Aditzen ez den ahotsaren bila

Talibanek emakumeen kontrako bertze lege bat ezarri dute: Afganistanen ezin izanen da emakumeen ahotsik aditu leku publikoetan. Etorkizuna «beltz» ikusten du Hoda Khamox Afganistango aktibistak.

Bi emakume Kandahar hirian, Afganistanen. EFE
Bi emakume Kandahar hirian, Afganistanen. EFE
Iratxe Muxika
2024ko irailaren 20a
05:05
Entzun

Abuztuan hiru urte bete dira AEBetako Ameriketako Estatu Batuetako azken soldaduek alde egin eta talibanek Afganistango boterea hartu zutenetik. Lehendik ere hasiak ziren lurraldeak hartzen, eta horietan arau murriztaileak jartzen. Abuztuan ezarri zuten lege horietan azkena, zeinak debekatzen baitu leku publikoetan emakumeen ahotsa aditzea. «Ez kantatu, ez hitz egin eta ez irakurri», dio telefonoz Hoda Khamox Afganistango aktibistak. «Ez dakit herri honek etorkizunik ote duen». Egoera ikusita, Khamoxek Emakumeen Justizia Mugimendua sortu zuen 2021eko irailean, nahiz eta lehenagotik hasia zen militantzian. «2014an, unibertsitatera joan nintzenean, jende asko ezagutu nuen, eta bidegabekeria asko bizi. Orduantxe hasi nintzen borrokan».

Gaur egun ere borrokan ari da, baina nondik borrokatu, horixe aldatu zaio, atzerrian bizi baita orain. «Kabulen [Afganistan] borrokarako taldeak sortu eta hainbat manifestazio egin ondotik, Nazio Batuen Erakundean sartzeko aukera izan nuen, ordezkari gisa». 2022ko urtarrilean, NBEk Afganistango egoerari buruzko bilera bat egin zuen Oslon, eta hara joateko gonbita egin zioten Khamoxi; talibanekin batu zen han. «Bilera hartan, talibanek gezur handiak esan zituzten, eta nik protesta egin nuen. Mehatxu egin zidaten, eta gure familia arriskuan jarri. Norvegian geratu behar izan nuen». 2022ko abendutik bizi da han, etxetik eta familiakoengandik urrun, baina haiek aske izateko lanean.

Iranen jaio zen Khamox, 1996an. 2001eko abenduan, AEBek talibanak boteretik kendu zituztenean, Afganistanera itzuli ziren, familia hangoa dute eta. Hogei urtez izan ziren AEBetako tropak Afganistanen, baina, 2021. urtean, talibanek boterea hartu ondotik, bizimodua aldatu egin zitzaien Khamoxi eta lurraldeko emakume guztiei. Talibanek muturreko islam politikoa dute oinarri, eta emakumeak jartzen dituzte jomugan.

Gaur-gaurkoz, Afganistanen bizi diren emakumeek ezin dute lanik egin, 12 urtetik aitzinera ezin dute ikasi, ezin diete gizonei begietara begiratu senidea edo senarra izan ezean, ezin dute garraio publikoa erabili gizonik ez badute lagun, ezin dute gidatu eta ezin dute gorputz atalik bistan utzi, bertzeak bertze. Etxe barrenean konfinatuta bizi dira; ahal dela, kaleko izpiei zirrikiturik ireki gabe.

Ongi oroitzen du Khamoxek etorkizuna «belztu» zitzaien eguna, 2021eko abuztuan talibanak indarrez sartu eta handik zenbait egunera: «Egun beldurgarria izan zen. Kalera ateratzeko prestatzen ari nintzenean, senarrak telefonoz deitu zidan. Erran zidan ateak eta leihoak ixteko, eta, mesedez, ez ateratzeko etxetik. Talibanak Kabulera iritsi, eta indarrez hartu zuten hiriaren kontrola, armak erabilita». Aktibistak oroitzen du bat-batean zeharo aldatu zitzaiola irudia hiriari, eta tiro hotsak hastearekin batera argiak itzali egin zirela. «Ez dira berriz piztu, ordea».

Telefonoz solastatzen da Khamox Afganistanen bizi diren lagunekin eta familiarekin, eta aitortu du «oso zaila» egiten zaiola haiek egoera hartan ikustea. Familia «borrokalaria» du Khamoxek, injustizien kontra ahotsa altxatzen duten horietakoa. «Guztiok aritzen ginen giza eskubideen alde lanean, bai talibanak iritsi aurretik, baita gero ere». Afganistanen du familia, eta maiz egiten dituzte telefono deiak, «arduraz» bizi dute-eta bata bertzearen egoera. «Gure familia, han egonda ere, talibanen kontra egiten ari da oraindik, ahal den neurrian». Khamoxek, ordea, atzerritik egin behar: «Etxean izanen banintz ezin izanen nuke halako borrokarik egin, eta, behintzat, kanpoan egoteak horretarako balio dezala». Ezagutzen ditu borrokatzera ateratzeagatik edo begiak erakusteagatik larriki zigortu dituztenak, kasurako. «Zigorrak irudikatu ezinezkoak dira». Azaltzea ere zaila egin zaion arren, hala kontatu du Khamoxek: «Emakume asko bere buruaz beste egiten ari dira egoera jasangaitza delako».

«Etxean izanen banintz ezin izanen nuke halako borrokarik egin, eta, behintzat, kanpoan egoteak horretarako balio dezala»

HODA KHAMOXAktibista afganiarra

Talibanek botere hartu aitzinetik, «bizitza ona, normala» zuen, ikasketak eginak baitzituen, lanbide bat baitzuen eta askatasunez mugitzen baitzen alde batetik bertzera. «Orain ezinezkoa iruditzen zaigun arren, lehen bagenuen eskubidea bizitzeko eta arnasa hartzeko». Egoera aldatu zenean, kalera atera ziren protesta egitera, 2021eko irailaren 3an. «Jipoiak eta tiroak, besterik ez genuen hartu», oroitu du. 

Etorkizunera begira, erantzunik gabe geratu da Khamox: «Ez dakit zer pentsatu, ez dakit etorkizunik ere izanen ote den. Negargura sartzen zait». Bide zuzenik ikusten ez badu ere, argi du borrokan jarraituko duela, eta bidegabekerien aurka oihu egin. «Sare sozialetan emakumeon aldeko aldarria egiten dut; adibidez, kalean hitz egitea galarazi diguten honetan, neure burua kantatzen grabatu, eta zabaldu egin dut». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.