Adingabeak, anabasan galduta

Calaisko kanpalekua hustu ondotik, aterperik gabe utzi dituzte ehunka lagun, tartean haurrak, eta kalean lo egin dute. Izena eman ez duen errefuxiatu oro atxilotuko du Poliziak

Hondeamakinak Calaisko kanpalekua suntsitzen, atzo. ETIENNE LAURENT / EFE.
Adrian Garcia.
2016ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Adabaki bat beste adabaki baten gainean. Luzera begirako estrategia oso baten faltan, itsu -itsuan erantzun dio EB Europako Batasunak errefuxiatuen krisiari. Frantziak era berean kudeatu du Calaisko kanpalekuaren hustea.Hartutako neurriek anabasa eragin dute, eta kalteberenek sufritu dituzte ondorioak: adingabeek. Operazio mediatiko bat egin du errefuxiatuak kanporatzeko, «arrazoi humanitarioen» aitzakia erabilita. Hondeamakinak hasiak dira errefuxiatuen bizitoki izan direnak suntsitzen, eta suteek erraustu dute zutik geratu diren bakanak. Ondorioz, aterperik gabe geratu dira ehunka pertsona, tartean adingabeak, eta kale gorrian lo egin behar izan dute.

«Ez dute denentzako nahikoa aterpe, eta ehun inguru haur kalean lo egitera derrigortu dituzte. Frantziako Gobernuko ordezkariek ez dute ezer esan. Manta batzuk banatu dituzte, eta gutxi batzuk [izena emateko] basean sartu dituzte», azaldu dio BERRIAri Caroline Gregoryk, Calais Action gobernuz kanpoko erakundeko kideak. Gogor kritikatu dute gobernuaren jarduna Calaisen lan egiten duten giza eskubideen elkarteek. Gregoryren hitzetan, «onartezina» da kanpalekua eraisteari ekitea haurrak artean barruan daudela.

Gurpil zoro batean harrapatuta daude kanpalekuan geratu direnak. «Ehunka pertsonari ez diete aukerarik eman zentro alternatibo horietara joateko: ezin dute izenik eman», adierazi du Gregoryk. Haatik, izena eman ez dutenak atxiki egingo dituzte. «Poliziak esan digu kanpalekuan geratzen den oro atxilotuko dutela». Zenbait atxiloketa egin dituzte dagoeneko. Help Refugee elkarteak sare sozialetan zabaldu duen bideo batean, Frantziako Polizia ikus daiteke lau gaztetxo atxilo eramaten.

Legez kanpoko tratua

Adingabeak jasotzeko Frantziako Gobernuaren prestaketa falta eta ganoragabekeria nabarmena izan da. MSF Mugarik Gabeko Medikuek alarma gorria piztu dute Twitterreko kontuan. «Adingabeen eta helduen arteko sailkapena itxuraren arabera egiten dute. Non dira hitzeman dituzten elkarrizketak?». MDMMunduko Medikuak erakundeak ohartarazi du legez kanpokoa dela elkarrizketa pertsonalik egin gabe adingabeak sailkatzea. «Heldutxoak direnak ez bidali, ez du merezi eta», esan dio polizia batek MDMko kide bati, erakundeak berak Twitterren zabaldu duenez. Halaber, haurrek sufritzen duten «estresaz eta nahasketaz» ohartarazi du. 300 haur zenbatu ditu erakundeak izena emateko ilaran, nora jo ez zekitela.

Kanpalekutik 500 bat metrora dago hangar zabal bat, eta errefuxiatuak Frantziako zentroetan sakabanatzeko base gisa erabili dute. Gune horretan eman dute izena errefuxiatuek, eta hortik atera dira behin-behinean ostatu hartuko duten zentroetarako autobusak.

Pas-de-Calais departamenduko prefeta da Fabienne Buccio. Haren hitzetan, 5.600 pertsona «aterpean» jarri dituzte, 1.200 adingabe barne. Baina kontuak ez dira ateratzen; azken asteetan askok Calaistik alde egin dute, baina 6.500-8.000 pertsona zeudela uste da. Bucciok ohartarazi duenez, ostatu alternatiboen eskaintzak erakartze efektua izan du, Calaistik kanpoko beste iheslarien etorrera bultzatu baitu. Atzo gauerako agindu zuen kanpalekua eta inguruak hustuko zituztela, nahiz eta aurretik ere esana zuen hori. Prefetak argitu du zentroetan ostatu hartu nahi duen orok horretarako aukera izango duela.

Bucciok esan duenez, Calais inguruetan ez dute beste kanpalekurik sortu. Giza eskubideen elkarteen arabera, luze gabe sortuko dira errefuxiatuen gune berriak. «Askok senideak dituzte Erresuma Batuan, eta hara iristeko bidea egingo dute. Inguruan geratuko dira. Ez dute etsiko», adierazi du Gregoryk. Horrez gain, ekintzaileak ohartarazi du Calais errefuxiatuen gunea izango dela ihes egiteko arrazoiek bere horretan iraun bitartean eta EBk ihes egin dutenak hartzeko plan oso bat adostu ezean.

Calais Action erakundearen arabera, funtzionarioek ez dute nahikoa informazio banatu, pertsona askok ez baitzuten gobernuak eskainitako ostatuen berri. Proposamena onartu dutenek ere ezer gutxi dakite beren etorkizunari buruz.«Asiloa eskatu bitartean Frantzian egon daitezke. Hortik aurrera, inork ez daki noiz arte geratuko diren».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.