Estatutu Pertsonalaren Legeari aldaketak egitea onartu du Irakeko Parlamentuak. Legearen zuzenketek, bertzeak bertze, adingabeen ezkontza legeztatuko dute. Gaur arte, ezkontzeko gutxieneko adina 18 urtekoa zen; orain, berriz, 9 urtekoa da, baldin eta auzitegi islamiarrak —lege islamiarraren arabera agintzen duen organoak— hala erabakitzen badu. Izan ere, ezkontzan, dibortzioan eta herentzian esku hartzeko aukera izanen du.
Estatutu Pertsonalaren Legea 1959. urtean onartu zuten; hain zuzen ere, familia eskubideak eta emakumeentzako babes neurriak ezartzeko. Atzo onartutako aldaketen ondorioz, ordea, ahuldu eginen da legea.
Aldaketa horien harira, bi mugimendu altxatu dira: legea aldatzea defendatzen dutenak eta aldaketen kontrakoak direnak. Aldekoek —nagusiki legegile xiita kontserbadoreak dira— argudiatu dute lege berria «printzipio islamiarretara egokitzeko» egin dela eta, bide batez, Mendebaldeak Iraken duen eragina «murrizteko».
Kritikoen eta aldaketen kontrakoen ustez, baina, legearen moldaketek «ondorio kaltegarriak» ekarriko dizkie emakumeei eta neskatoen eskubideei eragingo die. Hainbat argudio erabili dituzte beren desadostasuna adierazteko. Hala kontatu du, erraterako, Sarah Sanbar Human Rights Watcheko kideak: «Proiekturik berrienak, atzo bozkatu zenak, zehazten du ezkontzeko gutxieneko adinak ez duela urratu behar Estatutu Pertsonalaren egungo legean ezarritakoa. Eta lege horretan ezarri zuten ezkontzeko gutxieneko adina 18 urtekoa dela, edo 15 urtekoa salbuespenezko kasuetan, betiere epaile baten eta tutoreen baimena badu». Paperean legeak hala zehaztu arren, kritikoek ohartarazi dute lege berriak bide emango diola adingabeen ezkontzari, eta haurrak ezkontzeko modua emango duela.
«Zure sektak erabakiko du zer eskubide eta babes dituzun zure bizitza pertsonalean, ez Irakeko herritarra izateak»
SARAH SANBARHuman Rights Watcheko kidea
Xedapen batzuk aldatu egin dituzten arren, bertze batzuk mantendu egin dituzte; erraterako, Seme-Alaben Zaintzarako eta Poligamiarako Legearena. Sanbarrek jakinarazi duenez, arau juridikoaren aferan ere zenbait moldaketa egin dituzte: «Aplikatu beharreko araudi juridikoari buruzko auzirik izanez gero, senarraren sektak ebatziko du arazoa».
Sekta sistema
Arazoa errealitatera ekarri nahi izan du Sanbarrek: «Beldurgarria zena errealitate gordin bilakatuko da». Haren erranetan, legearen aitzinean berdintasun printzipioa «ahuldu» egin da, eta aurreikusi du sekta sistemak gaur egun duen baino pisu handiagoa hartuko duela aurrerantzean. «Zure sektak erabakiko du zer eskubide eta babes dituzun zure bizitza pertsonalean, ez Irakeko herritarra izateak».
Estatutu Pertsonalaren Lege berriak erregistratu gabeko ezkontzak legeztatzen jarraituko du, lehendik egiten zuten era berean. Haurren kasuan, gainera, erabakiak ondorio zuzenak izanen ditu hezkuntzan, ezkontzeak eskolatik «kanpo» utziko baititu erabat. Sanbarren aburuz, adingabeak ezkontzea «hagitz kaltegarria» izanen da neskentzat, sexu eta genero indarkeriaren arriskua handitu baino ez duelako eginen, batik bat. «Haurra haurdun geratzen bada, bidea okertu egingo zaio». Hala, Sanbarrek errandakoen arabera, lehen bide zaila zena are zailagoa bihurtuko zaie.
Etorkizuna «lapurtu» egin diete Irakeko emakumeei, eta, orain, «ikusteko dago» zer gertatuko den, erran du Sanbarrek. Gaur goizean, parlamentari talde batek auzitara eraman du bart egindako bilkuraren legezkotasuna, «prozedura irregularra» izan zela argudiatuta. Izan ere, atzo parte hartu zuten legegileen erdiek «ez zuten bozkatu»; beraz, ez zen legezko quorumik bete.
Egoera ikusita, Sanbarrek argi du Poliziaren eta elite politikoen «intereseko kasua» dela egunotakoa, eta haiei komeni zaien eran mugituko dituztela hariak aurrerantzean ere.
Estatutu Pertsonalaren Lege berria onartzeaz gain, bertze bi lege onartu zituzten atzo Irakeko Parlamentuan: amnistia legea, zeina atxilotu suniten mesederako onartu duten, eta kurduei beren lurrak itzultzeko eskatu eta hori egiteko modua ematen duena.
Nazioarteko egoera
Irak ez da haurren ezkontzak baimentzen dituen herrialde bakarra. Aitzitik, gaur egun munduko herrialde anitzetan onartua dago oraindik ere; Indian, kasurako. Nigerrek erakusten du daturik larriena: 18 urte bete aitzinetik ezkontzen dira emakumeen %76. Afrika Erdiko Errepublikaren datuak daude Nigerren gibeletik, emakumeen %61 ezkontzen baitira adinez nagusi izan gabe. Txadeko Errepublikan datu bera dute, eta haien atzetik honako herrialde hauek: Malin, %54; Mozambiken, %53; Hego Sudanen, %52; eta Burkina Fason eta Bangladeshen, %51.