Nazioarteko Migrazio Erakundeak (IOM) 686 hildako edo desagertu erregistratu zituen AEB Amerikako Estatu Batuen eta Mexikoren arteko mugan iaz. Datu horiek berretsi egiten dute muga horretan hiltzen dela jende gehien.
NBE Nazio Batuen Erakundeko agentzia horrelako datuak biltzen hasi zenetik, daturik okerrenetan bigarrena da —2021ean 729 hildako edo desagertu—. Berriki aurkeztutako txostenean IOMk dio 2022ko kopurua oraindik aldatu daitekeela migratzaileen agentzia garrantzitsu batzuen datuak falta zaizkielako; besteak beste, Texasko estatuaren (AEB) datuak eta Mexikoko bilaketa eta erreskate agentziarenak.
Hildako horietatik 105 emakumezkoak ziren; 468, gizonezkoak; eta 29, adingabeak. Gainerako 84 hildakoen sexua eta adina ezin izan zen zehaztu. Heriotzaren arrazoi nagusiak hauek izan ziren: haietatik 213 itota hil ziren; 142, garraioarekin lotutako istripuetan; 129, muturreko baldintzengatik eta aterpe faltagatik; 21, biolentziagatik; 19, istripuetan; 8, gaixotasun eta osasun arreta faltagatik, eta 154, arrazoi ezezagunengatik.
Kontinente osoko datuak ere aurkeztu dituzte, eta 1.457 lagun hil edo desagertu ziren, nahiz eta AEBen eta Mexikoren arteko mugan ia kasu horien guztien erdiak gertatu ziren. Nazioarteko Migrazio Erakundeak gaineratu zuen 2022a izan dela hildako eta desagertu gehien izan duen urtea.
IOMko Erdialdeko Amerikarako, Ipar Amerikarako eta Kariberako Eskualdeko zuzendaria da Michele Klein Solomon. Ohar batean adierazi zuen datu horiek «kezkagarriak» direla, eta beharrezkoa dela «estatuen parte hartzea». Ezinbestekoa iruditzen zaio datu bilketa horiekin jarraitzea, muga «seguruak eta irisgarriak» bilaka daitezen.
2014an hasi ziren datu horiek biltzen mundu osoan. AEBen eta Mexikoren arteko mugan azken zortzi urteotan guztira 4.664 hildako edo desagertu egon dira; Karibetik AEBetarako bidean 499, Dominikar Errepublika eta Puerto Rico arteko mugan 328 eta Darieneko parke naturalean (Panama) 320.
Datuak hartu zituzten lehenengo urtean 493 hildako edo desagertu egon ziren kontinente osoan.Gaur egun arte, 8.201 hildako edo desagertu kontatu ditu IOMk. Aurten, dagoeneko 763 lagun hil edo desagertu dira.
Karibeko arriskuak
Amerikan, hildako gehien Karibeko migranteen ibilbideetanizaten dira, AEBen eta Mexikoren arteko mugaren ondoren. 2014 eta 2022 bitartean 1.273 lagun hil edo desagertu dira. 2022an ordura arteko hildako eta desagertuen kopuru handiena erregistratu zuten: 350. Horietatik 70 emakumeak ziren; 89, gizonezkoak; 28, adingabeak, eta beste 163 hildakoen sexua eta adina ezin izan zen zehaztu.
Karibetik AEBetarako bidean izaten dira hildako eta desagertu gehienak. 2022an, guztira 203 hil edo desagertu ziren: 45 emakume, 72 gizon, 13 adingabe, eta 73 hildakoren sexua eta adina ezin izan zen zehaztu. Horrek erakusten du 2021etik —66 hildako edo desagertu— %206ko igoera izan dela.
Dominikar Errepublikaren eta Puerto Ricoren arteko mugan 104 pertsona hil edo desagertu ziren iaz. Hala ere, uste dute kopurua handiagoa izan daitekeela, itsasontzi asko arrastorik utzi gabe desagertzen direlako. Migratzaile gehienak itota hiltzen dira Karibe itsasoan.
Ibilbide hori oso arriskutsua da itsasoaren muturreko baldintzengatik eta migranteek erabiltzen dituzten itsasontzi eskasengatik. Naufragios Yolas esaten zaie arrastorik gabe desagertzen diren edo hondoratzen diren itsasontzi horiei.
Txostenean dominikar migrante baten itsas-bidaia horietako bat jasotzen dute. Puerto Ricora iristear zirenean, eguraldiak okerrera egin zuen, eta, gainera, iparrorratza hondatu egin zitzaien. Patroiak Dominikar Errepublikara itzuli nahi zuen, baina itsaslasterrek itsasontzitik bota zuten. Migranteak noraezean geratu ziren. Erredurak ere izan zituzten, eta harekin zihoan lagun bat hil egin zen. Bihotza «itsasoan gelditu» zela dio.
Darieneko tapoia
Panamako Darieneko parke nazionala ere migranteentzako ibilbidea bilakatu da, Hego Amerikatik Erdialdeko Amerikarako bidean. 5.790 kilometro koadro ditu, eta ia erabateko oihana da. Han, 141 migrante hil edo desagertu ziren iaz, 2021eko bikoitza baino gehiago. Hala ere, IOMk dio datu horiek ez direla errealak, eta seguruena gehiago izango direla. Izan ere, bide hori egin duten zenbait migranteren testigantzak jaso dituzte, eta badakite hildakoen gorpuak lurperatu izan dituztela.
Venezuelako migrante baten hitzak hartzen ditu txostenak: harentzat okerrena «umea galdu duten amen garrasiak dira».
AEBen eta Mexikoren arteko mugan hiltzen da migratzaile gehien
Nazioarteko Migrazio Erakundeak 686 hildako erregistratu ditu. Datuak biltzen dituztenetik, okerrenetan bigarrena da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu