Adiskidetzea, berriz Kairon

Mahmud Abbas Palestinako Aginte Nazionaleko buruak bilera sorta bati ekin dio Palestinako indar politiko nagusiekin; Al-Fatahekin adiskidetzeko bidean mugarria izan daiteke.

Kairo
2013ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Palestinarren adiskidetzea berrestea eta PAE Palestina Askatzeko Erakundeari berriz bultzada ematea. Helburu horiekin ekin zion atzo Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko buruak berak deitutako bilera sortari. Egunotan, hainbat ordezkari politikorekin bilduko da Kairoko bere etxean.

Atzoko bilkurak Abbas bera eta Khaled Mexal izan zituen buru; Al-Fataheko ordezkari goren gisa lehena, eta Hamasen buru politiko gisa bigarrena. Palestinako talde politiko nagusietako ordezkariak ere bertan ziren, besteak beste, Jihad Islamikokoak. Ez zeuden, ordea, han behar zuten guztiak: Israelek bilerara joatea eragotzi zien gonbidatutako zenbaiti. PLF Palestina Askatzeko Fronteko idazkariorde nagusi Abdel Rahim Malluh da horietako bat; duela hainbat urte gelditu zen hura PAEtik kanpo.

Israel ere saiatu da negoziazioetan bere oina sartzen, indar erakustaldia eginez: Hamaseko 22 kide atxilotu zituen igandean, tartean hiru parlamentari. Al-Fataheko hainbat kidek salatu dute AEBetatik ere presioa egin dietela, Nazio Batuen Erakundeak Palestina estatu behatzaile izendatu zuenetik.

Arabiar Ligak sortu zuen PAE 1964an, erakunde horrek palestinar herria ordezka zezan. Horregatik, inflexio puntutzat har daitezke Jihad Islamikoaren eta Hamasen aitorpena eta atxikimendua. Historikoki urrunduta ez ezik, PAErekin etsaituta ere egon dira 1993ko Osloko bake akordioez geroztik. 2011ko apirilean, Hamasek eta Al-Fatahek espero gabeko agerraldia egin zuten Kairon, bien artean erdietsitako akordio baten berri emanez; orain egindako keinua urrats bat gehiago da Palestina adiskidetzeko bidean.

Baina erabateko adiskidetzerako lan asko egin beharra dauka Palestinak oraindik. Agerraldihartatik urte eta erdi igaro da, eta klausulen zati handi bat zehazteko dago oraindik; hala ere, bi aldeetako ordezkariak baikor agertu dira, prozesuak aurrera egingo duela sinetsita baitaude. Hainbat aukera jarri dituzte mahai gainean. Alde batetik, Palestinako legebiltzarrerako eta presidentetzarako hauteskundeak. Bestetik, batasun nazionaleko gobernu bat eratzea. Hain justu, lehentasunak finkatzea izango da zailtasun handiena. Gobernua hauteskundeen arabera osatzea nahi luke Al-Fatahek; Hamasen ustez, berriz, batasun nazionaleko gobernua da hauteskunde prozesua gidatu behar duena. Egunotako negoziazioen helburua da, hain justu, beharrezko mekanismoak zehaztea, besteak beste, hauteskunde lege bat osatzeko. Siriako, Libanoko, Jordaniako eta Persiar golkoko herrialdeetako palestinar diasporak zein rol jokatu behar duen ere zehaztu nahi dute.

Palestinako segurtasun erakundeak nola bateratu aztertzean eta programa politikoa adostean ere sortuko da eztabaidarik. Al-Fatahek bi estaturen sorreran ikusten du gatazkaren irtenbidea. Hamasek azkenaldian zenbait keinu sinboliko egin ditu, proposamen hori aintzat hartzen duela erakusteko, baina nekez papereratuko dute asmoa.

Dena den, ari dira akordioak egiten beste zenbait auziri dagokionean: besteak beste, bi aldeetatik atxiloketa eta presio politiko gehiago ez egitea, mugimendu askatasuna bermatzea eta arrazoi politikoengatik kaleratutako langile publikoak euren postuetara itzultzea.

Hamasen urratsak

Nazio Batuen onarpenaz geroztik, indartzen ari da Abbasen irudia, baina nahikoa lan ematen ari zaizkio ustezko hainbat ustelkeria kasu. Horregatik, badirudi Hamas dela orain urrats gehien egiten ari dena. Aurreko astekoa keinu esanguratsua da: Gazako boto emaileen erregistroa Hauteskunde Batzorde Nagusian sartzea onartu zuen. Aurretik, ez zion uzten batzorde horri Gazan lan egiten, zeharka Al-Fatahentzat jarduten zuela egotzita.

Hori ez da keinu bakarra izan. Urte hasieran, Gazan ekitaldi politiko bat egitea baimendu zien Al-Fatahen jarraitzaileei. Lehen aldia zen, bien arteko gatazka 2007an lehertu zenetik. Urte hartan, Hamasek irabazi zituen Palestinako bozak, baina Al-Fatahek agintea hartzea eragotzi zion. Harrezkero, Hamasek Gazan agintzen du.

Mexal eta Abbas duela hilabete bildu ziren azkenengoz Kairon. Mohamed Mursi Egiptoko presidenteak sustatutako topaketa izan zen, hura ari baita bi fronteen arteko berradiskidetzea burura eramateko lan diplomatiko nagusia egiten, Turkia eta Qatar aliatu dituela. Atzokoan, gainontzeko indarrekin bildu aurretik Egiptoko zerbitzu sekretuetako buruarekin egon ziren Abbas eta Mexal, Mena berri agentziaren arabera.

Udaberri arabiarreko aldaketa doinuak zipriztindu du Palestinako prozesua ere. Anaia Musulmanen proiektuak geroz eta pisu politiko handiagoa du eskualdean: Qatar dute aitabitxi, eta Hamas haien adar palestinarra da. Horrek guztiak eragin nabarmena izan du Palestinako alderdi horrengan: dagoeneko ez du jokatzen zokoratuta sentituko balitz bezala.

Baina Hamas Qatarrera hurbiltzea ez da sinbolikoa soilik. Sirian matxinada lehertu zenean, Mexalek Damaskon zeukan etxea utzi zuen, eta Dohan hartu zuen aterpe, Qatargo hiriburuan. Datorren aldaketa politikoaren alegoria bitxi bat izan daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.