Camilo Gonzalez Posso (Cauca, 1947) Kolonbiako Osasun ministroizan zen 1990etik 1992ra, Cesar Gaviria Trujilloren gobernuan, eta Lan ministroaren aholkulari Andres Pastranaren gobernuan.Gaur analista politiko eta Indepaz Garapenerako eta Bakerako Ikerketa Zentroko presidentea da, eta hitzaldi eta prentsarako elkarrizketen erritmoan iragan du Osloko prentsaurrekoaren biharamuna. Aldeko eta kontrako diskurtsoetan pulunpatu gabe begirada pragmatikoarekin eusten dio gaiari.
Zer esana eman du Oslon gertatutakoak. FARCen oldarkortasuna eta prozesuaren zailtasuna nabarmendu dituzte Kolonbiako prentsan. Zuk zer diozu?
Urte askotako gerraren ondoren, ezin dute egun batetik bestera arerioen arteko elkarkidetza itxura eman. Normala da alde bakoitza berean jartzea. Gobernua eta gerrilla ez dira asmo berarekin igo tribunara: batak gutxi mintzatu eta zuhur negoziatu nahi du; besteak, gai guztiak agerian utzi eta politika egin. Ez gaude onberatasun garaian, munduaren aurrean xede bideragarria aitortzekoan baizik. Akordioak berantago etorriko dira agendari lotuzgero. Norvegian egiteak karga sinbolikoa du, eta zailtasunak eta desberdintasunak zein diren erakutsi dute. Lehen fasearen helburua zen hori, aurreko kontaktu sekretuen ofizialtze publikoarena eta bigarren fasearen iragartzea;beraz, Oslok zeregina bete du, eta aurrerapen esanguratsua da.
Elkarrizketa hauekin zer lortu nahi du alde bakoitzak ?
Estrategikoki matxinadaren kontrako gerra irabazia duela sinetsita dago gobernua. Gero eta baztertuagoa den intentsitate apaleko gatazka bati aurre egiten dio. Negoziazioetan ez ditu zalantzan jarriko eredu ekonomikoa, konstituzioa edo kanpoko inbertsioa. Alor batzuetan amore emateko prest dago, ahal den kostu baxuenean. Bake egoeran dauden gaiak jadanik hitzartutako programak dira, hala nola komunitateei lurraldeen itzultzea eta disidentziari tarte politiko legala eskaintzea. M-19 gerrillarekin duela hogei urte adostu baino kontzesio gutxiago, hala ere, urte haietan konstituzio berri baten ituntzea baitzegoen mahai gainean.
Gobernuaren arrangura nagusia munduko krisi ekonomikoarekin dator bat. Energiari eta meatzariari bultzada azkarra eman nahi die balore gehigarria eskuratu duten lurraldeetan, mendian eta oihanean. Honako balantzea egiten du: leku horietan segurtasun eza murrizteko nola izan ahal den probetxugarrien? Negoziatuz, merke eta multinazionalen negozioari bidea erraztuz, azken bolada honetan behera doan produkzioari bultzada eraginkorra emateko.
Eta FARCek?
FARCek negoziazioa beharrezko du. Irailaren 11ko dorre bikien kontrako atentatuen osteanindar handiko propaganda kanpaina jasan behar izan zuten, terrorista eta narkotrafikatzaile zirela entzun zen mundu osoan zehar. Puntuak irabazteko okasio ezin hobeaz profitatzen ari dira bakearen aldeko borondatea erakutsiz. Arazoa da Amerikan borroka armatuaren bidez boterea lortzeko babesak oso urriturik daudela. Herri askotan atzoko gerrillariak gobernu kargu dira, ez dago oldartze armaturako girorik. Baina FARCek badu oraindik asaldatzeko gaitasun nahikoa, enpresen garraiobideak hondatu ditzake, eskualde zabalak argindarrik gabe utzi, hots sabotaje ahalmen eraginkorra. 12.000 kide armatu eta 30.000 laguntzaile inguru dituztela estimatzen da. Asko da. Agian militarki ez daude egoera hoberenean baina sare politikoak suspertu dituzte. Kalkulu hau egin dezakete: bake egoeran aukera desberdinak jalgi daitezke. Nork daki bihar Kolonbian hauteskundeetara joanez gero zein emaitza lortu ditzakeen, agian bide politikoetatik oraingo egoeran baino gehiago.
Caguaneko esperientzia zapuztua aipatzen da maiz. Zein alde dago Habanan jarraituko diren hizketekin?
Herritarren parte hartzea oso desberdina da. Gaur denek nahi dugu bakea, baina eszeptizismoa da nagusi. 1997an milioika pertsona mobilizatu ziren negoziazioaren alde eta gerraren kontra. 1999ko urriaren 26an 15 milioi atera ziren kalera Kolonbia osoan lema horiekin. Caguan herritar adierazpen zabal horren emaitza edo epilogoa izan zen. Gaizki irten zen, eta hamabi urteko gerra eta hondamena tokatu zitzaigun.
Eta orain?
Oraingoan negoziazioen albistea inork espero ez zuenean etorri da, ezustekoan, kontaktu sekretuen ondotik. Prozesua gainaldetik abiatu da, lehorrean, borrokalarien akiduraren ondorioz, ez jendartearen mobilizazioari esker. Faktore honek zera inplikatzen du, presio sozial ahularekin azaltzen dela bake hizketa eredua, aldebikari, Kolonbiatik kanpo eta isilpean. Parte hartze mekanismoak oso hertsiak dira. Eskema hau ez da ezkorra baina izaera berezi hori ematen dio, aurkarien arteko indar harremanaren irakurketa soilari dago lotua. Jendea ikusle bilakatu du, telebista eta interneteko berrien zain, mahai negoziatzailearen eta mugimendu herritarren arteko interakziorik gabe.
Ez zaizu egokia iruditzen?
Eroaten ari den negoziazioak txukun marraztua iduri du, ados jartzeko borondatea antzematen zaio. Caguanen herria biziki presente zegoen baina FARCek elkarrizketa gerla irabazteko tresna gisa kontsideratzen zuen eta gobernuak birmoldatu eta ofentsibara pasatzeko unea. Gaur, mintzaideak indarkeriaren unadura fasean daude, hamar urteko higadura politiko eta militarraren ondorioz.
Sektore paramilitarrek zein heinean oztopatu dezakete ekimena?
Caguanekin alderatuz eragozte arrisku txikiagoa daukate. Urte haietan lurraldeen konkistan zeuden murgilduak FARC eta gerrillaren aliatuak ziren taldeen haizatzeko. Dinamika hau krisian dago egun, pisu politikoa galdu du nahiz eskualde batzuetan oraindik azkar dagoen, interes lokal eta materialen alde nekazarien eta komunitateen kontra erasoak segituz. Antolakunde horien bozeramaileek ez dute oraindik elkarrizketen kontrako adierazpenik egin. 170 udalerritan presentzia daukatela uste da, laguntza baseekin. Ez zaio erne izateari utzi behar, mehatxatuak sentitzen badira akuilatu daitezke, Kolonbian bakeaz mintzatzen den bakoitzean ezkutuko armak azaltzen direlako.
Gobernuak zer jarrera du haiekin?
Gobernuak norabide aldaketa burutu du haiekiko. Uribe lehendakari zelarik harreman estrukturalak zeuden narkotrafikatzaile, paramilitar eta instituzioen artean, matxinatuen kontra aritzeko aliantza ohikoa zen. Biraketa Uriberen azken urteetan hasi eta Santosekin bizkortu zen, paramilitarrekin baino AEBetako indar armatuekin sakondu dira harremanak Plan Colombiaren bidez. Ez dut erran nahi estekak desagertu direnik baina politika ofizialaren jarduna marjinalagoa da. Gainera talde hauek ez dira autonomoak, indar ekonomiko eta politikoek dituzte sendotzen euren zerbitzura ezartzeko, abeltzainek, eskualde botereek, enpresariek. Sikarioak beso politikoak bilakatzen dira eta ultraeskuinak beraien berraktibatzeko lehen baino ahalmen gutxiago dute. Santosek haiekin mantenduko dituen harremanen arabera jokatuko da dena.
Kanpoko gobernuen interbentzioak onuragarri dira ?
Bakera heltzeko faktore guztiak dira garrantzitsu. Kolonbiako barne gerlak beti egon dira kanpoko abaguneei estekatuak, gerlan hotzean, drogaren edo terrorismoaren kontrako gudetan. Globalizazioaren interesez betea dago gatazka. AEBek esku hartze zuzena daukate eta arazoaren parte dira, beraz zergatik ez aterabidearen parte bilakatu?
Camilo Gonzalez Posso. Indepaz erakundeko lehendakaria
«Ados jartzeko borondatea dute FARCek eta gobernuak»
Gerrillarien eta Bogotaren arteko negoziazio prozesuaren atzean ez dagoela babes sozialik uste du, baina bi aldeek ados jartzeko interesa dutela; gobernuak segurtasuna bermatu nahi du ekonomia indarberritzeko, eta gerrillak, sare politikoa suspertu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu