AEBek Ukrainarako bake negoziazioak uzteko mehatxu egin dute

Moskuk eta Kievek bakerako urratsik egin ezean, Washington ez da «ahaleginduko» menia lortzeko, Marco Rubio AEBetako Estatu idazkariak esan duenez.

Barrot Frantziako Atzerri ministroa, Lammy Erresuma Batukoa eta Marco Rubio AEBetako Estatu idazkaria, atzo, Parisen. JULIEN DE ROSA / EFE
Barrot Frantziako Atzerri ministroa, Lammy Erresuma Batukoa eta Marco Rubio AEBetako Estatu idazkaria, atzo, Parisen. JULIEN DE ROSA / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2025eko apirilaren 18a
13:15
Entzun 00:00:0000:00:00

AEB Ameriketako Estatu Batuek Ukrainarako menia adosteko «gidaritza» hartu duten honetan, Etxe Zuriko ordezkariak Europako potentziekin bildu ziren atzo, Donald Trumpek AEBetako presidente kargua hartu zuenetik elkarrengandik aldenduta ibili diren arren. Ukrainarako «bake sendo bat» aldarrikatu zuten atzo AEBetako ordezkariek eta Ukrainakoek, eta Frantziakoek, Alemaniakoek eta Erresuma Batukoek ere bai; gaur, ordea, ohartarazpena egin du Marco Rubio AEBetako Estatu idazkariak: Moskuk eta Kievek bakerako urratsik egin ezean, AEBek bertan behera utziko dituzte Ukrainarako su etenerako bitartekaritza lanak.

«Ez gara ahaleginduko ez aste gehiagoz, ezta hilabete gehiagoz ere», esan die Rubiok kazetariei Paris utzi aurretik, eta azpimarratu du presazkoa dela Errusiaren eta Ukrainaren arteko bake akordioa lortzea: «Heldu gara puntu batera non erabaki eta zehaztu behar dugun posible dela; horregatik ari gara bi aldeekin dialogatzen». Adosten dutena adosten dutela, «datozen egunetarako» beharko du izan, idazkariaren arabera, AEBek «beste lehentasun batzuk» dituztelako.

Trumpek atzo iragarri zuen «aste honetan» jasoko dutela menia proposamen baten gaineko erantzuna Errusiaren partetik: «Ikusiko dugu». Rubiok, bere aldetik, adierazi du Moskuk eta Kievek «urrunduta» jarraitzen badute balitekeela negoziazioak etetea: «Uste dut [Donald Trump AEBetako] presidentea 'amaitu dugu' esatear egongo dela».

Martxoaren 11n, Ukraina eta Errusia AEBekin bildu ziren Saudi Arabian, nor bere aldetik: Ukrainak 30 eguneko su eten proposamena onartu zuen; Errusiak, berriz, iritzi zion konpondu beharreko zenbait «ñabardura» zeudela. Hurrengo astean, martxoaren 18an, energia azpiegituretarako menia adostu zuten bi aldeek, nahiz eta geroztik akordio hori urratzea egotzi dioten elkarri.

Rubiok gogoratu du «Europako kontinenteko» gerra bat dela Ukrainakoa: «AEBak Ukrainari laguntzen aritu dira azken hiru urteotan, eta nahi dugu [gerra] amaitzea, baina ez da gure gerra». Atzo AEBen ordezkariak ez zuen egin adierazpenik Europako herrialdeekin bildu eta gero; gaur, berriz, esan du Frantziak, Alemaniak eta Erresuma Batuak «konponbiderantz lagundu» dezaketela: «Beren ekarpenak lagungarriak eta eraikitzaileak izan dira».

mineralen akordioa «Lehenbailehen» sinatu nahi dute ukrainak eta aeb-EK

Kievek eta Washingtonek apirilaren 26a baino lehenago itxi nahi dute Ukrainako mineral arraroak ustiatzeko akordioa, eta «lehenbailehen» sinatu, Ukrainako Ekonomia Ministerioak kaleratu duen memorandumean zehaztu duenez. Horretarako, Denis Xmihal Ukrainako lehen ministroa Washingtonera joango da datorren astean, Scott Bessent AEBetako Altxorreko idazkariarekin biltzeko. Mineralen truke, herrialdea berreraikitzeko inbertsio funtsaz eztabaidatuko dute, «bi herrialdeen eta bi gobernuen arteko aliantza ekonomikoa» sendotzeko, ministerioaren arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.