AEBen jarrerak harremanak zailduko dituela ohartarazi du Txinak

Barack Obama eta dalai-lamaren arteko bilkurak, eta Taiwani armak saltzeko asmoek Txina haserretu dute

2010eko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Washingtonen eta Pekinen arteko harremana ez dago bere onenean. Txina, bederen, haserre dago AEBek azken egunetan hartu dituzten hainbat erabakirekin, eta hala jakinarazi dio Barack Obamaren gobernuari. «AEBen jarrerak larri kaltetuko du Txinarekin duen harremana». AEBek datozen asteetan dalai-lama Tibeteko buruzagiarekin egitekoa duen bilkurari egin dio aipamen Zhu Weiqun Txinako Alderdi Komunistako ordezkariak. Tibetekin duen gatazka bere ardura gisa ikusten du Txinak: «Txinaren barne arazoetan sartzeko ahaleginak sutsuki arbuiatzen ditugu». Iazko urrian, hain zuzen, dalai-lamarekin biltzeko aukerari uko egin zion Obamak, Txinari luzatutako keinu legez. Ostera, ordea, delegazioa bidali zuen Tibetera eta dalai-lamarekin biltzeko konpromisoa onetsi zuen. Dalai-lamak AEBetara bidaia egiteko asmoa iragarri du orain, eta batzarra egiteko baliatuko ote duen beldur da Pekin. Tibeteko ordezkariek otsailaren 16rako ezarri dute bilkurarako, baina Washingtonek «une egokiaren» zain daudela esan du. Edonola ere, balizko bilkurak bi potentzien arteko konfiantza eta kooperazioa arriskuan jarriko lukeela dio Txinak.

Urteetan luzatutako harreman gatazkatsua dute bi herrialdeek; dalai-lama separatistatzat jotzen du Txinak, Tibeterako autonomia gehiago eskatu izan duelako. Buruzagi tibetarra nazioartean bakartzeko ahalegina egin izan dute, hortik AEBrekin biltzearen aurkako jarrera. Thubten Samphel Tibeteko gobernuaren ordezkariak gogor kritikatu du Pekin: «Gure ustez, AEBak Txina eta dalai-lamaren arteko elkarrizketaren aldekoak dira. Bat datoz dalai-lamaren iritziarekin, eta defendatzen dute auzi tibetarra Txinako konstituzioaren barruan konpondu behar dela». Alde horretatik, Tibetek ez du arrazoirik ikusten bere buruzagiaren eta Obamaren arteko batzarraren aurka egiteko.

2002tik dira indarrean Txinaren eta Tibeten arteko negoziaketak. Joan den astean, hain zuzen, dalai-lamaren ordezkariak Pekinen izan ziren, elkarrizketen beste txanda batean; Alderdi Komunistak argi utzi du, ordea, bere burujabetzaren aurkako neurririk ez duela hartuko. «Harremanek ez dute aurrera egingo, Txinaren aurkako ekintzak bere horretan utzi eta oinarrizko errespetua agertzen ez badute». Dharamsalan (India) dute ezarria gobernua tibetarrek, 1959an Txinako okupazioaren aurkako erreboltak porrot egin zuenetik.

Armen salmenta

Dalai-lamaren eta Obamaren arteko batzarra ez da, baina, AEBen eta Txinaren arteko giro gaiztotuaren iturburu bakarra. AEBek Taiwani saldu beharreko armek ere sutan jarri dute Pekingo Gobernua. Asmo horiek indarrean jarraitzen badute, AEBetako enpresak zigortu egingo dituela gogorarazi zuen atzo Ma Zhaoxu Txinako Herri Errepublikako Atzerri Ministerioko ordezkariak. Washingtonek asmo horren berri eman zuen Kongresuan joan den astean. 6.000 milioi dolarretan -4.600 milioi euro- balioetsitako armak saltzeko proiektua aurkeztu zuen Barack Obamaren gobernuak; erabakia ez da irmoa, dena den, 30 eguneko epea baitute biltzarkideek aurkako jarrera erakusteko. Edonola ere, Txinak tentuz jokatzeko eskatu die AEBetako enpresei. Oraingoz, baina, enpresa horiek ez duteizan Txinak zigortuko dituen berri ofizialik. Singapurren bildu ziren herenegun salmentan parte hartzen duten enpresak, eta bi aldeen arteko elkarrizketara dei egin zuten. Munduko bi potentzia handienen arteko gatazkak zorigaiztoko ondorioak ekar ditzakeela nabarmendu dute, gaur egungo krisi ekonomikoaren ondorioz, are larriagoak bilakatu daitezkeenak.

Ez elkarturik, ez banandurik

Ezaguna da Washingtonen eta Pekinen arteko harreman malkartsua; elkarren ondoan jarrita txinpartak ateratzen dituzte, baina ezin elkarren urruti egon ere. Adituek ez dute uste Pekinek zigorrak gauzatzeko nahikoa gaitasunik duenik; nazioarteko teknologiari menpekotasun handia dio, are gehiago aeronautikan. Zigorrek arriskuan jarriko lituzkete, beraz, Pekingo teknologia beharrak. Merkatuan ere elkarren beharra dute, euren ustez; Txinak AEBetako defizita finantzatzen duen bitartean, AEBetako merkatua da Txinarentzat esportazioen jomuga nagusia.

Taiwanez eta Tibetez gain,AEBek Irani ezartzeko asmo dituen zigorrak ere gatazka iturri izan dira bi potentzientzat, baita auzi nuklearra eta Afganistan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.