AEE Amerikako Estatuen Erakundea eta haren idazkari nagusi Luis Almagro denen ahotan egon dira asteotan, esku hartu baitute Boliviako estatu kolpean, baita Latinoamerikako beste gatazka batzuetan ere. Horretaz mintzatu da Pedro Brieger kazetari eta nazioarteko politikan espezializatutako soziologo argentinarra.
Amerikako Estatuen Erakundeak nola jokatu izan du Latinoamerikan?
1948an sortu zuten Amerikako Estatuen Erakundea, Gerra Hotzean, AEBen ekimenez. Sortzaileak bat zetozen Monroe doktrinarekin, harako «Amerika amerikarrentzat» harekin. Helburua zera zuten, eskualde hartako herrialdeak kontrolatuta edukitzea sobietarren mehatxua iruditzen zitzaien haren gainetik.
Zer interesen alde aritzen da?
Esan liteke AEBen kanpo politikaren tresna bat izan dela eta dela, hein handi batean, AEE.
Azkenaldian zertan sartu du eskua Latinoamerikan?
Aldaketarik handiena XXI. mendearen hasieran izan zen: organismo alternatiboak zabaltzen hasi ziren eskualde hartan, eta joera aurrerakoia ere zabalduz joan zen. Joera horretakoek Unasur sortu zuten, eta Hego Amerikako defentsa kontseilu bat ere bai;AEBak gabe, jakina. Celac ere sortu zuten, gobernu aurrerakoiek bultzaturik, AEBak eta Kanada gabe. Bere garaian, Ekuadorko presidente Rafael Correak esaten zuen nahi zuela Celacek AEE ordezkatzea, eta Latinoamerikako eta Karibeko herrialdeek tresnak izatea integrazioa eta eskualdeko debatea lantzeko.
Halakorik ez zen lortu, ordea, eta oraintxe ikusi dugu zeinen bortitz sartu den AEE Bolivian. Oraingo aldaketa honetan, erabakigarria izan da eskualdeko joera aurrerakoia ahuldu izana eta Almagrok beste bide bat hartu izana zuzendaritzan. Almagro Uruguaiko Fronte Zabaleko burua izana da; orain AEBen kanpo politikaren eskumakila da, eta Kubarekin eta Venezuelarekin obsesionatua dago. Diktaduratzat jotzen ditu bi herrialde horiek, eta argi eta garbi esaten du gobernu horiek botatzea duela egitekoa.
Boliviakoa gertatu eta gero, zertan da erakundea?
Latinoamerikako herrialde gehienek babesa eman diote Almagrori, eta baita AEEk Boliviariri buruz egin zituen bi txostenei ere. Gehienbat Mexikok jarri ditu auzitan txosten horiek eta Almagroren esku hartzea, eta Mexikok pisu berezia du eskualdean. Gainera, Mexiko apustu egiten ari zen ardatz aurrerakoi berri bat sortzearen alde, barnean Uruguai eta Argentinako gobernu berria sartuta, baina eskuineko gobernu bat dago oraintxe Uruguain. Gobernu aurrerakoien eta joera atzerakoiaren arteko lehia agerian dago eskualde hartan egunero-egunero, eta aldakorra da oso: horrek guztiak eragina du erakundean.
Bestelako organismo multilateral batek parte hartu balu, bestela bideratuko al zen gertatzen ari den hori guztia?
Unasurrek oso bestela jarduten zuen, gobernu aurrerakoiak zirelako nagusi batez ere. Beharbada, oraingoa konpara daiteke, esate baterako, Unasurrek Kolonbian izan zuen garairik larrienarekin: Alvaro Uribe zegoen orduan gobernuan, eta Ekuadorren esku hartu berria zen militarki. Kolonbiako gobernuburu ohi Ernesto Samperrek dioen bezala, eskualde horretan politikan gehiago aritzea behar da. Hau da, ulertu beharra dago gobernuek desadostasun ideologikoak dituztela, baina elkarrekin lan egin beharra daukatela. Kontua da eskualde horretako gobernu eskuindarrek lehenetsita daukatela AEBekin duten lotura, eta AEBen mendeko politika bat egiten dutela.
Ekuadorko Gobernuak oraintxe babesa eman dio Almagro berriz hautatua izateari.
Lehia bat dago idazkaritza nagusia dela eta ez dela. Abenduaren 15era arte aurkez zitezkeen hautagaitzak, eta Luis Almagro ahalegina egiten ari da, argi eta garbi, berriro hautatua izateko, baina paradoxa bat bada tartean: Uruguaiko oraingo gobernuak ez du babesten Almagroren hautagaitza. Badago hautagaitza alternatibo bat, Maria Fernanda Espinoza ekuadortarrarena: Nazio Batuen Batzar Nagusiko idazkaria izan zen urtebetean. Ekuadorrek ez dio babesik eman hautagai gisa, eta nahiko bitxia da hori, baina gauzak aldatu egingo dira seguru asko, bozketa martxoan izango baita, eta Uruguaiko gobernu eskuindar berriak babesa emango baitio Almagrori. Peruk ere aurkeztu zuen hautagaitza alternatibo bat: ikuskizun dago ea iraungo duen, baina Almagroren aldeko botoak bitan bana ditzake aurrera egiten badu. Garrantzizkoa da idazkari nagusiaren inguruko lehia hori, hark funtsezko eginkizun bat baitu eskualdean.
Urriaren 16an argitara emandako komunikatu batean, erakundeak modu esplizituan esan zuen Kubako eta Venezuelako diktadurak politika bolivartar batzuk bultzatzen ari direla kontinentea desegonkortzeko.
Almagrok bat egiten du AEBen politikarekin, eta Monroe doktrina ezarri nahi du ostera. Iruditzen zaio protestak konspirazioak direla, Kubaren eta Venezuelaren azpijokoak, Gerra Hotzean bezalaxe. Oso ikuspegi laburra du Txileko, Ekuadorko eta eskualde osoko protesta sozialei buruz. Protesta horiek pizteko ez da behar ez Kubaren eta ez Venezuelaren laguntza. Almagrok oso ikuskera sinplista du, Gerra Hotzeko ikuskera peto-petoa.
Zerbait aldatu al da Almagroren agintaldian?
Bai, argi eta garbi: Almagro AEBen aliatu bilakatu da, eta AEBek orain badute bere interesen alde egingo duen norbait, zuzenean halako politikak bultzatzen ibili beharrik gabe. Almagrori, gainera, bateko eta besteko sariak eman dizkiote AEBetan, denak ere zerikusia dutenak bai Estatu Departamentuarekin lotutako organismoekin eta bai AEBen kanpo politika babesteko jardunbidearekin: bereziki, organizazio judu askok eman dizkiote sariak, AEBen eta Israelen arteko lotura are gehiago sendotu nahian, Almagro ere horretan saiatu baita. Gaur egun, Almagrok AEBetako Estatu Departamentuko ordezkari bat ematen du.
Latinoamerikako herrien borroka. Pedro Brieger. Kazetaria
«AEBen kanpo politikaren tresna bat da AEE, hein handi batean»
AEBen zerbitzuan egotea egozten diete ezkerreko gobernu eta mugimenduek Amerikako Estatuen Erakundeari eta haren idazkari nagusi Luis Almagrori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu