Migratzaileak gelditzeko presioa handitu diote AEBek Mexikori

Ia 10.000 etorkinez osaturiko beste karabana bat bi herrialdeen arteko mugara bidean da. Joan den hilabetera arte 2,2 milioi lagun baino gehiago saiatu dira AEBetan sartzen.

MEXIKO MIGRATZAILEAK
Ia 10.000 migratzailez osaturiko karabana, herenegun, Huixtla inguruan, Mexikon. JUAN MANUEL BLANCO / EFE
ander perez zala
2023ko abenduaren 27a
17:35
Entzun

AEB Ameriketako Estatu Batuetako mugako agenteak gainezka daude. Geroz eta migratzaile gehiago iristen ari dira Mexikoko mugara, eta, hilabeteotan, horien eskariak prozesatzea izan dute lanik handiena. Aurtengo kopuruek hala berresten dute: kasurako, joan den hilabete amaiera arte, 2,2 milioi etorkin saiatu dira AEBetara sartzen, herrialde horretako CBP Aduanen eta Mugako Babesaren Bulegoaren datuen arabera. Kopuru hori historikotzat dute, eta Joe Biden AEBetako presidentea geroz eta presio handiagoa jasaten ari da afera horren inguruan, batez ere Alderdi Errepublikanoaren partetik; besteak beste, Ukrainarentzako laguntza onartzearekin lotu baitu migrazioaren auzia bideratzea. Bidenen irtenbidea horixe bera izan da, hark ere presio egitea, baina beste agintari bati: Andres Manuel Lopez Obrador Mexikoko estatuburuari.

AEBetako estatuburua joan den ostegunean mintzatu zen, telefonoz, Lopez Obradorrekin, eta Antony Blinken AEBetako Estatu idazkaria eta Alejandro Mayorkas Segurtasunekoa Mexikoko presidentearekin biltzekoak dira gaur, ezohiko bilkura batean. Blinkenek eta Mayorkasek etorkinak Mexikon bertan geldiaraztea nahi dute, bi herrialdeen arteko mugara iritsi ez daitezen.

Migratzaileen mugimendua gelditzea, edo, behintzat, joan-etorri horiek gutxitzea izan da Bidenen lehentasunetako bat AEBetako presidente denetik, baina orain arte ez du arrakastarik izan. Eta, hain justu, Eguberri egunean, ia 10.000 etorkinez osaturiko beste karabana batek ibilbidea hasi zuen, Huixtlan (Mexiko), iparraldeko mugara iristeko —gehienak Kubakoak, Haitikoak eta Honduraskoak dira—.

Horretan parte hartzen ari direnek «pobreziaren exodoa» deitu diote martxa horri, eta aurten jende gehien bildu duen taldea da. Mexikoko estatuburuari eskatzen diote bidaia ez gelditzeko, eta AEBetako Gobernuari, berriz, herrialde horretan sartzen uzteko.

Karabana horretan parte hartzen ari direnetako bat Luis Rey Garcia Villagran da, Mexikoko CDH Pertsonak Duintzeko Zentroko zuzendaria, eta oso kritiko agertu da bi gobernu horien jarrerarekin. «Mexiko batzartu egingo da [Ameriketako] Estatu Batuei dirua eskatzeko, eta hori emango diote pobreenen kontra borrokatzeko, nahiz eta Andres Manuel Lopez Obradorrek esan zuen horiek defendatuko zituela. Mexikon, emakumeak, haurrak eta giza eskubideen defentsa kriminalizatu dituzte», adierazi dio Efe albiste agentziari.

Mexikoko presidenteak joan den ostiralean adierazi zuen, agerraldi batean, «planak indartu» egingo dituztela migratzaileen afera bideratzeko. Eta gaur esan du, Blinkenekin eta Mayorkasekin egitekoa duen bilkuraren bezperan, ez duela uste AEBetako Gobernuko kide horiek kontrolak gogortzeko eskatuko diotenik.

Alde bakarreko erabakiak ere bai

Hori bai, agintari horrekin elkarlanean aritzeko asmoa duen arren, Etxe Zuriak hilabeteotan hartu ditu alde bakarreko zenbait erabaki; esaterako, hegoaldeko mugako hiru pasabide itxi ditu, Texasen.

Eta, horrekin lotuta, estatu horretako gobernuak ere lege gogorrak sustatu ditu etorkinen kontra; harrabotsik handiena hilaren 18an onarturikoak sortu du, datorren urteko martxotik aurrera aukera izango baitute Texasen legez kanpo sartzen direnak atxilotu eta horien deportazio tramiteak hasteko.

Bidenek eta, haren aurretik, Donald Trumpek (2017-2021) egin dituzte akordioak Mexikorekin afera horren inguruan; horien arabera, herrialde horrek harrera egin behar die AEBetara sartu nahi duten etorkinei, behin-behinean. Badirudi, hortaz, hori izango dela, oraindik ere, Etxe Zuriaren migrazio politika; are gehiago kontuan harturik Trump bera Alderdi Errepublikanoaren presidentegaia aukeratzeko primarioetako kanpaina betean dagoela murgilduta, eta horren ardatz nagusi bilakatu dituela migratzaileen kontrako mezuak. Ez dirudi, hortaz, aldaketarik izango denik hura berriz presidente aukeratuko balute datorren azaroko bozetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.