AEBek migranteentzako atxilotze gune bat bonbardatu dute goizaldean Yemengo Saada hirian, eta, matxino huthien arabera, eraso horretan gutxienez 68 pertsona hil dituzte, eta beste 48 zauritu. Etorkin afrikar papergabeak ziren gune horretan zeudenak, eta gerra krimen bat egitea egotzi diote huthiek Washingtoni, «etorkinak eta zibil errugabeak» izan dituelako jopuntuan. AEBek ez dute erasoa baieztatu, baina kontuan hartu behar da Yemenen kontrako kanpaina militar bat hasi zutela martxo erdialdean.
IOM Nazioarteko Migrazio Erakundeak —NBE Nazio Batuen Erakundearen agentzia bat da— eta Gurutze Gorriak gainbegiratzen dute gune hori, eta 2022ko urtarrilean ere bonbardatu zuten. Saudi Arabiak gidatutako nazioarteko koalizioak egin zion eraso orduan, eta, NBEk baieztatu zuenez, gutxienez 80 migratzaile hil zituzten. «AEBetako administrazioa da migratzaile afrikarren kontrako krimen ankerraren erantzulea», azpimarratu dute huthiek gaur, Yemengo Al Masira telebista kateak zabaldutako ohar batean.
Azkeneko asteetan Pentagonoko iturriek adierazi dutenez, matxino xiiten gaitasun militarra murriztea dute helburu bonbardaketek; iturri horiek beraiek zera jakinarazi zuten atzo, martxoaren 15az geroztik 800 eraso baino gehiago egin dituztela. Huthiek diotenez, kanpaina horrek 250 hildako baino gehiago eragin ditu, eta hildako horien artean zibilak daude. Atzo, esaterako, AEBek Sana hiriburuaren iparraldean egindako bonbardaketa batek zortzi pertsona hil zituen, eta hildakoen artean adingabeak zeuden, huthiek azpimarratu zutenez.
Pentagonoaren arabera, azken asteetako bonbardaketetan huthien hainbat lider hil dituzte. Kanpaina militarra justifikatzeko zera argudiatu du, huthiak eraso egiten ari direla bai Itsaso Gorritik igarotzen diren zamaontziei, bai Israeli berari —Irani egozten diote matxino horiei laguntzea, baina hark ukatu egiten du—. 2023ko azaroaz geroztik, Itsaso Gorritik igarotzen ari ziren dozenaka zamaontziri egin diete eraso huthiek, argudiatuta «Israelekin lotura» zutela; gainera, Tel Aviveko iturrien arabera, Israeli ere ehun bat aldiz egin diote eraso, 2023ko urrian Israel Gaza setiatzen hasi zenetik.