Nazioarteko Justizia Auzitegiak Israeli laguntza humanitarioa Gazara iristea ahalbidetzeko erabakiak hartzeko eskaera egin eta biharamunean heldu da kolpea: AEB Amerikako Estatu Batuek, Kanadak, Italiak, Finlandiak, Eresuma Batuak, Herbehereak eta Australiak UNRWA finantzatzeari utziko diote. Nazioarteko Justizia Auzitegia bezala, UNRWA NBE Nazio Batuen Erakundearen organoa da; Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoa, hain zuzen. Bulegoa diruz laguntzeari utziko diote, hainbat kidek Hamasekin harremana dutela salatu baitute azken egunetan. Hamasek gezurtatu egin du salaketa.
Iazko urriaren 7an Hamasek Israelen aurka egindako erasoan parte hartu izana leporatzen die Israelek UNRWAko hamabi kideri. NBEren lan bulegoak atzo izan zuen informazio horren berri, eta langile horiei kontratua deuseztatu zien. Gainera, plazaratu dute barne ikerketa bat hasi dutela «egia ahal bezain laster» ezagutarazteko. Palestinako barne iheslariei laguntza ematea da UNRWAren zeregin nagusia Gazan; hau da, biztanleriaren %85 laguntzen du —1.900.000 lagun inguru—. UNRWA, halere, ez da Israelen salaketen jomuga izan den NBEren organo bakarra. Izan ere, OME Osasunaren Mundu Erakundeko langileei ere gauza bera leporatu die.
Harrabotsa eragin du, ordea, Israelen informazioak. AEBak eta Kanada izan dira aurrenekoak UNRWAren aurka egiten, gaur goizean. Kanadak erabakia hartu du NBEren organoari ematen dion laguntza gehigarria ukatzeko. Penny Wong Australiako Atzerri ministroak, bestalde, esan du finantzaketa «behin-behinean» etengo dutela, UNRWAren «bat-bateko erantzuna» eta haren lana txalotu dituen arren. Australiak, duela egun gutxi, diru laguntza handitu zien Palestinan laguntza humanitarioa ematen duten erakundeei: guztira 21,5 milioi dolar. Horietatik sei UNRWArentzat ziren, baina, gobernuaren erabakiarekin, bertan behera gelditu dira.
174Hildakoak azken 24 orduetan Nazioarteko Justizia Auzitegiak Israel Gazan egiten ari dena genozidio bat ote den ikertzeko «nahikoa ebidentzia juridiko» daudela ebatzi eta hurrengo 24 orduetan, hamazortzi eraso egin ditu Tel Avivek, Palestinako iturrien arabera.
Europan pausoa eman dutenak Herbehereak, Erresuma Batua, Italia eta Finlandia izan dira. Antonio Tajani Italiako Atzerri ministroak argudio berak baliatu ditu UNRWAri diru laguntza ukatzeko. Are gehiago, Tajanik gaitzetsi egin ditu edonork Hamasekin izan ditzakeen loturak, argudiatuta «Hamas Gestapo [Alemania naziko polizia sekretua] berria» dela: «Antisemitismoa eta Hamas SS berriak dira, Gestapo berria, era zientifikoan aritzen baitira juduaren ehizan». Giorgia Meloniren gobernuko kideak gaur esan ditu hitz horiek, Holokaustoa Oroitzeko Nazioarteko Egunean alegia, Milanen. Norvegiak, bestalde, bere finantzaketari eutsiko diola plazaratu du.
Erantzuna azkar heldu da Palestinatik. Hamasek hasieratik ezeztatu du harremanik dagoela beraren eta NBEko langileen artean. Hamasen iritziz, Israelen «xantaien pean» hartu dute erabakia herrialdeek, eta Israelek Gazatik kaleratu nahi ditu UNRWA eta OME, «palestinarrek gaur egun dituzten bizitzeko bide bakarrak eten» nahi dituelako.
Palestinako Aginte Nazionalak deitoratu egin du zazpi herrialdeek URNWAri finantzaketa kendu izana. Aginte Nazionala da Palestinako gobernutzat diharduena nazioarteko aferei dagokienez —Zisjordanian dute boterea soilik, baina herrialde gehienek ez dute onartzen Hamasen Gazako Gobernua—, eta haren Atzerri Ministerioak NBEren ikerketa amaitu aurretik finantzaketa kendu izana aurpegiratu die nazioarteko gobernuei. Hori dela eta, gobernuei finantzaketa berrezartzea galdetu die, «nazioarteko legeak hala adierazten baitu».
UNRWArik gabeko etorkizuna
NBEren organo hori Gazan gerra hasi zenetik mantentzen diren erakunderik handienetan bigarrena da, Gazako Gobernuaren atzetik. 30.000 langile ditu guztira. AEBek laguntza kentzea erabaki duten egunean bertan aitortu dute UNRWAk Gazan egiten duena «ezinbesteko lana» dela, palestinarrei laguntza humanitarioa ematen baitie. Are gehiago, Washingtonek iritzi dio UNRWAren lanak «bizitzak salbatu» dituela.
Israelek, baina, ez du begi onez ikusten NBEren lana. Israel Katz Atzerri ministroak esan du UNRWAk «bakea oztopatzen» duela, «Hamasen adar zibiltzat» diharduelako Gazan. Tedros Adhanom Ghebreysus OMEko zuzendariak bere erakundearen eta URNWAren aurkako «akusazio faltsuak» zabaltzeari uzteko eskatu die nazioarteko eragileei: «Oso kaltegarriak dira euren bizia arriskatzen duten gure Gazako langileentzat».
Tel Avivek, baina, ez du atzera egiten NBEn aurkako oldarraldian. Katzek esan du URNWAk ezin duela parte hartu Gazaren etorkizunean, eta gaineratu du erakunde hark «bere ekintzengatik ordaindu behar duela». Hamasen parte eta bakearen oztopo direla esateaz gain, Katzek esan du «errefuxiatuen afera indartzen» duela URNWAk. Bide beretik, Israelgo Atzerri ministroak aurreratu du «pertsonalki» lan egingo duela UNRWAk eta haren langileek zerrendaren etorkizuneko funtzionamenduan zereginik ez izateko politiken alde.