Adreiluaren gerra Egipton

Anaia Musulmanak gobernura iritsi direnetik, asko ugaritu dira baimenik gabe eraikitako etxeak Egipton, iraultza ostean aginterik gabeko aldi bat hasi baita, eta Poliziak ere ez ikusiarena egiten baitu.

Alexandria
2013ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Obrako hautsez josita dago giroa Egipton, duela hilabete batzuetatik. Goizean goizetik, igeltseroen oihuen oihartzuna eta muezzinen dei kantuak, elkarren lehian. Alexandriako Ibrahemiya auzoko Edfu kalea da Egipton duten hirigintzako deskontrolaren adibide argietako bat. Hango araudian zehazten denez, ezin da eraiki hiru solairutik gorako eraikinik; baina, egiaz, ez dago halako garaiera duen etxebizitza bat bera ere. Hain zuzen ere, badira bi eraikin hogei solairukoak; alegia, araudiz kanpoko hamazazpi etxebizitza dituzte.

Horietako bat eraikitzeko, bi aste inguru nahikoa izan dituzte; bestea egiteko ere beste horrenbeste behar izan zituzten, duela urte erdi. «Azkar eraikitzen dituzte, eta mahai bat, argia eta ohea ezartzen dituzte azkeneko solairuan; hartara, ezingo diete eraitsi, epailearen agindurik gabe, eta halakorik ez da sekula iristen», esan du Ahmed Youssefek, obrako langileburuak. Ez daukate inolako baimenik, eta inork ez die abalik eman haien ustezko ezein eraikuntza plani. Horra hor espekulazio urbanistikorako grina, biziki gordina, iraultza izan eta gero.

«Mubaraken garaian, betidanik izan da espekulazioa, baina, iraultzaren ondoren, inolako kontrolik gabe areagotu da hori guztia», adierazi du Mohamed Lotfy-k, eskualde horretako jabe batek; hark esatera, dirutza izugarria eskaini izan diote bere etxea eraitsi eta beste etxetzar bat eraikitzearren. «Orain, Poliziak ez du ezer kontrolatzen, eta ez dago batere argi zein izango den politika berria ere; hortaz, inbertitzaileak bitarte honetaz baliatu dira, inork agintea bereganatu aurretik», gaineratu du.

Aginterik gabeko aldia

Iraultzaren ondoren espekulazioa zergatik handitu den? Arrazoi askorengatik. Batetik, Poliziaren laxotasunagatik; iraultzako pagaburua izaki, besoak uztarturik baitago, greban bezala, eta ez ikusiarena egiten baitu hainbat irregulartasun direla eta. Bestetik, zenbait inbertitzaileren negozio grinagatik; iraultzak aginterik gabeko aldia ekarri duenez, horretaz baliatu nahi dute baimenak nork emango dituen zain geratu gabe, horiek adiskidekerian oinarrituriko erregimen batek kontrolatu baititu tradizioan.

Kontrolik gabeko hirigintza espekulazioak, baina, tragedia dakar berekin. Joan den urtarrilaren 16an, sei solairuko eraikin bat etorri zen gain behera Maamoura auzoan, Alexandrian. Eraikina inolako baimenik gabe eraikia zuten, eta ez zituen bost urte ere izango. Istripuaren eraginez, 23 pertsona hil ziren. Goiz beltz hartan bertan, antzeko beste ezbehar bat izan zen Dakahleya probintzian: beste bi pertsona hil ziren, eta beste dozena bat atera behar izan zituzten hondakinen artetik.

Egoera ez da berria. Azkenaldian, baimenik gabe egindako dozenaka eraikin erori dira Egipton. Egoera ezinago larria da Alexandrian, azkeneko sei hilabeteetan 23 eraikin erori baitira, eta 35 pertsona hil eta 42 zauritu haien azpian. Bestela esanda, Mohammed Mursi presidente denez geroztik, bost egunetik behin pertsona bat hil da, eraikin batek lur jo duelako. Eta Alexandrian bakarrik.

Ministerioko iturriek egiaztatu dutenez, azken urteotan 324.000 eraikin baino gehiago egin dituzte herrialde osoan baimenik gabe; 14.500, Alexandria hirian, eta, horietatik %75, iraultzaren ostean. «Alexandrian bakarrik, 200 urte beharko genituzke legez kanpoko eraikin guztiak desegiteko», adierazi du Hassan Alam doktoreak, Etxebizitza Ministerioko arduradunak; 200 urte eta 51 milioi euro, txosten horiexen arabera, dagozkien ekintza judizialei ekin ahal izateko. Eta hori, Mediterraneoko hiri hori dela legez kanpoko eraikinak aurkitu dituzten probintzien zerrendako zortzigarrena, Kairo hiriburuarekin parez pare.

Baina Alexandriako lurzorua, Mediterraneoko kostaldetik Mariut aintzirara bitartean, ez da batere egonkorra, eta horrek arriskuan jartzen ditu hango eraikinak, «hurrengoan ere beste hondamendi batzuk» eragiteraino, Alam doktoreak adierazi duenez. «Alexandriako eraikinen %80 eraitsi egin beharko lituzkete, gobernuaren aginduz», hala adierazi du Mamdouh Hamza arkitekto ospetsuak, unibertsitate ikerlan bat aipatuz. Hark dioenez, eraikin horiek arriskuan daude. Baina kostuak handiak liratekeenez, ezin izango dute luze gabe hartu neurri hori, eta, alexandriarrek Jainkoaren graziaz izkin egin beharko diote heriotzari.

Zaintza pribatuaren mafiak

Emaitza: legerik eta ordenarik gabeko hiri bat. Plangintzarik gabeko eraikin berriek arazoak sortzen dituzte eskualdeko elektrizitate horniduran; eraikin berriak ugaritu direnez gero, mozketak gero eta sarriagoak dira, horietako sareak ez baitaude prestatuta gainzamarako.

Horrez gainera, eraikuntza modu horiek segurtasun mafia gehiago ekarri dituzte. Langabezia gero eta handiagoa da, eta, horri aurre egiteko, izugile gazteen taldeak nor gehiago lehiatzen dira eraikin horietan zeinek ezarri zaintza pribatua. Ibrahemiya auzoan bertan, joan den udaberrian, borroka handi bat sortu zen eraikin baten kontrola bereganatzearren; goizaldera arte iraun zuen, harik eta handik 200 metrorako polizia etxe bateko kideek esku hartu zuten artean. Emaitza:15 urteko mutil gazte bat hilik, borrokaren ondorenean. Eta eraikina artean egin gabea zutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.