AEBek erasoak egin dituzte Iraken

Washingtonen eta Teheranen arteko tentsioa areagotu egin da bonbardaketen ondorioz

2019ko abenduaren 31
00:00
Entzun
AEBen eta Iranen arteko tentsioak okerrera egin du berriz ere. Igandean, AEBek bonbardatu egin zituzten Iranek babespeko Kataib Hezbola Irakeko talde xiita paramilitarraren bost biltegi, kudeaketarako eta armak gordetzeko erabiltzen zituenak. Gutxienez 25 miliziano hil zituzten, eta 55 zauritu.

Mark Esper AEBetako Defentsa ministroak azaldu zuen «arrakastatsuak» izan zirela bonbardaketak. Mike Pompeo AEBetako idazkari nagusiak gaineratu zuen ez dutela onartuko estatubatuarrak arriskuan jarriko dituen Iranen ekintzarik. Izan ere, Irakeko base militar bati erasotzea leporatu zioten Kataib Hezbolari. Zibil estatubatuar bat hil, eta AEBetako bi militar eta Irakeko beste bi zauritu ziren. Pompeok Teherani ohartarazi zion Washingtonek «irmo» erantzungo diela AEBen edo aliatuen aurkako erasoei. Beraz, Washingtonen esanetan, «defentsako erasoak» izan ziren bonbardaketak.

Bestalde, Abbas Musavi Irango Atzerri ministroak salatu zuen eraso «terroristak» izan zirela AEBek Iraken eta Sirian egindakoak. Washingtoni eskatu zion Iraken subiranotasuna errespetatzeko, eta esku hartzeak amaitzeko. Kataib Hezbola parte den Mobilizazio Popularrak jakinarazi zuen «gogor» erantzungo dietela AEBei. Irakek, halaber, kritikatu egin zituen AEBen bonbardaketak, eta ohartarazi zien «berraztertu» egingo duela Washington buru duen nazioarteko koalizioarekin duen harremana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.