GAZA

AEBak hasi dira airetik laguntza humanitarioa banatzen Gazan

Israelek gutxienez 11 pertsona hil ditu Rafahko errefuxiatuen gune bati egindako erasoan. Bitartekariak, Hamas eta Israel berriro hasiko dira negoziatzen bihar, Egipton.

GAZA. PALESTINA. ERASOA
Pertsona batzuk gaur Deir al-Balan, Israelen eraso baten ondoren. MOHAMMED SABER / EFE
Igor Susaeta.
2024ko martxoaren 2a
18:00
Entzun

Frantziak, Egiptok eta Jordaniak azken egunetan egin bezala, AEBak ere hasi dira airetik laguntza humanitarioa banatzen Gazan. Pentagonoak ohar baten bidez jakinarazi duenez, elikagaiak zituzten 38.000 poltsa bota dituzte gaur, hiru hegazkinetatik. Joe Biden AEBetako presidenteak atzo adierazi zuen laguntza horrela banatzeko asmoa zutela, baina ez zuen zehaztu noiz. Lurretik, laguntza humanitarioa tantaka sartzen ari da zerrendara, bai Israelen bonbardaketengatik, bai Tel Avivek ezarritako blokeoagatik.

Dena den, GKE gobernuz kanpoko erakundeak, oro har, eszeptiko agertu dira. «Laguntza airetik jaurtitzea ez da sufrikario hau arintzeko irtenbidea, eta arreta desbideratzen du arazoari behar den neurrian erantzuteko lanetatik», nabarmendu zuen Erreskaterako Nazioarteko Batzordea GKEak, atzo, ohar batean. 2,3 milioi pertsona daude zerrendan, eta horietatik 500.000 inguru goseak egoteko arriskuan, erakunde horren arabera.

Kritikak Washingtoni

Palestinako Atzerri Ministerioa urrunago joan da, eta AEBen jarrera kritikatu du, iruditzen baitzaio ez dutela behar beste egiten Israel blokeoa arintzera behartzeko. «AEBek bigarren mailako herrialde baten gisa dihardute, erakutsiz ez direla gai bermatzeko gose direnentzako laguntza Gazan sartuko dela», azpimarratu du X sare sozialean argitaratutako ohar batean. Atzo, agerraldi publiko batean, Etxe Zuriko maizterrak adierazi zuen beren esku dagoen guztia egingo dutela laguntza humanitario gehiago bidaltzeko.

Eta bitartean, Gazako setiorako beste su eten bat adosteko asmoarekin, Egipto, Qatar eta AEB bitartekariak Israelgo Gobernuko eta Hamaseko ordezkariekin batzartuko dira bihar, Kairon. Hori bai, berriro negoziatzen hasi aurreko egunean, Israelgo indarrek ez diote utzi zerrenda bonbardatzeari: gutxienez 11 pertsona hil eta 50 inguru zauritu dituzte gaur Rafahn, errefuxiatuen kanpaleku batzuen aurkako erasoan. Palestinako iturri ofizialen arabera, gainera, goizaldean Gaza hiriari, Jabaliari eta Khan Yunisi ere egin diete eraso Israelgo indarrek, eta dozenaka lagun hil. Urriaren 7an Gazaren kontrako setioa hasi zuenetik, 30.300 pertsona inguru hil dituzte, Gazako iturri ofizialek gaur esan dutenez.

200

Israeli arma enbargoa ezartzearen aldeko gutuna sinatu duten parlamentariak. Internazional Progresista erakundeak deituta, hamabi herrialdetako berrehun parlamentari inguruk gutun bat sinatu dute, beren estatuetako gobernuei eskatzeko ez diezaiotela armarik saldu Israeli. «Ez gara izango Israel egiten ari den nazioarteko zuzenbidearen urratzearen konplize», nabarmendu dute.

Azken sarraski handia ostegunean egin zuen Israelek, Gaza hirian, jende andana laguntza humanitarioa jasotzeko zain zegoela. Ehun zibil baino gehiago hil zituzten soldaduek, tiroz. Nazioarteak eskatu du ikerketa independente bat egin dadila zer gertatu den argitzeko, eta Europako Batasuneko diplomaziaburu Josep Borrellek gaur X sare sozialean azpimarratu du militarrek egindakoa «justifikaezina» dela. Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak, esaterako, ikerketa bat egiteko eskatu zuen atzo, baina soldaduak hilketen erantzule egin gabe.

Horixe da testuingurua negoziazioak berriro hasi aurreko egunean. Egiptoko telebista kate batek Kairoko iturriak aipatuz adierazi duenez, ahaleginak egiten ari dira menia adostu dezaten martxoaren 10ean aurtengo ramadana —musulmanen hilabete santua— hasi baino lehen. Negoziatzen ari diren testuaren zirriborroa filtratu dute azken egunetan, eta, horren arabera, sei asteko tregoa bat ezartzea jasoko luke akordioak, besteak beste, baita Hamasek bahitutakoen eta Israelek espetxeratutakoen arteko truke bat egitea ere.

Bestalde, Israelgo soldaduek adingabe bat hil dute gaur goizaldean Ramallahn, Zisjordania okupatuan –tiroz hil dute, zehazki–. Han ere nabarmen egin du gora indarkeriak azken hilabeteetan, eta 2024an 89 palestinar hil dituzte Israelgo indarrek.

Bahituen aldeko martxa

Hamasek joan den urriaren 7tik bahituta dituen pertsonak askatzea eskatzen duen martxa bat Jerusalemera iritsi da, gaur. Bahituen senideek deituta, asteazkenean abiatu zen Reimetik, milizia islamistek erasotutako kibbutz batetik, eta 15.000 bat pertsonak parte hartu dute. Azaroa amaieran Hamasek eta Tel Avivek sinatutako meniaren ondorioz, 105 bahitu aske utzi zituzten, baina 134k milizien esku jarraitzen dute oraindik. Yair Lapid Israelgo lehen ministro ohiak, oposizioko buruak, martxan parte hartu du, eta salatu gobernua ez dela ari egiten ahal duen guztia bahituak askatzeko. 

Bestalde, gaur manifestazioak egin dituzte Israelgo hainbat tokitan, Benjamin Netanyahu lehen ministroari eskatuz bozetara deitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.