Matxino huthiek erantzun egin diete larunbat gauean Ameriketako Estatu Batuek Yemenen haien aurka egindako erasoei, AEBen hegazkinontzi bati eraso eginez. Hegazkinontziari ez ezik, AEBek Itsaso Gorrian dituzten beste hainbat gerraontziri eraso diete huthiek, eta Abdulmalik al-Huti haien buruak esan du Itsaso Gorrian dagoen AEBetako edozein ontzi suntsitzea dutela helburu. Huthien osasun arloko iturriak gaur ohar bidez adierazi duenez, gutxienez 53 pertsona hil ziren larunbat gaueko erasoetan, AEBen erasoek «zibilak hiltzea» zuten helburu, eta, horregatik, «gerrako krimenak» dira.
Yehya Sarea huthien bozeramaile militarrak gaur adierazi du estatubatuarren hegazkinontziari eraso diotela. 24 orduan bi eraso egin dituzte huthiek ontziaren aurka, hemezortzi misil eta hainbat drone erabiliz. «Erasoari esker, lortu dugu gure herriaren aurkako beste eraso bat eragoztea, gure aurka zetozen hegazkinek itsasontzira itzuli behar izan dute eta», esan du Sareak. Huthiek ez ezik, AEBek ere eraso bat egin dute gaur gauean, Yemengo Saba albiste agentziak adierazi duenaren arabera. Hudaida hirian izan da, Sana hiriburutik 230 kilometrora.
Joan den astean, Sareak adierazi zuen huthiek Israelgo itsasontzien aurka jarraituko zutela harik eta «Gazara berriz laguntza humanitarioa iritsi arte». Israelek martxoaren 2an eten zuen Gazarako laguntza humanitarioa, argudiatuta Hamasek ez zuela onartu su etenaren lehen fasea luzatzea. Israeldarren merkataritza jarduera oztopatzeko helburuarekin, huthiek berrehun eraso inguru egin dituzte jada Itsaso Gorrian 2023ko urriaz geroztik.
Trumpen agindua
Donald Trump AEBetako presidenteak agindu zuen larunbatean Yemenen eraso egitea, eta Truth Social sare sozialaren bidez adierazi zuen huthien aurkako erasoak areagotuz joango direla baldin eta « aurrerantzean ere Itsaso Gorriko merkataritza oztopatzen badute». Sareak iragarri du AEBek erasoak areagotuz gero haiek ere gauza bera egingo dutela. «Indar terroristek ez dute lortuko Itsaso Gorrian AEBetako itsasontziei eraso egitea. Amaitu zaizue denbora: erasoak eten egin beharko dituzue orain; bestela, infernua lehenago iritsiko zaizue», txiokatu zuen Trumpek.
Larunbatean, bestalde, Trumpek Irango Gobernuari agindu zion huthiak laguntzeari uzteko. Atzo, Irango Guardia Iraultzaileko komandanteburu Hossein Salamik adierazi zuen huthiek beren kabuz hartzen dituztela erabakiak, eta Iranek ez duela zerikusirik erresistentziako indarren erabaki politikoetan. Trumpek egindako adierazpenei erantzun zien Salamik: «Arerio guztiei ohartarazten diet Iranen aurkako edozein mehatxuk erantzun gogorra eta erabakigarria izango duela».
AEBen erasoen harira, NBE Nazio Batuen Erakundeak kezka agertu du, eta erasoak eteteko eskatu. «Nazioarteko legeak eta giza eskubideak bermatzeko legeak beti errespetatu behar dira», adierazi zuen atzo Stephane Dujarric NBEko Idazkaritza Nagusiaren bozeramaileak. 2024ko azaroan, NBEk huthiei eskatu zien Itsaso Gorriko erasoak gelditzeko, iritzita «merkataritzako eskubideak urratzen» zituztela, besteak beste.
Hezbollah milizia xiitak elkartasuna adierazi nahi izan die matxino huthiei, eta Hamasek ere gaitzetsi egin ditu AEBek Yemenen egindako erasoak.