Badira ia bi aste M23 Martxoak 23 matxino taldeak Kongoko Errepublika Demokratikoko ekialdeko Goma hiria hartu zuenetik. Harrezkeroztik, UNICEF Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsak jakinarazi du adingabe anitz sexu indarkeriaren biktima izan direla gizon armatuen eskutik. Catherine Russel UNICEFeko zuzendari exekutiboak bart adierazi zuenez, haurren aurkako sexu erasoak inoiz baino zabalduago daude Kongon. Hortaz, matxinoei —eta Ruandari, matxinoak laguntzea leporatzen baitzaio— deia egin die gatazka urgentziaz gelditzeko.
Urtarril bukaeran, M23k mendean hartu zuen Ipar Kivu eskualdeko Goma hiriburua; horren ondotik, matxinoak Hego Kivurantz doaz orain, eta, NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, 3.000 pertsona inguru hil dituzte hamabortz egunetan. Gainera, etengabe ari dira borrokan Kongoko Errepublika Demokratikoko armadarekin, eremu gehiago lortzeko, eta, UNICEFek adierazi duenez, borrokan parte hartzera behartzen dituzte umeak.
Russellek atzo kaleratutako oharrean erran zuenez, Ipar zein Hego Kivuko probintzietan bortxatutako haurrei buruzko txosten «lazgarriak» ari dira jasotzen; sexu indarkeria mota anitz biltzen dira bertan. «Azken urteetan ikusi dugun guztia gainditzen du honek». Hainbat testigantza bildu ditu UNICEFek oharrean; horietako bat, erraterako, 12 urteko neska baten bortxaketari buruzkoa da. «Gizon armatuek bortxatu egin zuten janari bila zebiltzan bitartean». Haren ustetan, gainera, joan den astean M23k su etena aldarrikatu arren ez dirudi gatazka gelditzeko asmorik dutenik; hala, ondorio «larriak» izango dira, eta haurren eskubideak «ukatzen» dituzte oraindik ere.
Oharraren arabera, astebetean boskoiztu egin da osasun zentroetan artatutako bortxaketa kasuen kopurua; urtarrilaren 27tik otsailaren 2ra arteko datuak alderatuta, hain zuzen ere. «Artatutako gaixoen artean, %30 umeak ziren», erran zuen Russellek. Alegia, salatutako 572 kasuetatik 170 haurrak ziren. Dena den, argi du benetako datuak anitzez ere altuagoak izanen liratekeela bizirik iraun duten guztiek «salatzeko indarra» eduki izan balute. Datu horiei so, «kezkatuta» agertu da UNICEF, erasoek haurrengan eta familiengan eraginen dituzten ondorioengatik, batik bat.
Alabaina, erietxeetan ondorioak pairatzen ari dira dagoeneko; izan ere, Russellek ohartarazi duenez, GIBa ekiditeko sendagairik gabe gelditzen ari dira sexu erasoen gorakadagatik. Oro har, «bakarrik» dauden haurrak erabiltzen dituzte borrokarako, eta haur horiei egiten dizkiete sexu erasoak. UNICEFen datuen arabera, azken bi asteetan familiengandik banandutako 1.100 haur baino gehiago identifikatu dituzte Kivuko bi probintzietan.
Bizileku suntsituak Goman
Bonbardaketek desplazatuentzako 70.000 babesleku inguru suntsitu dituzte Goman, UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak gaur jakinarazi duenez. Guztira, 350.000 lagun inguru utzi dituzte bizilekurik gabe. UNHCRko bozeramaileak prentsaurrekoan adierazi duenez, etxerik gabe utzi dituzten gehienak behin-behineko lekuetan pilatu dira; elizetan eta ospitaleetan, kasurako.
Horiez gain, 100.000 bat desplazatu saiatu dira Gomako beren bizitokietara itzultzen, baina anitzek harrera komunitateetan hartu behar izan dute aterpe. Bozeramaileak salatu du desplazatuei oinarrizko zerbitzuak «ukatzen» ari zaizkiela, eta leherketek eragindako beldurrez, «itzulera segurua oztopatzen» ari direla. Egoera horretatik ihesean, laguntza humanitarioa iristea zaila den eremuetara joaten ari dira desplazatu anitz.