Txileko estatu kolpeak 50 urte. Peter Kornbluh. Ikerlaria

«AEBek diktaduraren ezarpena babestu zuten»

Txilek badu dokumentu gehiagori sekretua kentzea «negoziatzeko abagunea», AEBek haren litio erreserbez «baliatu nahi» baitute, Kornbluhren arabera.

Institute for Policy Studies.
Cecilia Valdez
Buenos Aires
2023ko irailaren 8a
00:00
Entzun
AEBetako George Washington Unibertsitateko Segurtasun Nazionaleko Artxiboak dokumentazio proiektu bat abiatua du Txileri buruz, eta Peter Kornbluh da zuzendaria. Ia berrogei urte daramatza ikertzen zer rol jokatu zuten AEBek Txileko 1973ko estatu kolpean, eta bera da AEBetan izan diren gobernuei presiorik handiena egin diena dokumentuei sekretua kentzeko.

Kornbluhk liburu sail bat kaleratua du orain arte erregistratutako dokumentuen berri zabaltzeko: The Pinochet Archive da liburu horietan lehenbizikoa (Pinocheten artxiboa), 2003an kaleratua, eta Bill Clintonen agintaldian (1993-2001) desklasifikatutako dokumentuak ditu oinarri, 24.000 baino gehiago denera. Kornbluhren aburuz, dokumentu sekretuak argitaratzea AEBen diplomaziaren parte da, baita herrialdeen arteko keinu bat ere, laguntza ekonomikoa eta babes militar eta politikoa ematearen parekoa. «1998an, [Augusto] Pinochet Londresen atxilo hartu zutenean, Clintonen gobernuari presio egin genion argitara atera zezan giza eskubideen urraketei buruzko informazioa, espainiarrek erabili ahal izateko», kontatu du Kornbluhk. «Halaber, presio egin genuen AEBek iker zezaten Pinochetek zer rol jokatu zuen nazioarteko terrorismo ekintza batean: Orlando Letelierren hilketan, hain zuzen ere. Clintonen gobernuko hainbat kidek sentsibilitate handia zuten gai horri zegokionez; gainera, postu nabarmenak zituzten Segurtasun Nazionaleko burokraziaren barrenean, eta horrek modua eman zigun presidenteak agindu zezan milaka dokumenturi sekretua kentzeko».

Ikusi gehiago:Txilek AEBei galdetu die desklasifika dezatela estatu kolpean eta diktaduran jokatu zuten rolari buruzko informazio gehigarria

Hasieran, lehenbiziko dokumentuak argitaratu zirelarik, FBI Ikerketa Bulego Federalak hirurehun dokumentu gorde zituen beretzat, Letelierren auzia ikertzeko, baita Pinochetek zer rol jokatu zuen argitzeko ere. «Eta gu bat etorri ginen erabaki horrekin, uste baikenuen Pinochet epaitzeko erabiltzen ahalko zirela dokumentu horiek. Baina, behin Clintonen agintaldia bukatu eta [George W.] Bushena hasi zenean, ondoriorik okerrenak etorri ziren bai alde batetik eta bai bertzetik: ez zen Pinocheten kontrako epaiketarik izan, eta ez genuen modurik izan frogak ikusteko».

Gerora, Barack Obamaren gobernuak (2009-2017) ere desklasifikatu zituen dokumentuak, 2015. urtean. Kornbluhren erranetan, Obamaren keinua Clintonek baliatutako diplomazia horren beraren parte zen, eta, ordu hartan, Michelle Bachelet Txileko presidentearen laguntza lortzea zuen helburu, Guantanamoko kartzelako preso batzuk Txilen har zitzan —Obamak Guantanamo itxi nahi baitzuen—.

2020. urtean, Salvador Allendek presidente kargua hartu zuenetik 50 urte bete zirela eta, Kornbluhk zuzendutako taldeak dokumentu hautaketa bat publikatu zuen, zeinetan islatzen baitzen nolatan agindu zuen Richard Nixonek Txileko estatu kolpea sustatzea. Dokumentu horietan, laburbilduz, ikertzaileek zenbait gertakari deskribatu dituzte, Allendek 1970eko irailaren 4ko hauteskundeak irabazi baino hilabete lehenago hasi zirenak; garai hartan, hain zuzen, aztergai izan zituzten, antza, estatu kolpe baten alde onak eta txarrak.

Berrikusketa, Segurtasun Nazionaleko Azterketaren 97. Memoranduma deitua, 1970eko abuztuaren erditsutan osatu zuten, eta sekretu gisa sailkatutako eranskin bat zuen: Muturreko aukera: Allende eroraraztea. Aholkularien ohartarazpenak goiti-beheiti, hala Nixonek nola Estatu idazkari Henry Kissingerrek jarrerarik gogorrenen alde egin, iskanbila ekonomiko, politiko eta soziala bultzatu, eta, hala, bide eman zioten kolpea jotzeko beharrezko baldintzak sortzeari.

Usteak berresteko

Segurtasun Nazionaleko Artxiboak abuztuan ezagutarazitako dokumentuek modua eman dute AEBek jokatutako rolaren inguruko usteak berresteko, eta, bertzalde, frogatzen dute sare hartako ezinbertzeko pieza izan zela garai hartako Txileko gizonik aberatsena, hau da, Agustin Edwars, El Mercurio egunkariaren jabea. Edwarsek informazioa helarazi zion CIA Inteligentzia Agentzia Zentralari Txilen estatu kolpea jotzeko aukerei buruz; Kissingerrekin, John Mitchell Estatuko fiskal nagusiarekin eta Richard Helms CIAko buruarekin bildu zen irailaren 14an, eta Nixonekin 15ean, hark estatu kolpea jotzeko agindu zuen egunean berean.

«Epaiketa zibila abiatu zuten Edwarsen aurka, eta, deklaratu zuenean, aitortu zuen Txileko egoeraz solastatu zela Helmsekin, baina erran zuen ez zutela estatu kolperik aipatu», oroitu du Kornbluhk. «Alabaina, dokumentua aurkitu nuenean, ikusi nuen haren erdia elkarrizketa bat zela, hain zuzen ere estatu kolpea jotzeko aukerei buruzkoa. Nixonekin bildu zenekoaz ere galdetu zioten Edwarsi, eta erran zuen ez zela oroitzen bildu ote ziren ere. Nola da posible ahanztea AEBetako presidentearekin bildu zinela?».

Ikusita AEBetako aitzineko gobernuek zenbat dokumentu desklasifikatu dituzten, espero dute Joe Bidenek kontuan hartuko duela Txileko Gobernuak berriki egindako eskaera. «Aukera argia da froga gehiago eskuratzen saiatzeko», Kornbluhk dioenez.

«AEBentzat garrantzitsua da kapitulu hau hetsi eta bertze bat hastea. Gainera, Txilek badu negoziatzeko abagunea, AEBek haren litio erreserbez baliatu nahi baitute. Horiek hala, ez dut uste AEBek barkamena eskatuko dutenik gertatu zenagatik, baina baliteke damua adieraztea nolabait; izan ere, funtsean, Txileko erakunde demokratikoak suntsitu zituzten, eta diktaduraren ezarpena babestu. AEBek egindakoa kriminala da».

Desagertuen afera

Kornbluhk Txilera bidaiatu gogo du egunotan, auzia ikertzen eta desagertuen gaineko informazioa bilatzen diharduten gobernuko goi kargudunekin biltzeko.

«Badakit: galdetuko didate ba ote den dokumenturen bat desagertuak bilatzen lagunduko duena. Uste dut badirela, eta batzuei sekretua kendua dietela, baina tartea hartu behar da horiek leitzeko, eta lan zaila da, izenak zentsuratuak baitaude anitzetan. Aholkatuko diet sor dezatela batzorde berezi bat desagertuen afera ikertzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.