kautelaz blokeatzeko agindua eman zuen, eta pertsona migratzaileak deportatzea helburu zuen hegazkin oro AEBetara itzultzera behartu zuen. Trumpen gobernuak, baina, ez zuen bete epailearen agindua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.