AEBek Edmundo Gonzalez aitortu dute Venezuelako hauteskundeetako irabazle

Venezuelan «sudurrik ez sartzeko» esan dio Madurok AEBetako gobernuari. Bihar manifestazioak eginen ditu oposizioak.

Maria Corina Machado eta Edmundo Gonzalez Venezuelako oposizioko liderrak, herenegun, hauteskundeen emaitzen kontrako protesta batean, Caracasen. HENRY CHIRINOS / EFE
Maria Corina Machado eta Edmundo Gonzalez Venezuelako oposizioko liderrak, herenegun, hauteskundeen emaitzen kontrako protesta batean, Caracasen. HENRY CHIRINOS / EFE
Iker Tubia.
2024ko abuztuaren 2a
15:00
Entzun

AEB Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak gaur ebatzi duenez, joan den igandean Venezuelan egin zituzten hauteskundeetan Edmundo Gonzalez oposizioko koalizio nagusiko presidentegaiak irabazi zuen. Antony Blinken AEBetako Estatu idazkariaren arabera, hori baieztatzeko «froga nabarmenak» daude: «Argi dago AEBentzat, eta batez ere venezuelar herriarentzat, Edmundo Gonzalez Urrutiak eskuratu zuela boto gehien uztailaren 28ko presidentetzarako hauteskundeetan». AEBekin bat egin du Argentinako presidente Javier Mileik. Venezuelako Hauteskunde Batzordeak igande gauean jakinarazi zuen Nicolas Madurok irabazi zuela, botoen %51,2 eskuratuta, baina oposizioko PUD Plataforma Unitario Demokratikoak ez zituen emaitzak onartu, eta «iruzurra» izan zela salatu zuen. Are, hauteskunde akten %80a bildu dituztela esaten dute, eta, haien datuen arabera, Gonzalezek botoen %66 lortu zituen, eta Madurok, berriz, %31.

«Bi aldeek trantsizio baketsu eta errespetuzko bati ekiteko garaia iritsi da, Venezuelako hauteskunde legeari eta venezuelar herriaren borondateari jarraikiz», esan zuen Blinkenek oharrean. Oposizioaren datuei sinesgarritasuna emateaz gainera, Venezuelan «arau demokratikoak berrezartzeko» prozesu bat «babestuko» dutela aipatu zuen. Madurok berehala erantzun zion, VTV telebista publikoan egindako agerraldi baten bidez: «AEBek haien sudurrak Venezuelatik atera behar dituzte, herri burujabeak agintzen baitu Venezuelan; herriak jarri, hautatu, esan eta erabakitzen du». Presidenteak gogoratu zuen hauteskunde prozesua «legez, konstituzioan eta instituzioetan burutu gabe» dagoela oraindik.

Hauteskunde batzordeak ez ditu behin betiko emaitzak jakinarazi. Igande iluntzean botoen %80 zenbatuta iragarri zituen emaitzak, eta ordutik ez du bestelako daturik eman. Gobernuaren arabera, eraso informatiko bat egin zuten, eta horregatik ezin izan zituzten datu guziak eman. PUDek, bestalde, hauteskunde aktak lortu dituela esaten du, eta zenbait webgunetan igo ditu. Herrialde askok hauteskunde aktak ezagutarazteko eta hauteskundeen emaitzak erakunde independente batek baieztatzeko eskatu diote Venezuelari; batzuek, iruzurra egon delakoan, eta beste batzuek, iruzurraren mamua uxatzeko modua izanen delakoan.

Egoera nahasi horretan, Maria Corina Machado oposizioko liderrak Venezuelako hiri guzietan manifestazioak egiteko dei egin du. Bihar izanen dira protestak, 10:00etan (16:00etan, Euskal Herrian). «Orain kobratuko dugu, eta, horregatik, tinko mantenduko gara, antolatuta eta mobilizatuta, uztailaren 28an garaipen historikoa lortzeaz harro eta kobratzeko bururaino joanen garen jakitun», esan zuen X sare sozialean jarritako bideo batean. Machado ezkutatuta dago «segurtasun aferengatik», atzo The Wall Street Journal egunkarian argitaratutako eskutitz batean jakinarazi zuenez. Asteartean agertu ziren Machado eta Gonzalez azkenengoz jendaurrean, oposizioaren manifestazio batean.

Chavismoak ere karrikak hartzeko dei egin du biharko. Diosdado Cabello PSUV Venezuelako Alderdi Sozialista Batuko presidenteordeak jakinarazi du bart (gaur goizaldean, Euskal Herrian) X-n egindako txio batean: «Mobilizaturik jarraitu behar dugu. Sayonak [Machadori erreferentzia eginez] indarkeriarako deia egin du bere kobazulotik; guk bakea bermatu behar dugu Venezuelako hiri guzietan».

Ehunka atxilotu

Astelehenaz geroztik mobilizazio anitz egin dituzte Venezuelan hauteskundeetako emaitzak onartzen ez dituztenek, eta istilu larriak ere izan dira leku askotan. Venezuelako Gobernuaren arabera, 1.200 lagun baino gehiago atxilotu dituzte. Provea GKEaren arabera, dagoeneko 19 lagun hil dira istiluetan. Maduro gogor mintzatu da protestetan aritu direnen kontra, eta denak erabateko segurtasuneko bi kartzelatan sartuko dituztela jakinarazi zuen atzo Miraflores Jauregian egindako agerraldian. Tocoron eta Tocuyito kartzelak prestatzen ari dira horretarako. «Ez da barkamenik ez kontenplaziorik izanen», gaineratu zuen presidenteak.

PCV Venezuelako Alderdi Komunista kritiko agertu zen Madurorekin atzo beste eragile politiko, sozial eta sindikaturekin egindako agerraldian. Hauteskundeen emaitzen kontrako protestei dagokienez, «kriminalizazio orokortua» egitea egotzi zioten Madurori, denak «biolentotzat» eta «terroristatzat» hartuta. «Manifestazio gehienak eskualde popularretan gertatu ziren. Hori nabarmendu beharra dago». Gainera, protesta «gehien-gehienak baketsuak eta legitimoak» izan zirela defendatu zuten, nahiz eta batzuk istiluekin bukatu. Manifestatzeko eskubidea aldarrikatu zuten, baina «gutxi batzuek» PSUVeko militanteen eta etxebizitzen kontrako «gorrotoa» eta «indarkeria» gaitzetsi zuten, «oso irmo».

Venezuelako Hauteskunde Batzordeari ikuskatze protokoloak betetzeko eta mahaiz mahai banatutako datuak «ahalik eta azkarrena» jakinarazteko eskatu zioten, orain arte hori egin ez izanak hauteskundeen emaitzetan «erabateko konfiantzarik izatea galarazi» duelakoan. Azkenik, erakunde «popular» eta «demokratikoei» fronte «zabal» bat eratzeko dei egin zieten, venezuelar demokraziaren eta «gaur egun larriki urratzen ari diren» eskubide zibil, politiko eta sozialen alde.

«Konponbide politiko» eske

Ezkerreko gobernuak dituzten Amerikako zenbait herrialdetako agintariak kezkatuta daude Venezuelako egoerarekin, eta gatazka bideratzeko ahaleginetan ari dira azken egunetan. Kolonbiak, Brasilek eta Mexikok «konponbide politikoa» eskatu dute Venezuelarentzat, eta hauteskundeen emaitzetako datuak mahaiz mahai banatuta emateko eskatu diote Venezuelako Hauteskunde Batzordeari.

Atzo Gustavo Petro Kolonbiako presidenteak Gabriel Boric Txileko presidentearekin hitz egin zuen, aipatutako herrialde taldeari batu zedin eskatzeko. Solasaldiaren ondoren, Boricek honakoa idatzi zuen X sare sozialean: «Bat gatoz honako honetan: ezinbestekoa da venezuelar herriaren subiranotasun osoa errespetatzea eta berehala gardendu behar dira hauteskundeetako emaitzak baieztapen inpartzial baten bidez. Elkarlanean ariko gara gure Amerikan bakea eta demokrazia gailendu daitezen».

Hauteskundeen emaitzei dagokienez, Madurok errekurtsoa paratu zuen Venezuelako Justizia Auzitegi Goreneko Hauteskunde Aretoan, «argitu beharrekoak argitzeko». Aretoak helegitea onartu zuen, eta hauteskundeetan aurkeztu ziren hamar presidentegaiei eskatu die gaur epailearen aurrean agertzeko. Madurok esan zuen «denak» joan daitezen «espero» duela, Gonzalez agertuko dela zalantzan paratuta. Madurok esan zuen «prest» direla akta guziak aurkezteko, «azkenera arte».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.