AEBek 7.150 milioi euroko laguntza militarra emango diote Ukrainari

Zelenskik Garaipenerako Plana aurkeztuko dio Bideni. Bertan jasotako puntuen artean dago laguntza militarra askatasun osoz erabili ahal izatea. EBko kide izateko gidalerroak ere zerrendatu ditu Zelenskik.

ZELENSKY
Volodimir Zelenski, erdian, ABEetako Senatura iristen, ostegun honetan. JIM LO SCALZO / EFE
Iratxe Muxika Karrion - Mikel Garcia Martikorena
2024ko irailaren 26a
20:20
Entzun

Ukrainako presidente Volodimir Zelenskiren bisita baliatuta, AEBetako estatuburu Joe Bidenek iragarri du 7.150 milioi euroko balioa duen laguntza militarra emango diola herrialdeari, «Errusiako inbaditzaileak kanporatzen laguntzeko». Zelenskirekin bildu aurretik egin du iragarpena Bidenek, eta azaldu Kievek jasoko dituen armen artean dagoela 130 kilometroko irismena duen misila —orain arte izan dituenak baino irismen luzeagokoa—.

Bestalde, Garaipenerako Plana deiturikoa aurkeztuko dio gaur Zelenskik Bideni, harekin Etxe Zurian izango duen bileran. Komunikabideek zabaldutako informazioaren arabera, planak bost puntu nagusi biltzen ditu, eta, Ukrainako presidentearen ustez, Mendebaldeak horiek betetzen baditu Kiev Moskuri gailenduko zaio.

Hauek dira bost puntuak: «Ukrainaren segurtasuna», Kievek geopolitikan duen posizioa, nazioarteko laguntza militarra, laguntza hori askatasun osoz erabili ahal izatea, eta babes ekonomikoa. Hala aurreratu zuen behintzat herenegun Bloomberg AEBetako berri agentziak. Ukrainak luze gabe geopolitikan izango duen rolari dagokionez, EB Europako Batasuneko kide izateko bidea nolakoa izan behar den eta herrialdeak eta klubak zer urrats egin behar dituzten jasotzen du planak. Gaur egun, kide izateko hautagaia da, eta joan den abenduan kide izateko negoziazioak abiarazi zituzten.

Mendebaldeko buruzagi orok ez du plana begi onez ikusi. Bloombergek herenegun planaren ideia nagusiak argitaratu zituenean, zenbait buruzagiren ideiak bildu zituen, era anonimoan. Zelenskik aurkeztutako gidalerroetan ez dagoela ezustekorik iritzi zioten buruzagi horiek. «Ez dago aurrerapausorik». Errusia eta Ukrainaren arteko gatazkan Mendebaldeak Kiev babestu du, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea barne.

Azaroan, ordea, AEB Amerikako Estatu Batuetako presidentetzarako bozak egingo dituzte. AEBetako presidente ohi eta hauteskundeetako Alderdi Errepublikanoko hautagai Donald Trumpek zalantzan utzi izan du Kieven aldeko jarrerari eutsiko ote dion bozak irabaziz gero. Hori dela eta, Trumpekin eta AEBetako presidenteorde eta Alderdi Demokrataren hautagai Kamala Harrisekin ere biltzekoa da Zelenski Garaipenerako Planaren inguruan hitz egiteko.

Arma nuklearrekin erantzun

Vladimir Putin Errusiako presidenteak herrialdearen doktrina militarrean eta nuklearrean egindako aldaketak aurkeztu zituen atzo Errusiako Segurtasun Kontseiluaren aurrean, eta argitu zuen potentzia ez-nuklear batek potentzia nuklear baten babesarekin estatuaren kontra egindako erasoa Errusiako Federazioaren aurkako eraso bateratu gisa hartuko dela. Gainera, ohartarazi du Errusiari arma konbentzionalekin erasoz gero hark arma nuklearrekin erantzun dezakeela, baldin eta herrialdearen subiranotasuna mehatxatzen badu. Dimitri Perkov Kremlineko bozeramaileak gaur nabarmendu du doktrina aldaketak Mendebaldearentzako ohartarazpena direla.

Errusiako presidenteak Mendebaldeari leporatu dio doktrina aldatu behar izana, Ukrainako gerraren aitzinean izandako erreakzioengatik. Joan den ekainean hasi ziren atzo aurkeztutako aldaketak prestatzen, estatuaren «erabateko segurtasuna» lortzeko. Berrikuntza horiekin, Errusiak murriztu egingo ditu herrialdean arma atomikoak erabiltzeko mugak, hain justu Kievek Errusia barrenean helburu militarrei erasotzeko irismen handiagoko misilak erabiltzeko baimena eskatu duen honetan. Zuzenketa guztiak «sakonki» aztertuak izan direla erran zuen bart Putinek, eta «jasandako mehatxuekiko proportzionalak» direla hartutako erabakiak.

«Errusiaren edo Bielorrusiaren aurkako erasorik balego arma nuklearrak erabiltzeko eskubidea hartu dugu», iragarri zuen Putinek bileran, zeina telebistan eman baitzuten. «Zehaztasunez definitu ditugu arma nuklearrak erabiltzeko baldintzak, eta egiazko informazioa bilatuko dugu eraso aeroespazialen aireratze masiboaren inguruan». Horrez gain, presidenteak nabarmendu zuen ongi dakitela nola jokatu behar den arma horiekin, eta «arduraz» jokatu dutela beti, baina aldaketa horren beharrean zeudela «nazioarteko egonkortasun globala sendotzeko» eta arma nuklearren sakabanaketa eragozteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.