Aurelio Alonso soziologoa eta saiakeragilea (Habana, 1939) Pensamiento crítico aldizkariaren sortzaileetako bat izan zen, 1960ko hamarkadan, eta gaur egun Casa de las Américas aldizkariko zuzendariordea da. AEBen blokeoa gainean izan arren, Kubako sistemaren eraldaketak aitzinera egin beharra duela uste du.
Nola eragiten die bahimenduak herritarrei egunerokoan?
Eragina erabakigarria da. Kubako merkataritzarentzat, AEBak dira agertoki naturala. Ez da gauza bera produktuak saltzea edo inportazioak egitea 90 miliara edo 6.000 milia baino gehiagora. Kuba ez da garapen bidean dauden herrien artean AEBek bahimendua ezarri dien bakarra, baina inolaz ere ez da inon horren konstantea eta zaila izan. Ez dago bertze kasuekin konparatzerik.
50 urte igaro dira. Nola ezarri zen blokeoa? Nola erantzun zuen hasieran nazioarteak?
Blokeoa neurri batzuen sekuentzia izan da, hesi ekonomikoa, politikoa eta soziala. 1959an Washington Kuba mehatxuka hasi zen. 1960an Kubako azukrea erosteari utzi zion, eta findegietarako petrolioa moztu. Horrek ohartarazi zigun gerora jasan behar izan dugun arduragabekeria. 1962an salerosketaren bahimendu orokorra ofizializatu zuten, eta 1964an gogortu, Lindon Johnsonen agindupean, botiketara eta elikagaietara zabaldu zuenean. Harreman ekonomikoa eta komertziala apurtu zen, eta, pixkanaka, gero eta gogorragoa izan da bide ekonomikotik proiektu kubatarra itotzeko ahalegina. AEBek lortu zuten Latinoamerikako gainerako gobernuek, Mexikok izan ezik, politika horrekin bat egitea. Bigarren Mundu Gerra amaitu zela hamarkada bat zen, eskas, eta Gerra Hotzaren garaia zen. Amerikako eta munduko herri askotako babesa izan arren, estatu askok, AEBen eraginpean, ez zuten ulertu nahi izan.
Nola egin dio aurre Kubak blokeoari Sobiet Batasuna erori zenetik?
Aurre egiteko modu bakarra, beti neurri batean, noski, nazioartean aritzeko bertze agertoki batzuk bilatzea da. Sobiet Batasuna desegin zenean, adierazle ekonomikoak pikutara joan ziren, CAME elkarri ekonomikoki laguntzeko kontseilua desagertu zen, baina hori nahikoa ez eta Sobiet Batasuneko eta Europa ekialdeko teknologia zaharkituta geratu zen. Horrexegatik erran daiteke 1990eko hamarkada izan zela zailena. Baina mende honen hasieran aldaketa nabarmen bat izan da Kubarentzat: ezinbestekoa izan da Venezuelako Iraultza Bolivartarra, ondoren Ekuadorkoa eta Boliviakoa, eta, oro har Latinoamerikako eta Karibeko herrialdeetan izan diren aldaketa guztiak, eraldaketa lausoagoak izanda ere kasu batzuetan, Argentinan dela edo Brasilen. Eredu berri horri gorputza emateko balio dute ALBAren egitasmoak eta CELACen sorrerak. Kubak gaur egun Latinoamerika eta Karibe alde dauzka. Horretaz gainera, Txinaren garapena —uharteko bazkide ekonomiko handiena da egun—, hagitz garrantzitsua izan da, eta Errusiarekin harremanak suspertzen ari dira; inoiz ez dira eten.
Barack Obamak bahimendua mantentzea espero zenuten?
Esperientziak erakutsi digu presidenteen aldaketetatik ez dugula espero behar Kubarekiko politika aldaketarik, egoera okertzeko ez bada. Hala ere, gustatzen zaigu, denei bezala, aldaketak itxaropenez ikustea. Eta pentsatzen dugu, gainera, blokeoak egunen batean amaitu beharko duela. Obamaren kasuan, hauteskunde kanpainan agindutakoak ez zituela beteko argi utzi zuen presidente egin zutenean. Etsigarri izan zen, baina erranen nuke jarrera horrek ez zuela inor harritu Kuban.
50 urtera, Sobiet Batasuna desagertuta, nola interpreta daiteke AEBen jarrera hertsia? NBEren azken bozketan soilik haiek eta Israelek egin zuten blokeoaren alde. Baina bakarrik geratzeak ez die ardura, nonbait.
Jakina. Washingtoni gero eta gutxiago axola dio munduak zer pentsatzen duen. Sobiet Batasuna erori ondoren horrenbertze botere hartu dute, non uste duten euren gobernuak ahalguztidunak direla, eta instituzioek menderaezin diren gotorlekuak balira bezala lan egiten dute. 1992an, Kuba munduko merkatuan pott eginda geratu zenean, blokeoa malgutu ordez, AEBetako Kongresuak Torricelli legearen alde egin zuen, eta, hala, bahimendua gogortu. Kubako portuetan geldialdia egiten zuten merkataritza ontziei AEBetan sartzea debekatzeraino. Lau urte geroago, Helms-Burton legeak neurri gehiago hartu zituen Kubarekin harreman ekonomikoak dituzten herrien gainean. Eta hori gutxi balitz bezala, George Bushen administraziopean senideen diru bidalketak mugatu zituzten, eta, oro har, AEBetan bizi diren kubatarren eta hemengoen arteko harremana. Etxe Zuriak ez du su-etenik izan Kubarekin.
Kuban aldaketa datorrela dirudi. Zer irtenbide dauka bahimenduari aurre egiteko? Zer aldarte dauka jendeak 50 urteren ondoren?
Kubatarrok ezin dugu zain egon, ezta errezatzen ere, blokeoa altxatzeko edo malgutzeko. Politika leunduko dute komeni zaien neurrian, ez gure beharren arabera. Eta guk prest egon beharko dugu malgutasun horrek ekarriko duenari aurre egiteko. Baina, oraingoz, politikak alda ditzaten zain egon gabe, XX. mendeko esperimentu sozialistak erakutsi dituen gabeziak konpontzeko, eraldaketak egin beharko ditugu. Uste dut kontsentsua dagoela porrota bertsio sozialista batena dela pentsatzeko orduan, esperimentu batena. Orain norabidea aldatzeko egiten hasi garen aldaketak AEBek zer, noiz eta nola egingo duten pentsatu gabe egin behar ditugu. Ekonomiaren egitura sakonki aldatu behar dugu, eta herritarren parte hartzea bultzatu erabaki garrantzitsuak hartzerakoan. AEBek Kubaren normalizazioaren aldeko aldaketak egiten baditu, ongi hartuko ditugu, baina AEBen jarrerak ezin ditu baldintzatu ezinbestean egin behar ditugun aldaketak.
Aurelio Alonso. Soziologoa
«AEBen jarrerak ezin ditu baldintzatu ezinbestean behar ditugun aldaketak»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu