Europako aliatuek esan dute berek ere Ukrainari buruzko negoziazioetan parte hartu beharko luketela

Europako hainbat buruzagiren esanetan, kontinentearen «segurtasuna» dago jokoan. Pentagonoko buruak azpimarratu du AEBak ez direla ari Ukrainari «traizio» egiten.

(ID_14674728) BELGIUM NATO DEFENSE
Pete Hegseth AEBetako Defentsa idazkaria —ezkerrean—, gaur, Bruselan, parean Boris Pistorius Alemaniako Defentsa ministroa duela. OLIVIER HOSLET / EFE
Igor Susaeta.
2025eko otsailaren 13a
10:30
Entzun

AEBek, Donald Trump presidentea buru dutela, Errusiaren, Ukrainaren eta AEBen arteko negoziazioak hastea proposatu dute Ukrainako gerra bukatzeko. Borrokan ari diren aldeak ados daude. Eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen kide diren Europako aliatuek uste dute berek ere parte hartu beharko luketela elkarrizketa horietan. Hala adierazi dute gaur herrialde horietako batzuetako Defentsa ministroek, Mendebaldeko aliantza militarrak Bruselan egin duen bileran.

Etxe Zuriko maizterrak atzo proposatutakoak egonezina eragin du Europako herrialdeetako agintarien artean. Nazioarteko zenbait hedabidek iturri ofizialak aipatuz kaleratu dutenez, EB Europako Batasuneko ekonomiarik handienetako (Alemania, Frantzia, Italia, Espainia eta Polonia) Defentsa ministroak Parisen batzartu ziren atzo, Ukrainako auziaren inguruan zer jarrera hartu adosteko. Trumpek iragarpena egin zuenean, bileran zeuden, eta bat etorri ziren: Europak ere parte hartu beharra dauka negoziazio horietan.

Eta gaur mezu hori bera berretsi dute, NATOren batzarra hasi aurretik. Boris Pistorius Alemaniako Defentsa ministroak hedabideei esan die Europak «edozein negoziaziotan» parte hartu beharko lukeela; batik bat, AEBek iradoki baitute bake akordiorik izatekotan Europako aliatuek bermatu beharko luketela hura betetzea. Vladimir Putin Errusiako presidenteak begi onez ikusten du Trumpen planteamendua. Orduan, Pistoriusek kargu hartu dio, eta adierazi erasoak eten ditzala elkarrizketak «serio» hartzen baditu.

Herbehereetako Defentsa ministro Ruben Brekelmansen arabera, Europak negoziazio mahaian eseri beharra dauka. «Batez ere, segurtasun bermeei buruzkoak badira elkarrizketa horiek. Bermatu egin behar dugu Europako herrialdeek elkarrizketa horietan parte hartuko dutela». Izan ere, John Healey Erresuma Batuko haren homologoaren esanetan, «Ukrainaz haragoko mehatxu bat» da Errusia. Pal Jonson Suediako Defentsa ministroarentzat, «guztiz naturala» da Europak elkarrizketetan parte hartzea. Ñabardura bat egin du, dena den, Ukrainaren rola aintzat hartuta: «Ukrainak negoziatzea erabakitzen baldin badu, posizio indartsu bat izanda erabaki dezala».

Horrekin guztiarekin lotuta, EBren gaitasun militarra handitzearen alde mintzatu da Sebastien Lecornu Frantziako Defentsa ministroak, Bruselan. Haren esanetan, «ahultasunaren bidezko bakeak ondorio larriak» eduki ditzake Europarentzat. Mark Rutte NATOren idazkari nagusiak adierazi du «denek» nahi dutela «berandu baino lehen» Ukrainako gerra bukatzea. Hori bai, laguntza militarra ez eteteko eskatu du, bide batez: «Denok nahi dugu Ukraina ahalik eta posizio onenean egotea elkarrizketa horiek hasten direnerako».

Lurraldearen auzia

Trumpek ez du xehetasunik eman bere planteamenduari buruz, baina, aldez edo moldez, AEBek Kievi ohartarazi diote ezin izango dituztela bete, trukean, Ukrainaren bi eskaera nagusiak: NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kide bihurtzea eta Ukrainaren mugak 2014ko berak izatea. Dena dela, Pete Hegseth AEBetako Defentsa idazkariak nabarmendu du hori hala izanik ere ez direla ari Ukrainari «traizio» egiten. «Ezein herrialdek ez du guk baino konpromiso handiagoa hartu». Bruselan mintzatu da Hegseth. Urtarrilaren 20an Trumpek kargua hartu zuenetik Mendebaldeko aliantza militarrak egindako lehendabiziko batzarra da.

Errusiak duela ia hiru urte hasi zuen Ukrainako inbasioa, 2022ko otsailaren 22an, eta, harrezkeroztik, lau eskualde anexionatu ditu herrialdearen hegoaldean eta ekialdean (Donetsk, Luhansk, Zaporizhia eta Kherson), nahiz eta ez dituen goitik behera kontrolatzen. 2014an anexionatu zuen Krimeako penintsula. Kaja Kallas EBko diplomaziaburua Rustem Umierov Ukrainako Defentsa ministroarekin batzartu da gaur Bruselan, eta, ondoren Kallasek sare sozialen bidez adierazi duenez, Umierovek esan dio Ukrainak ez duela asmorik bere «lurraldetasunari» uko egiteko.

Hegsethen hitzetan, AEBek lagundu diote Ukrainari fronteko egoerak «egonkortzen», 300.000 milio dolarreko —288.000 euro— laguntza militarra emanda. Kopuru hori aipatu du. EB Europako Batasunak 200.000 milioi euroko laguntza eman dio Ukrainari azken hiru urteetan.

Eta gastu militarrari dagokionez, AEBetako Defentsa idazkariak azpimarratu du aliatuek beren BPG barne produktu gordinaren %3 edo %4 erabili beharko luketela defentsarako. 2014an, aliatuek konpromisoa hartu zuten gutxienez BPGaren %2 erabiltzeko gastu militarrerako. 32 aliatuetatik 23k baliatzen dute gutxienez portzentaje hori.

Ukrainak jaurtitako 83 drone erorarazI dituzte Errusian

Errusiako Defentsa Ministerioak esan du Ukrainak jaurtitako 83 drone erorarazi dituztela azkeneko orduetan. Horrekin lotuta, Errusiako Novgorod eskualdeko iturri militarrek jakinarazi dute bi drone erorarazi dituztela San Petersburgotik 200 kilometro ingurura. Informazio horren arabera, drone horiek Errusiako petroliobideen kontrolgune bat zuten jomugan. Ez dute biktimarik eragin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.