AEB Ameriketako Estatu Batuetako tropak jada atera dira Iraketik. 2003an iritsi ziren lehenengoz XXI. mendean, George W. Bush AEBetako presidente izandakoaren aginduz, Saddam Husseinen aurka abiatutako inbasioarekin. Eta, geroztik, beti eduki dute presentzia militarra Iraken, 2011 eta 2014 artean salbu —2.500 soldadu soilik gelditzen ziren gaur egun—. Independentziaren eguna lelopean ospatuko dute gaurko eguna Iraken, eta lau jai egun izango dituztela iragarri du gobernuak, gaur hasi eta larunbatera bitarte. Hala ere, Ekialde Hurbilean tentsioa handia den honetan, ikusteko dago mugimendu horrek zer ondorio ekarriko dizkion Iraken segurtasunari. Ali al-Zaidi herrialdeko lehen ministroak armadako buruarekin gaur egindako bilera batean esan du estatu indarrak hobeto koordinatu beharko dutela, «segurtasunaren» arloa «nazionala» izango baita aurrerantzean, eta nabarmendu du Irakeko tropek «etengabe» egon beharko dutela «zelatan».
2003ko martxoan, helburu batekin iritsi zen AEBak buru zituen nazioarteko koalizioa Bagdadera: Hussein presidentea eroraraztea. Justifikazio nagusitzat erabili zuten Husseinek «suntsipen handiko armak» zituela, baina hori aitzakia baino ez zela frogatuta gelditu zen gero, eta bestelako interes ekonomikoak eta geopolitikoak zirela inbasiorako arrazoi. Inbasioaren kontrako protesta mugimendu zabala sortu zen mundu osoan.
Hilabete ere ez zuten behar izan AEBetako tropek Bagdad hiriburuaren kontrola hartzeko. Husseinek ihes egin zuen —abenduan harrapatu zuten—, eta maiatzaren 1ean Bushek amaitutzat jo zuen operazio militar nagusia. Hala ere, Iraken okupazioa zama militar, ekonomiko eta politiko handia bilakatu zen AEBentzat —4.500 soldadu inguru hil ziren—, eta Barack Obamak 2008ko hauteskunde kanpainan hitz eman zuen tropak erretiratuko zituela.
Obamak 2011ko abenduan bete zuen hitza, baina hiru urte beranduago, 2014an, AEBetako soldaduak Irakera itzularazi zituen. EI Estatu Islamikoak Irakeko eremu zabalak inbaditu zituen, eta kinka larrian jarri zuen AEBen okupazio aroan sortu zen Irakeko estatuaren existentzia bera. AEBek nazioarteko koalizio bat osatu zuten, eta hiru urteren buruan EIren menpe zeuden lurralde guztiak berreskuratu zituen. Gaur egun, EIk oraindik atentatuak egiten ditu Iraken, baina ez du lurralderik kontrolpean, eta asko murriztu da haren indarra.
Irakeko biktimak zenbatzen dituen erakundearen arabera (Airwars), baina, AEBak buru zituen aliantzak 8.000 eta 13.000 zibil artean hil zituen Iraken eta Sirian 2014tik aurrera; tartean, 2.000 haur inguru.
Etorkizuna, argitzeko
Ofizialki, 2024an lortu zuten akordioa Washingtonek eta Bagdadek AEBek herrialdean zeukaten presentzia militarra amaitzeko. Gaur arte, ordea, ez da gauzatu aldaketa hori. Pentagonoaren bozeramaile Sean Parnellek gaur ohar baten bidez adierazi duenez, tropak erretiratzeak EI talde armatuaren aurkako «hamabi urteko kanpaina baten arrakasta» erakusten du. Eta gaineratu du gaurtik aurrera Irakeko estatu indarrek izango dutela Iraken segurtasuna bermatzeko ardura —baita Iraken menpeko Kurdistanen aritzen diren pexmerga soldadu kurduek ere—.
Hala ere, AEBek presentzia izaten jarraituko dute Iraken, modu batera edo bestera. Izan ere, Bagdaden dago AEBek nazioartean daukaten enbaxadarik handiena; eta Erbilen, berriz, kontsuletxerik handiena. Gainera, Bagdad Washingtonen menpe dago armak erosteko, eta Washingtonen laguntza diplomatikoa ere beharrezkoa du eskualdeko beste herrialde batzuekin izan ditzakeen erronkei aurre egiteko.
Garaia, ordea, korapilatsua da. Izan ere, tentsioa areagotua da Ekialde Hurbilean, otsailean AEBek eta Israelek Irani eraso egin ziotenetik. Gainera, Irakeko Gobernuak Iranen aldeko miliziak armagabetzeko prozesu bat hasi du —herrialdearen iparraldean presentzia handia daukate, eta 2020az geroztik hainbat eraso egin dizkiete AEBetako tropei, herrialdetik irten daitezen—, eta 2027rako guztiz armagabetzea du helburu.
Milizia horiek esan izan dute AEBak herrialdean egotea zela beren jardunaren arrazoi nagusia, tropa horiek «mehatxua» zirelako herrialdearen segurtasunarentzat eta bertako bizilagunentzat. AEBetako tropek alde eginda, ordea, milizia horiek ez dute armagabetzeko asmorik, eta ikusteko dago orain zer gertatuko den.
Arrisku handiko mugimendua ere bada Irakentzat eta AEBentzat. Izan ere, milizia horiek armagabetu ezean, Iran agian hedatu egingo da herrialdean, eta eragin handiagoa izango du. Hala gertatuko balitz, Washingtonek arriskuan ikusiko lituzke Ekialde Hurbilean dituen interesak.
Kronologia
2014: Irakek aireko laguntza militarra eskatu zien AEBei. Orduan hasi ziren formalki elkarlanean, EI Estatu Islamikoa garaitzeko ahaleginean.
2015. AEBen laguntzarekin, YPG Herriaren Babes Unitateak milizia kurduak EI Estatu Islamikoa kanporatu zuen Kobanetik, Siriaren menpeko Kurdistandik. Bide batez, AEBek gidatutako koalizio militarra, Iraken EIri eusten ibili ondoren, hari eraso egiten eta lurraldeak berreskuratzen hasi zen.
2016a: Irakeko hainbat hiriren kontrola hartu zuten berriro Irakeko indarrek —hala nola Faluja eta Ramadi— , eta koalizioa Mosulgo batailarako prestatu zen; EIk han aldarrikatu zuen kalifa herria.
2017: Mosul berreskuratu zuten bederatzi hilabetez borrokan aritu ondoren, eta, gainera, jihadistak kanporatu zituzten Irakeko 150 hiritatik; Sirian, Raqqa ere Eiren eskuetatik askatu zuen SDF Siriako Indar Demokratikoak koalizioak —milizia kurduak zituen indar nagusi—. Abenduan, Haider al-Abadi Irakeko lehen ministroak jakinarazi zuen EI garaitu zutela.
2019: SDFk adierazi zuen EI garaitu zutela Sirian.
2020: Irango Guardia Iraultzailearen buruzagi Qassem Soleimani hil zuten AEBek, Bagdadeko aireportuan. Irakeko Parlamentuak eskatu zien nazioarteko tropei herrialdetik ateratzeko.
2021: Washingtonek eta Bagdadek akordio bat egin zuten, eta borroka helburu zuen misioa indargabetu. AEBetako tropak Irakeko indarrak entrenatzen hasiko ziren hortik aurrera.
2024: Irakek eta AEBek koalizioaren amaiera iragarri zuten.
2025: AEBak beren indarrak Iraketik ateratzen hasi ziren.
2026: AEBetako tropak Siriatik atera ziren.