Washingtonek ez du gaur egunenbaxadorerik Damaskon. Bi herrialdeen arteko harremanak oso bakanak dira azken urteotan. Siriako segurtasun indarrek inguru guztia hesitu zuten; izan ere, bertan beste hainbat herrialdetako enbaxadak eta eraikin ofizialak daudelako.
ATENTATUAREN BERTSIO EZBERDINAK. Bassam Abdel Majid Barne ministroak gertatutakoaren xehetasun guztiak azaldu zituen. Ekintzaileen helburua «AEBen enbaxada» zen, eta «etxean egindako bonbak eta arma automatikoak» zituzten. Enbaxadaren inguruetan tiroak botatzen eta korrika batean ibili ziren «erlijioaren inguruko esloganak» oihukatzen zituzten bitartean, aipatu ministroaren esanetan, beti ere. Eraikinaren kontra granadak ere jaurti zituzten. Erasotzaileen kideetako bat harrapatu zutela eta horren harira egingo diren ikerketek «nondik zetozen» argitzen lagunduko duela ere esan zuen Abdel Majidek. Beste lekuko batzuek, hasierako tiroketen ondoren, ustezko erasotzaileetako bi babesean jartzeko lekuren baten bila abiatu zirela esan zuten, baina, segurtasun indarrek atzetik jarraitu eta tiroz hil zituztela. Eta hirugarren bertsio batek, lekukoena hori ere, bi lagun auto batean gerturatu zirela zioen, enbaxadaren zaintzaileei tiroka hasi zitzaiela eta ondoren autoa zartarazi zutela.
Siriako komunikabideen arabera, hamalau lagun zauritu ziren liskarren eraginez, tartean segurtasun indarreko bi kide eta AEBen enbaxadako langile bat. Txinako ordezkari diplomatiko bat ere zauritu zen. Li Hongyu Txinako enbaxadaren teilatuan zegoen -AEBen enbaxadatik gertu dago- eta metraila-zatiek jo zuten aurpegian. Zauri arinak zituen, baina, erietxera eraman zuten.
AEBen ordezkariak enbaxada babestu izana «asko estimatzen» diotela jakinarazi zioten Siriari. Eraso horren atzean zeintzuk dauden «laster batean» esango dutela ere esan du.Damaskoren eta Washingtonen arteko harremanak eskasak diren unean eraso saioa egin izana nabarmendu dute hainbat komunikabidek. Siriak ez du begi onez ikusten Libanori kontra egiteko AEBek Israeli emandako sostengua. Libano eta Siriaren arteko mugan espioitzan ari ziren hegazkinak zeudela salatu zuten.
Annanek elkarlanerako borondatea eskatu die Irani eta Siriari
«Iranek eta Siriak nazioarteko komunitatearekin elkarlanean aritu beharko dute Libanon egonkortasuna lortzeko, eta nazioen familiako partaide izan nahi badute». Kofi Annan Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak atzo eginiko adierazpenak dira. Isolamendu egoerarekin bukatu nahi badute «ardura batzuk hartzen» hasi beharko dutela aholkatzen die bi herrialdeei Annanek. Dena dela, «munduko gainerako herrialdeekin harreman normalak» edukitzeko borondatea badutela esan zuen.Irango programa nuklearraren harira, arazoaren parte direnek hausnarketa egiteko bideren bat «aurkitzen» ez badute gatazkaren bat sortzeko arriskua dagoela eman zuen jakitera Annanek. Irango buruzagiak, idazkari nagusiaren arabera, «erasoegingo dieten beldurrez bizi dira».
Bin Laden harrapatuko duela zin egin du Bushek
AEBetako presidenteak adierazi du «terrorismoaren kontrako borroka» dela gaurko belaunaldien misioak.u.George Bush Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak batasunerako deia egin zuen atzo «terrorismoari aurre egiteko». 2001eko irailaren 11ko erasoen bosgarren urteurrenaren harira emandako hitzaldian borroka hori «gure belaunaldiaren misioa» dela esan zuen. Hamabost minutu pasatxoan, egoerak «aurrera» nola egin duen azaldu zuen, eta «terrorismoaren kontrako borroka hasi besterik» ez dela egin gogorarazi. Bushen esanetan, «mende honetako ideologia» izan behar du borroka horrek. AEBek garaipena lortuko dutela, eta Osama Bin Laden bezalako «terroristak» atxilotuak izango direla zin egin zuen
Iraken «akats» batzuk izan zirela, baina, hasi izanaren damurik ez zuen agertu: «Berdin dio zein akats egin ditugun; akatsik handiena erretiratuz gero terroristek bakean utziko gaituztela pentsatzea da». Lanak bukatu arte ez dutela herrialde utziko gaineratu zuen: «Irak nazio aske izango da, eta terrorismoaren kontrako borrokan aliatu sendo bat». Borroka, nazio askeek bizi duten bizitza eredua mantentzeko egiten dutela.
Bin Ladenek libre jarraitzen du, eta The Washington Post kazetaren arabera, arrastoa zaildu egin da. Al Kaedako burua harrapatuko duela zina egin zuen presidenteak: «Gure mezua argia da: berdin dio zenbat denbora beharko dugun, aurkituko dugu eta justiziaren aurrera eramango dugu».
OPOSIZIOAREN KRITIKAK.Edward Kennedy senatari demokratak hitzaldia gaitzetsi zuen, babes gutxi duen gerra baten alde egiteagatik: «Lotsatu egin beharko luke dolu eguna ez zuelako nazioa batzeko eta hildakoen alde egiteko erabili, gerra babesteko laguntza eskatzeko baizik».