AEBek eta Errusiak Ukrainaren inguruan negoziatzeko oinarriak jarri dituzte

Saudi Arabian batzartu dira bi herrialdeetako ordezkaritzak. Bien harremanak normalizatzea eta Putinen eta Trumpen bilera prestatzea dute helburu. Kremlinek esan du ez dagoela Ukraina EBko kide bihurtzearen kontra.

AEBetako ordezkariak ezkerrean, eta Errusiakoak eskuinean, gaur, Riaden. EFE
AEBetako ordezkariak ezkerrean, eta Errusiakoak eskuinean, gaur, Riaden. EFE
Igor Susaeta - Aitor Garmendia Etxeberria
2025eko otsailaren 18a
15:25
Entzun

Errusiako eta AEBetako ordezkaritzak Ukrainako auziaren inguruan negoziatzen hasi dira gaur Saudi Arabiako hiriburuan, Riaden. Bi aldeetako iturriek adierazi dutenez, gaurko bileraren helburua da bi herrialdeen arteko harremanak normalizatzea, negoziazio horretarako oinarriak ezartzea, eta Donald Trump AEBetako presidentea eta Vladimir Putin Errusiakoa Riaden bertan egitekoak diren bilera prestatzea. AEBek Errusiari ezarritako zigor ekonomikoez ere mintzatu dira.

Etxe Zuriaren eta Kremlinen arteko elkarlanerako «oinarriak jartzeko» balio izan du bilkurak, AEBetako Estatu Idazkaritzak kaleratutako ohar baten arabera. Eta elkarlan horri esker Ukrainako gerra amaitu nahi dute. «Zaila» izango dela iruditzen bazaio ere, Marco Rubio AEBetako Estatu idazkariak uste du Ukrainako gatazkaren amaiera «funtsezkoa» izan daitekeela bi herrialdeen arteko harreman ekonomikoei berrekiteko, baita beste gai geopolitiko batzuetan elkarrekin lan egiteko ere. Bilkuraren ostean egindako adierazpenetan, esan du «bidaia luze bateko lehen urratsa» izan dela gaurkoa.

Bilkuraren ostean, prentsaurreko bat eman du Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak ere: «Bi herrialdeen arteko harremanak oztopatzen dituzten zailtasunak amaitzea da helburua», azaldu du gaurko batzarraren inguruan. Eta ziurtatu du bi aldeek adostu dutela Ukrainari buruzko negoziazioak «ahalik eta azkarren» hastea.

Rubiorekin batera, Mike Waltz Etxe Zuriko Segurtasun Nazionaleko aholkularia eta Steve Witkoff AEBetako Ekialde Hurbilerako ordezkaria izan dira AEBen ordezkariak; Lavrov eta Iuri Uxakov Putinen aholkularia, berriz, Errusiarenak. Ukraina izan dute hizpide, hau da, Europa barneko herrialde bat, baina mahaiaren bueltan ez da eseri ez Ukrainako ordezkaririk, ez eta Europakorik ere.

Horren harira, Rubiok gogorarazi du gatazka bat amaitzeko orduan akordioarekin ados egon behar dutela gatazka horretan sartuta dauden alde guztiek. Ukrainaren kasuan, Kieventzat «onargarria» den akordio bat adostu beharko dutela azaldu du AEBetako Estatu idazkariak; eta gehitu du Europa ere negoziazio mahaian eseriko dela, «noizbait». Baina ohartarazi du alde guztiek zenbait arlotan amore eman beharko dutela akordio batera heltzeko.

«Bi herrialdeen arteko harremanak oztopatzen dituzten zailtasunak amaitzea da helburua»

SERGEI LAVROVErrusiako Atzerri ministroa

Gaur AEBetako eta Errusiako ordezkariek egin duten bilkurarako kontuan hartu ez dutenez, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak atzo esan zuen ez duela onartuko negoziazio horien ondorio den akordiorik. Europako buruzagiak, bestalde, Parisen bildu ziren atzo, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak deituta, eta ez ziren ados jarri Ukrainarentzako laguntza militarra adosteko orduan. Frantziako, Erresuma Batuko, Alemaniako, Italiako, Poloniako, Espainiako, Herbehereetako eta Danimarkako gobernuburuek, EB Europako Batasuneko buruzagiek eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkari nagusi Mark Ruttek parte hartu zuten batzar horretan. Eta biharko gisa horretako beste bilera batera deitu du gaur Macronek; baina atzo egindako bilkuran egon ez ziren herrialdeek hartuko dute parte biharkoan.

Macronek berak Zelenskirekin hitz egin zuen bilera horren ondoren, eta goizaldean sare sozialetan idatzitako mezu batean nabarmendu du europarrek, estatubatuarrek eta ukrainarrek elkarrekin lan egin behar dutela. «Hori da gakoa». Azpimarratu du Europako estatuek gastu militar handiagoa egin beharko luketela, eta Ukrainarako «bake justu eta iraunkor bat» lortu nahi bada Errusiari «erasoa» etetea dagokiola, eta horrekin batera «Ukrainarentzako segurtasun berme sendoak» itundu behar direla. «Bestela, arrisku bat dago: menia Minskeko Akordioak bezala bukatzea». 2014ko akordio haien ondorioz, eten egin zen Kieven eta Moskuren artean Donbassen hasitako gatazka; ez zen bukatu, ordea.

Inbasioa heldu zen zortzi urte geroago, eta 2023ko irailean NATOko kide bihurtzeko eskaera formala egin zuen Ukrainak. Errusiak ez du halakorik nahi —AEBek ere ez—; marra gorri bat da harentzat. Izan ere, Putinen iritziz, NATO ekialderantz hedatzea da Ukrainako gatazka eragin zuten arrazoietako bat. Eta Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskovek argi utzi du hori berriro gaur, egunero eman ohi duen prentsaurrekoan. Aldiz, ez du baztertzen Ukraina EB Europako Batasuneko kide bihurtzea. «Edozein herrialderen eskubide burujabea da. Integratze ekonomikorako prozesuez ari gara hitz egiten, eta ezein herrialdek ezin dio beste bati esan zer egin behar duen», esan du Peskovek. Ukraina EBn sartzeko negoziazioak hastea adostu zuen Europar Kontseiluak 2023ko abenduan.

2022tik aurrenekoz

Errusiak 2022ko otsailaren 24an hasi zuen Ukrainako inbasioa. Astelehenean, hortaz, hiru urte beteko dira ordutik. Eta, hain zuzen, Errusiak eta AEBek hiru urte pasa zeramatzaten goi mailako bilerarik egin gabe, 2022ko urtarrilean Lavrov eta Antony Blinken AEBetako Estatu idazkari ohia Genevan (Suitza) bildu zirenetik. Errusiako 100.000 soldadu inguru Ukrainako mugatik gertu hedatuta zeuden jada, eta hilabete bat geroago heldu zen inbasioa.

Orduz geroztik, bi herrialdeetako diplomaziaburuek bilera informal bakarra egin dute. 2023ko martxoan izan zen, G20 taldekoek New Delhin (India) egindako bilkura batean. Hilabete bat lehenago, arma nuklearrak kontrolatzeko AEBekin zuen itun bakarra eten zuen Errusiak —START Berria—, eta Blinkenek eskatu zion Lavrovi akordiora itzul zedila.

(ID_14690312) BELGIUM EU USA DIPLOMACY
Kellogg eta Von der Leyen, gaur, Bruselan. OLIVIER HOSLET / EFE

Eta gaur Riaden egon da Kirill Dmitriev, alderdi ekonomikoa aurkezteaz arduratu den Errusiako ordezkaritzako kidea, nahiz eta ez den eseri argazkietan atera den mahaian. Bilera hasi aurretik Errusiako berri agentziei esan dienez, Moskuk harreman komertzialak berreskuratu nahi ditu AEBekin, zigor ekonomikoen ondorioz galduta baitzeuden. «Errusiak eta AEBek aurrerapausoak eman behar dituzte proiektu bateratuetan». Dmitrieven esanetan, horren eraginez «arrakastatsuagoak» izango lirateke AEBetako ekonomia eta Errusiakoa.

Bestalde, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea Keith Kellogg Etxe Zuriaren Ukrainako gerrarako ordezkariarekin bildu da gaur Bruselan, eta adierazi dio talde komunitarioak AEBekin batera aritu nahi duela elkarlanean Ukrainako auzian, «bake justu eta iraunkor bat» lortzeko. Aintzat hartu behar da, ordea, larunbatean Municheko Segurtasun Konferentzian Kelloggek berak esan zuela Europak ez duela zuzenean parte hartu behar Errusiaren eta AEBen arteko negoziazioetan. «Errealistak» izatera deitu zuen. Hau da, AEBak esaten ari dira Ukrainaren mugak ez direla 2014ko berak izango, nahiz eta Von der Leyenek adierazi duen gaur edozein irtenbidek Ukrainaren lurralde batasuna errespetatu behar duela.

errusiak aurrera egin du donetsk eskualdean

Errusiako armada aurrera egiten ari da Donetsk eskualdean, Ukraina ekialdean. Gaur Yampolivka herria hartu duela jakinarazi du Errusiako Defentsa Ministerioak bere Telegram kanalean. Gehitu du Ukrainako sei brigadari egin dietela aurre, eta 205 soldadu baino gehiago hil dituztela. Hala, Errusiako tropak 30 kilometrora daude Donetsk iparraldeko Sloviansk hiri estrategikotik. Errusiak 2022an anexionatu zuen Donetsk, baina Kievek kontrolatzen ditu zenbait gune.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.