AEBek Ukrainari orain arte emandako laguntza

Washingtonek laguntza militar andana eman dio Kievi Errusiak erasoaldia abiatu zuenetik. Hiru urtean, besteak beste, milioika jaurtigailu eta dozenaka tanke eman dizkio Ukrainari.

Ukrainako bi soldadu tanke batean, artxiboko irudi batean. SERGEY KOZLOV / EFE
Ukrainako bi soldadu tanke batean, artxiboko irudi batean. SERGEY KOZLOV / EFE
maddi iztueta olano
2025eko martxoaren 4a
18:48
Entzun

Duela hiru urte Errusiak Ukrainaren aurkako erasoaldia hasi zuenetik, AEB Ameriketako Estatu Batuek laguntza militar anitz eman diote Kievi. AEBetako presidenteak, baina, laguntza hori etetea erabaki du gaur. Orain arte misilak, tankeak eta aireko defentsak eman dizkio Washingtonek, denak Joe Biden AEBetako presidente ohiak (2021-2025) onartutakoak.

Aireko defentsa

Errusiaren aire bidezko erasoei aurre egiteko, AEBek punta-puntako aireko defentsarako materiala bidali diote Ukrainari: lurretik airerako Patriot misilentzako hiru bateria, hamabi NASAMS, Hawk sistemako zenbait misil eta haientzako munizioa, eta airekoen aurkako 3.000 Stinger misil, besteak beste. Horrez gain, aire eremurako 21 zaintza radar ere eman dizkiote.

Misilak eta morteroak

Washingtonek 155 milimetroko berrehun obus baino gehiago bidali ditu, eta hiru milioi jaurtigai; baita 105 milimetroko 72 obus ere, eta milioi bat jaurtigai. Halaber, 700.000 mortero baino gehiago bidali dizkio Kievi. Bestalde, tankeen aurkako 20.000 misil eta ibilgailuen aurkako 120.000 arma ere bidali ditu; eta arma txikientzako 500 milioi jaurtigai baino gehiago eta hainbat granada.

Tankeak eta gerra hegazkinak

Pentagonoak behin baino gehiagotan baztertu du bere gerra hegazkinak Ukrainara bidaltzea; Bidenen administrazioak, ordea, hogei gerra hegazkin bidaltzeko agindua eman zuen, baita hainbat drone mota ere.

Lehorreko ekipamenduari dagokionez, AEBek 31 Abrams tanke —Washingtonek dituen tanke motarik aurreratuenak dira— eman dizkio Ukrainari 2023ko urtarrilaz geroztik, baita 45 T-72B tanke ere. Bestalde, borrokarako 300 ibilgailu ere bidali dituzte, 1.300 ibilgailu eta 300 anbulantzia blindatu, eta 5.000 ibilgailu militar baino gehiago. 

Bestelakoak

Lehorreko eta aireko defentsarako eta erasorako ekipamendu militarra ez ezik, kosta zaintzeko ekipamendua eta bestelako tresnak ere bidali dituzte AEBek, hala nola ehun gerraontzi, ilunpetan ikusi ahal izateko betaurrekoak eta satelite bidezko komunikaziorako sistemak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.