Guantanamoko espetxea itxi egingo zuela agindu zuen Barack Obama AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak hauteskunde kanpainan. Hurrengo hauteskundeak ere iristear dira, ordea, eta espetxeak irekita jarraitzen du. Eric Holder fiskal nagusiak esan du espetxea 2012ko bozen aurretik ixteko presioa egingo duela, baina ez du agindu lortuko dutenik. «Kongresuan aurkaritza handia aurkitu dugu. Dena den, presidenteak eta nik ahal bezain laster itxi nahi dugu Guantanamo, AEBen barnean espetxea ez ixteko presio handia egingo digutela jakin arren».
Holderren arabera, «Guantanamo ixtea onuragarria izango da denontzat», eta EB Europako Batasunarekin duten harremana hobetzen lagunduko die AEBei. EB Guantanamoko espetxearen aurka agertu izan da, baina Holderrek argi utzi du Bruselak ez diela espetxea ixteko presiorik egin.
Desadostasunak Europarekin
EBko ordezkariekin bildu ondoren egin ditu adierazpen horiek Holderrek. Izan ere, Brusela eta Washington negoziatzen ari dira egunotan, bidaiarien datuak babesteko akordio bat lortzeko. Holderren iritziz, hitzarmena lortzea garrantzitsua da «terrorismoari» aurre egiteko. Europako Legebiltzarrak adierazi duenez, «zailtasunak» dituzte akordioaren oinarrizko puntuetan ados jartzeko. Esaterako, zenbat denboran gordeko diren datuak eta noiz erabil daitezkeen. Dena den, negoziatzen jarraitzeko prest agertu da Brusela.
Gizabanakoen eskubideak «erabakitasun handiagoz» babesteko eskatu dio Legebiltzarrak Holderri. «Argi dago AEBetako herritarren pribatutasuna zaintzen dutela, baina konstituzioak ez dio gauza bera etorkinen inguruan», azaldu du Andrew Henry William Brons Erresuma Batuko ordezkariak. Holderrek, dena den, AEBek pribatutasuna «zorrotz» babesten dutela esan du.
AEBek zaila ikusten dute Guantanamoko espetxea 2012ko bozen aurretik ixtea
AEBetako fiskal nagusia Bruselarekin bildu da, bidaiarien datuak babesteko akordioaz mintzatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu