Errusiak Ukrainako inbasioa hasi zuenetik hiru urte beteko dira hamar egun barru, eta aldeak negoziatzen hasteko prest daudela iragarri du asteon Donald Trump AEBetako presidenteak. Elkarrizketa horietan «jende asko harrituko duen akordio bat» lortuko dutela uste du J.D. Vance AEBetako presidenteordeak, The Wall Street Journal egunkariak gaur argitaratutako elkarrizketa batean esan duenez. Xehetasun gutxi eta zalantza asko daude, ordea, negoziazio horien inguruan. Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik gaur jarri du mahai gainean eztabaida horiei ekiteko aurreneko baldintza: «Ez daukat errusiarrekin biltzeko asmorik. Errusiar bakar batekin bilduko naiz, Putinekin [Vladimir, Errusiako presidentea], baina soilik Trumpekin eta Europarekin plan bat adostu ondoren».
Municheko Segurtasun Konferentzian (Alemania) egin duen agerraldian esan ditu hitz horiek Zelenskik; Ukrainako gerra izango baita urtero egin ohi den defentsa foro horren ardatzetako bat. Trumpek atzo prentsari iragarri zionez, foro horren harira Errusiako eta AEBetako ordezkarien arteko bilkura bat egitekoak dira; eta gehitu zuen: «Bide batez, Ukraina ere gonbidatuta dago». Baina Kremlinek esan du ez dutela ordezkaritza ofizialik bidali Munichera, eta Kievek ere jakinarazi du ez dutela programatua Errusiako ordezkariekin biltzea. Aurrez aurre elkartu direnak Zelenski eta Vance izan dira. Bilkura «ondo» joan dela kontatu dio prentsari Ukrainako presidenteak, eta esan du AEBetako presidenteordeari exijitu diola «Putin gelditzeko» elkarrekin egin behar dutela lan Washingtonek eta Kievek.
Etxe Zuriko maizterrak asteon ireki dizkio ateak Ukrainako Gerrari buruzko negoziazio mahai posible bati, herenegun Ukrainako eta Errusiako presidenteekin telefonoz hitz egin ondoren. Ukrainako presidenteak iritzi dio, ordea, telefono deiak horixe baino ez direla, «telefono bidezko deiak», eta ez direla aintzat hartu behar. «Biltzea da garrantzitsua, eta ez hartzea ezein erabaki Ukrainaren parte hartzerik gabe; ez dugu inoiz horrelakorik onartuko». Horrekin lotuta, eskatu die AEBei EB Europako Batasuna ere aintzat hartu dezatela Ukrainarako negoziatu nahi duten akordioaren diseinatze lanetan; are, Errusiaren aurrean Ukraina, EB eta AEBak «politikoki batuta» egotearen garrantzia azpimarratu du.
«Biltzea da garrantzitsua, eta ez hartzea ezein erabaki Ukraina gabe; ez dugu inoiz horrelakorik onartuko»
VOLODIMIR ZELENSKIUkrainako presidentea
Konferentzian izan da Vance ere, eta Errusiarekin «arrazoizko» akordio bat erdiestea posible dela berretsi du, bertan eman duen hitzaldian. Are, negoziazioei begira, haren adierazpenek kokagune hobean uzten dute Kiev, herenegun AEBetako Defentsa idazkari Pete Hegsethek esandakoek baino. Hegsethek iradoki zuen AEBek ez dutela esku hartze militarrik egingo Errusiaren aurka, eta gaineratu zuen Europari dagokiola Ukrainari laguntza militarra bidaltzen jarraitzea. Gaur berretsi du ez duela uste AEBek Ukrainara tropak bidaliko dituztenik. Halere, Trumpek balizko negoziazioetan erabakitzen duenari mugarik ez diola jarriko ere esan du AEBetako Defentsa idazkariak Varsovian, Poloniako Defentsa ministroarekin batzartu ostean.
Ukrainaren mugak 2014ko berak izatea ez dela erreala ere esan zuen Hegesethek herenegun. Bide beretik, Vancek jakinarazi du posible dela AEBek negoziazio mahaian ez jartzea ukrainarrentzat oso garrantzitsuak diren hainbat neurri. Horren adibide, Trumpen administrazioak aditzera eman du Errusiak ez duela onartuko Ukraina NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kide bihurtzea.
Adierazpen horien harira, Zelenskik esan du AEBek ez dutela «inoiz» nahi izan Ukraina NATOren parte bihurtzerik, eta jarrera hori «Etxe Zuriaren politikaren ondorio» dela kritikatu du. Haren arabera, ordea, posible da politika hori aldatzea, argudiatuta erakundeari komeni zaiola armada indartsuak dituzten herrialdeak kide izatea, eta Ukraina horietako bat dela. Eta ohartarazpena egin die aliatuei: «NATOn sartzen ez bagara ere, balizko su-eten baten ondoren milioi bat eta erdi soldadu inguruk osatutako armada bat izan beharko genuke Errusiari aurre egiteko».
«Presio egiteko erreminta ekonomikoak daude, eta presio egiteko erreminta militarrak daude»
J.D. VANCEAEBetako presidenteordea
Ikusteko dago Errusia negoziazio mahaian esertzeko prest egongo ote den. Nolanahi ere, Vancek adierazi du AEBak prest daudela Putini presio ekonomikoa egiteko edota ekintza militarrak erabiltzeko: «Presio egiteko erreminta ekonomikoak daude, eta presio egiteko erreminta militarrak daude». Are, akordio bat erdiesteko modu asko daudela esan du Vancek, baina argi utzi du AEBentzat «garrantzia» duela Ukrainak «burujabetza» mantentzeak. Horregatik, nabarmendu du Etxe Zuria saiatuko dela Putini azaltzen irabazteko gehiago duela negoziazio mahaian, gudu zelaian baino. Izan ere, AEBetako presidenteordearen arabera, Errusiak Mendebaldearekin harremanak berregiteko aukera izango du behin gerra amaituta.
Europaren erantzuna
Europako agintari askok ez dute begi onez ikusi Trumpek proposatutako bake elkarrizketaren formatua. AEBen, Ukrainaren eta Errusiaren arteko elkarrizketa mahaia motz geratzen da Europako aliatuen ustez, eta haiek ere negoziazioetan parte hartu beharko luketela uste dute. Gainera, uste dute elkarrizketak Etxe Zuriak bideratzeak kalte egin diezaiokeela Kieven negoziatzeko gaitasunari. Emmanuel Macron Frantziako presidenteak, esaterako, argi utzi du Ukrainaren izenean ukrainarrek baino ezin dutela hitz egin. Financial Times Erresuma Batuko egunkariak atzo kaleratutako elkarrizketan, Macronek ohartarazi du akordio bat Ukrainaren errendizioaren bidez lortzea «berri txarra» izango dela «guztientzat, baita Ameriketako Estatu Batuentzat ere». Arrazoi beragatik, elkarlanean jarraitzeko deia egin dio Etxe Zuriko maizterrari Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak, Municheko foroan eman duen agerraldian.
Halere, Frantziako presidenteak EB Europako Batasuna indartzeko aukera gisa ikusten du Trumpen iritsiera. Europaren defentsa bermatzea ez dagokiela AEBei iradoki dute asteon Trumpek eta Hegsethek, eta Macron ados agertu da haiek esandakoekin: «Trump Europari esaten ari zaio: 'Zama zuen gain hartu behar duzue'. Eta nik diot guri dagokigula zama hori geure gain hartzea». Frantziako presidenteak uste du EBk garrantzi handiagoa eman behar diola defentsari, eta horretarako independentzia ekonomikoa bultzatu behar duela talde komunitarioak.
Errusiak Txernobylgo zentralari eraso egin diola salatu du ZelenskiK
Errusiak drone batekin Txernobylgo zentral nuklearrari eraso egin diola jakinarazi du gaur goizean Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak. Sare sozialetan salatu du lehergailuak zeramatzan drone batek erradiazioari eusten dion estalkia jo duela bart. IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak baieztatu du drone batek talka egin duela estalkiaren aurka, baina oraingoz ez du nabaritu aldaketarik erradiazioan.