Ipar Amerika

AEBek, Kanadak eta Mexikok harremanak sendotu dituzte

Joe Biden, Justin Trudeau eta Angel Manuel Lopez Obrador Mexikon elkartu dira, eta adostu dute Ipar Amerikan eskualdearen segurtasuna areagotuko dutela, legez kanpoko migrazioa borrokatuko dutela eta lehiakortasuna bultzatuko dutela.

Biden, Lopez Obrador eta Trudeau, Mexikoko goi bileran. JOSE MENDEZ, EFE
jon ordonez garmendia
2023ko urtarrilaren 11
09:41
Entzun

Three amigos (hiru lagun) esaten zaie AEBetako, Kanadako eta Mexikoko presidenteei elkartzen direnean, baina, bart gauean Joe Bidenek, Justin Trudeau eta Andres Manuel Lopez Obradorrek egin duten bileran, hori baino gehiago direla esan dute: ez direla «bizilagunak», baizik eta «bazkideak». Ipar Amerikako Buruen X. Goi Bileran izan dira hiruak bart (NALS, ingelerazko siglekin).

Mexikon elkartu dira Ipar Amerikako hiru agintariak, eta segurtasunaren, garapenaren, jasangarritasunaren eta inklusioaren arloetan euren arteko harremana indartzeko konpromisoa hartu dute. Ohar bateratu batean adierazi dute hainbat printzipio komun izango dituztela: aniztasuna, berdintasuna eta inklusioa, klima aldaketaren aurkako politikak eta ingurumenaren defentsa, eskualdearen lehiakortasuna, migrazioaren kontrola eta garapena, osasuna eta segurtasuna.

«Migrazio seguru, ordenatu eta gizatiar» baten garrantzia azpimarratu dute hiruek, eta duela sei urte hiru herrialde horiek Los Angelesen (AEB) sinatu zuten adierazpena berretsi. Gaur erdietsi duten akordioan, legearen araberako migrazio bideak zabaldu eta bultzatzea adostu dute. Baita migratzaileen eta errefuxiatuen integrazioa bultzatzea eta asiloa edo babesa eskatzen dutenak babestea ere.

Legez kanpoko migrazioa murrizteko ahaleginean jarraituko dutela esan dute, eta iragarri dute webgune bat sortuko dutela legearen barruan dauden migratzeko aukerei buruz informatzeko.

Horrez gain, legez kanpoko migrazioaren eta desplazamendu behartuen «sakoneko erroei eta eraginari» heltzeko beharra nabarmendu dute. Besteak beste, kontinentearen segurtasuna indartzeko estrategiak garatuko dituzte, era guztietako mehatxuei aurre egiteko: nazionalak, eskualde mailakoak, globalak eta Internet bidezkoak.

Elkarlana, delitugileak atxilotzeko

Segurtasunaren arloan, adierazi dute euren arteko elkarlanak printzipio bat izango duela: «Giza eskubideen eta zuzenbide estatuaren errespetuak seguruago egiten du Ipar Amerika», dio oharrak. Arlo horretan, adostu dute euren arteko mugez gaindi atxilotuko dituztela delitugileak eta ikertuko dituztela delituak, eta horien artean aipatu dituzte dirua zuritzea, haurren sexu esplotazioa, legez kanpoko suzko armak edukitzea eta pertsonen trafikoa. Droga trafikoaren aurkako borrokan ere kolaboratzen jarraituko dutela esan dute.

Norbere herrialdean baztertutako komunitateei euren demokrazian eta ekonomian parte hartzeko aukerak eskainiko dizkietela ere esan dute, «parte hartze osoa eta esanguratsua izan dezaten, berdintasunean». «Aniztasuna, berdintasuna eta inklusioa» beharrezkotzat jo dituzte AEBak, Kanada eta Mexiko indartzeko, biziberritzeko eta erresilienteak izateko.

Ekonomiari dagokionez, hiru herrialdeen arteko akordioak dakarzkien onurak azpimarratu dituzte, eta prest agertu dira Ipar Amerikara «kalitate oneko inbertsioak» erakartzeko duten gaitasuna areagotzeko, eta berrikuntza eta euren ekonomien erresilientzia bultzatzeko. Zehaztu dute euren artean hornikuntza kateak indartzen ahaleginduko direla, eta inbertsio zehatzak bultzatuko dituztela etorkizunean garrantzitsuak izango diren sektore batzuetan, hala nola erdieroaleen sektorean eta ibilgailu elektronikoenean. «Elkarrizketa publiko-pribatuetara deituko dugu, eta elkarrekin dauzkagun erronka eta aukerei aurre egiteko hornikuntza kateak marraztuko ditugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.