Ukrainaren Europako aliatuek aurrea hartu dute Kievi militarki laguntzeko xedean. NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko eta beste hainbat herrialdetako Defentsa ministroak Bruselan bildu dira gaur, eta bat etorri dira Ukrainari 21.000 milioi euroko laguntza militarra emateko; «errekor bat» da, John Healey Erresuma Batuko Defentsa ministroaren arabera. Bigarrenez zuzendu du Healeyk Mendebaldeko aliantza militarraren bilkura —oraingoan, Alemaniako bere homologo Boris Pistoriousekin batera—, eta ohartarazi aurtengoa urte «kritikoa» dela: «Bada garaia geure defentsa industriek, armadek eta gobernuek koska bat igo dezaten, eta hala ari dira».
Erresuma Batuko ordezkariak adierazi du, Vladimir Putin Errusiako presidenteak bakea lortzeko aukera guztiak zapuztu dituelarik, Ukrainaren alde lerratzea dela Errusiaren erasoak eragozteko modurik «indartsuena»: «Zuekin gaude borrokan, eta zuekin egongo gara bakean». Alemaniako Defentsa ministroak ere disuasioaren alde egin du bilera osteko prentsaurrekoan. Haren arabera, onartu duten laguntzak «inpaktua izango du gudu zelaian», eta armada sendo batek ziurtatuko du hori: «Bakerako leihoa irekiko da baldin eta Errusiari erakusten badiogu Ukrainak nahi duela eta gai dela borrokatzen jarraitzeko».
Rustem Umerov Ukrainako Defentsa ministroak, dena den, zehaztu du aliantzako kideek ardurak banatu dituztela: batetik, AEB Ameriketako Estatu Batuek militarki laguntzen jarraitzen duten arren, «gidaritza» hartu dutela Ukrainarako menia adosteko negoziazioetan, eta bakea lortzen «zentratu» direla; bestetik, laguntza militarra Europako aliatuen esku geratu dela batik bat.
Atzo, Kaja Kallas EB Europako Batasuneko diplomaziaburuak adierazi zuen ez zegoela argi Ukrainan aliatuen tropak zabaltzeko plana. Kazetari batek Kallasen adierazpenei buruz galdetu dio Hayley Defentsa ministroari, eta hark erantzun dio EB ez dela plan horren parte: «Boluntarioen koalizioko kideentzat da; plana benetakoa da, mamitsua, eta oso aurreratua dago». 31 herrialdek osatzen dute koalizio hori, zeina Erresuma Batuaren eta Frantziaren gidaritzapean dagoen.
Urtarrilaren 20an Donald Trump AEBetako presidenteak kargua hartu zuenetik, bigarrenez bildu da Mendebaldeko aliantza militarra, baina Pete Hegseth AEBetako Defentsa idazkaria bertaratu ez den lehen aldia da oraingoa —telematikoki egon da bilkuran—. Aliantza lehenbizikoz elkartu zenetik, 2022an, AEBek zuzendu ditu bilera guztiak, otsailekoa eta gaurkoa izan ezik; Erresuma Batuak hartu zuen ardura hori otsailean, eta Alemaniarekin batera zuzendu du gaurko bilera.
Goizean, Defentsa ministroak bildu aurretik, Pistoriousek esan du «norabide aldaketa bat» egin dutela AEBek, eta Trump Etxe Zurira heldu zenetik aldatu egin dela herrialde horrek azken hiru urteetan Ukrainaren alde izan duen «pasioa eta fidagarritasuna». «AEBekin dugun elkarlana zaildu egin da AEBetako administrazioaren egintzen ondorioz», erantsi du.
AEBak eta Errusia, bilduta
Bien bitartean, San Petersburgon jarraitzen dute su etenerako elkarrizketak egiten: han biltzekoa da Steve Witkoff AEBetako Ekialde Hurbilerako ordezkaria Putinekin, Dmitri Peskov Kremlineko bozeramailearen arabera, bi herrialdeen arteko harremanak «normalizatzeko eta Ukrainarako bake prozesurako oinarriak bilatzeko». Peskovek, ordea, esan du iritziak trukatu besterik ez dutela egingo; aurreratu du ez dela aurrerapausorik egongo.
Ukrainaren eskaera nagusietako bat da herrialdearen mugak 2014ko berak izatea —orduan anexionatu zuen Errusiak Krimeako penintsula, eta lau eskualderekin beste hainbeste egin zuen 2022ko otsailaz geroztik inbasioa hasi zuenean (Donetsk, Luhansk, Zaporizhia eta Kherson)—. Estatu Burujabeen Erkidegoko Atzerri ministroak Almatyn (Kazakhstan) bildu dira, eta Errusiako ordezkari Sergei Lavrovek adierazi du Ukrainak ez dituela «inolaz ere» berreskuratuko 2014ko muga horiek. «Trumpen administrazioak ulertzen du hori dagoeneko; behin baino gehiagotan esan du Zelenskik [Volodimir, Ukrainako presidentea] lurraldeen auzia onartu beharko duela».
ERRUSIAK ETA UKRAINAK ELKARRI EGOTZI DIOTE ENERGIA AZPIEGITUREI ERASO EGITEA
Otsail amaieratik, abian daude Ukrainako gerrarako menia bat adosteko negoziazioak; halere, Errusiak eta Ukrainak elkarri leporatzen diote batak bestearen energia azpiegiturei eraso egitea. Errusiako Defentsa Ministerioak horixe salatu du gaur, ohar baten bidez. Horren arabera, Kievek Ukrainako Kursk eta Briansk eskualdeen gertuko zenbait energia azpiegiturari eraso die, behin baino gehiagotan, martxoaren 18az geroztik; hau da, energia azpiegituren aurkako erasoen 30 eguneko tregoa mahai gainean jarri zutenetik.
Gauza bera egitea egotzi dio Kievek Moskuri. Ukrainako Atzerri ministro Andrii Sybihak gaur jakinarazi duenez, Errusiak 70 misil, 220 drone eta aire bidezko 6.000 bonbatik gora jaurti ditu Ukrainara martxoaren 18az geroztik.