AI Amnesty Internationalek, urtero argitaratzen duen txostenean, aurrenekoz ohartarazi du adimen artifizialaren «erabilera deskontrolatua» giza eskubideentzat «arriskutsua» dela. GKE gobernuz kanpoko erakunde horrek gaur eman du argitara 155 herrialdetan eskubideak eta askatasunak zer egoeratan dauden aztertzen duen dokumentua, eta iruditzen zaio teknologia horrek areagotu egin ditzakeela «arrazagatiko desberdintasunak», herritarrak «gehiago zelatatzea» ekar dezakeela, baita Interneten «gorroto diskurtsoak» handitzea ere.
Horregatik, AIk eskatu die gobernuei lege neurriak har ditzatela, «ahalik eta azkarrena», adimen artifizialaren erabilera arautu ahal izateko. EB Europako Batasunak, esaterako, joan den martxoan onartu zuen horri buruzko legedi aitzindari bat. GKE horren arabera, baina, ez da nahikoa izan. «Ez da aski kalteei aurre egin ahal izateko, eta, are, ekarpena egin diezaieke Poliziaren eta migrazio autoritateen zelatatze jardueren zabaltzeari eta legitimazioari». Ikerketan zehaztu du, hain zuzen, aurpegiak identifikatzeko sistemek eta teknologia biometrikoak eta algoritmikoak giza eskubideen urraketak eragiten dituztela. Pentsatzen du, bide batez, gobernuak halako tresnen bila ibiltzen direla «baztertuen» dauden taldeen kontra egiteko.
Txostena atzo aurkeztu zuten, Londresen —enbargatuta egon da gaur arte—, erakundearen egoitzan, eta Agnes Callamard zuzendari nagusiak azpimarratu zuen araututa ez dauden teknologiak «mehatxu bat» direla eta «zuzenbide estatuaren suntsipena azkartzen» dutela. Azaldu zuenez, «eragile politikoek» halakoak erabiltzen dituzte «gezurrak zabaltzeko, gutxiengoei eraso egiteko», eta herritarren artean «irabazkinak» lortzeko.
Eta, zuzenbide estatua aipatuta, nazioarteko zuzenbidea «kolapsorantz» hurbiltzen ari da gatazka armatuak areagotu ahala. AIren iritziz, mundua zuzenbide estaturik gabeko garai baterantz doa «gobernu boteretsuen» ekintzengatik, eta horrek «ondorio lazgarriak» eragingo ditu. Israel jarri du adibide gisa, nazioarteko zuzenbideari «arbuio nabarmena» egiten diolako. Baina Tel Aviven aliatuei ere belarrietatik tira egin die, Gazako «zibilen sarraski deskribaezina» eteteko neurriak ez hartzeagatik.
Alde horretatik, nazioarteko «instituzio multilateralei» ere kargu hartu die AIk, iruditzen baitzaio ez direla «gai izan» edo ez dutela «presio egin nahi izan» gatazkan dauden aldeak nazioarteko zuzenbidea errespetatzera behartzeko. Adibide bat jarri du, izen eta abizen. «Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseilua ez da gauza izan gatazka nagusietan neurriak hartzeko. Espero bezala, AEBek beren betorako eskubidea erabili zuten, hainbat aldiz, eragozteko Segurtasun Kontseiluak menia bat eskatzea Gazarako».
GKE horrek uste du Israelgo Gobernuak «barre» egiten diola nazioarteko zuzenbideari, eta azken hilabeteetan Gazan milaka zibil erail izanak erakusten duela zibilak eta giza eskubideak babesteko dauden instituzioek ez dutela beren funtzioa betetzen. Asteon, esaterako, 300 gorpu inguru topatu dituzte Khan Yunisko (Gaza) hobi komun batean, eta Volker Tuerk OHCHR Giza Eskubideen Nazio Batuen goi mandatariak ikerketa independente bat eskatu du zer gertatu den argitzeko.
Sudan, Etiopia eta Myanmar
Gazako setioa izan du ardatz AIk, baina, besteak beste, Ukrainan, Sudanen, Etiopian eta Myanmarren gertatzen ari denari ere erreparatu dio. Callamarden esanetan, herrialde horietako gatazka armatuek dakartzaten «giza eskubideen urraketa masiboen» eraginez «arriskuan» dago ordena globala, zeina arauetan oinarrituta dagoen. Eta azpimarratu du, bide batez, urraketa horiek «terrorismoaren eta segurtasunaren izenean» gertatzen ari direla.
Arrazagatiko diskriminazioak zeharkatzen ditu herrialde horietako gatazkak, baita Gazakoa ere, GKEaren txostenak jaso duenez. Kasu horretan ere errieta egin die Mendebaldeko herrialdeei. «Diskriminazioarena argi geratzen da AEBen eta Europako estatu askoren erretorikan eta ezarri dituzten politiketan. Ez dute berdin jokatzen batzuekin eta besteekin», salatu du dokumentuak.
Horrekin lotuta, gogorarazi du gobernu askok «zilegiak ez diren murrizketak» ezarri dizkietela palestinarrei elkartasuna adierazteko protestei. «Alemaniako, Frantziako, Austriako, Hungariako, Poloniako eta Suitzako gobernuek gisa horretako protestak debekatu zituzten joan den urtean, ordena publikoarentzako eta segurtasun nazionalarentzako zehaztu gabeko arriskuak argudiatuz».