AEBek aztertu egingo dute klima larrialdiaren biktimei babesa ematea

Fenomenoak migrazioan izan duen eragina argitzeko eskatu du Joe Biden presidenteak

Haur bat Thailandiako Ban Khun Samut Chinen. Klima larrialdiak itsasoaren maila igotzea eragin du han. R. YONGRIT / EFE.
ander perez zala
2021eko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Klima larrialdiari loturiko auziak daude Joe Biden AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidentearen agintaldi hasierako lehentasunen artean. Parisko Hitzarmenera itzultzea izan da lehen erabaki nagusia, eta orain migratzaileengan jarri du arreta, eskatu baitu zehazteko nolako eragina izan duen klima krisiak desplazatuetan. Horrek baldintzatuko du, besteak beste, AEBek biktimei babesa ematearen inguruko erabakia.

Egun, geroz eta lagun gehiago daude behartuta beren herrialdetik ihes egitera klima larrialdiaren ondorioz. Bidenen iritziz, arazo horri arreta handiagoa ezarri behar zaio, eta horregatik eskatu du sei hilabete iraungo duen ikerketa bat egiteko; nazioarteko legediaren ikuspuntutik, klimarekin zerikusia duten migratzaileek ez dute babesik, eta, hortaz, zulo hori betetzeko asmoa du AEBetako presidenteak; eta, horrekin batera, bere herrialdea berriz ere klima krisiaren kontrako borrokaren nazioarteko gidari bihurtzekoa.

Txostenak fenomeno horrekin zerikusia duen migrazioa aztertuko du, eta arreta jarriko du iheslarien segurtasunean eta atzerriko laguntza jasotzeko aukeran. Horrez gain, klima larrialdiagatik desplazatu behar izan dutenak «babestu eta birkokatzeko aukerez» ebatziko du.

2019ko datuen arabera, 24 milioi lagunek joan behar izan zuten etxetik arrazoi horrengatik; 2011-2020 hamarkadako batez besteko kopurua 21,5 milioi izan zen urtero, CSIS Nazioarteko eta Ikerketa Estrategikoetarako Zentroaren txosten baten arabera.

Bidenen administrazioak, hortaz, aztertu egingo du nola identifikatu, babestu eta birkokatu daitezkeen klima larrialdiak zeharka edo zuzenean desplazarazi dituen norbanakoak. Txosten horretatik aterako diren ondorioek eragina izan dezakete AEBek datozen urteetan izango duten atzerri politikan, besteak beste klima larrialdiarekiko zaurgarriak diren eremuak laguntzeko prestasuna izatea baita aukeretako bat. AEBetako estatuburuak esana du bere herrialdearen «sinesgarritasuna eta aginte morala berreskuratu» nahi dituela, «horien gehiengoa galdu egin baita».

125.000 errefuxiatu

Bidenen helburua da datorren urterako 125.000raigotzea AEBek hartzen dituzten errefuxiatuen kopurua, eta asteotan eragin dituen aldaketek gainontzeko herrialdeei presio egiteko balio izatea klima larrialdiaren kontrako borrokan.

Auzi horretaz, AEBetako presidenteak iragan astean adierazi zuen pausoak ematen ari direla «klima helburuak» bere diplomaziaren «parte» izan daitezen eta herrialdeak orain arte izandako «anbizioa handitzeko».

Bidenek ahalik eta azkarrena nahi du hautsi Donald Trumpen aroa, eta horri begirako estrategia bat sustatu du hainbat arlotan kargua hartu zuenetik. Klimaren kasuan, etxean, esaterako, bertan behera utzi zuen Kanadatik AEB hegoaldeko Texas estatura doan eta indigenen lurretatik pasatuko den Keystone XL oliobidea egiteko baimena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.